Ahaide Nagusiak
Lurralde Historikoek bilakaera historikoa izan dutela sarri ahazten dugula ematen du. Gipuzkoaren osagaiak eta mugak aldakorrak izan dira denboran zehar. Eta Gipuzkoaren izaera juridikoa eta politikoa mamitu arte ere, gertakizun historiko asko jazo egin dira. Web gune hau 1300-1550 urteen bitartean kokatuko genuke. Hau da, Gipuzkoako antolakuntza probintziala gauzatu aurretik. Ahaide Nagusien garaia da.
Bi Bando
XIV. mendean zehar bi alderdi eratu eta gorpuztu ziren Euskal Herrian zehar, eta bereziki Gipuzkoan.

Bando Gerratea
Bi alderdi hauen garapenak, bizimoldeak eta irauteko bideak gerra egoera sortu zuten. Guda honen une gorena XIV. mendearen bukaera eta XV. mendearen hasieran izan zen.
Bandoen Amaiera
Hiribilduak oinarri hartuta, egitura politiko berria sortu zen Gipuzkoan. Gipuzkoako Probintziak Ahaide Nagusiak gainditu eta leinuak irentsi egin zituen.
Dorretxeak
Gizarte hartako aztarna material gutxi kontserbatu da. Dorretxeak leinuen sorburu eta ospearen erakusle ziren. Tamalez, egun ikus ditzakegun dorretxe gehienak ez dira Ahaide Nagusien egoitza izan.
Eresiak
Banderizoen gerrateak oihartzun handia izan omen zuen ahozko literaturan. Borrokaldiak, mendekuak, eta bestelako pasadizoak bertsoka eta koplaka kontatzen ziren.
Bibliografia
Adituen ekarpen berriak Deustuko Unibertsitatetik (E. Barrena, J.A. Marin, J.A.Achón) eta Euskal Herriko Unibertsitatetik (J.A. Fernández de Larrea, J.R. Diaz de Durana) etorri dira nagusiki.
Hauekin batera, Aranzadi Zientzi Elkarteak egin dituen hainbat indusketek (Igartza, Galartza,...) eta Gonzalez Cembellínek dorretxeei buruz plazaratutako hausnarketak ere datu berriak ekarri dituzte.
Index Ahaide Nagusiak Bi bando Bando Gerratea Bandoen Amaiera Dorretxeak Eresiak Bibliografia
Mapa


Bandoen ezaugarriak aipatzerakoan, gerra egiteko gaitasuna eta beharra azpimarratu dugu. Izan ere, orduko gizartetik jaso dugun irudirik nabarmenena “bandoen gerratea” da.

Bandoen gerratea XIV-XV. mendeetan euskal lurraldeetan gertatu ziren gizarte-liskartzat jo dezakegu. Gatazka luze honetan, leinuen arteko mendeku eta erronkak edo Ahaide Nagusien arteko lehiakortasuna ez ezik, bestelako osagaiak nahasten ziren.
Batetik, Ahaide Nagusien agintekeriak menpekoengan, eta menpekoak lortzeko saioetan, sortzen zuen bortxazko egoera.
Bestetik, Nagusien sistematik kanpo –baina aldamenean– kokatzen ziren hiribilduak hartu behar dira kontutan. Hiribilduak gobernatzen zituzten udalbatzek bi helburu agertzen zituzten.
  • Lehenengoa, Bandoetako hatzaparretatik at irautea, bere burua babesteko indarra erabiltzen zutela.
  • Bigarrena, inguruko jarduera bere onerako bideratzea, beharrezkoa izanez gero leinuen aurka lehiatuz.
Egoera hau gehiago korapilatzen zen hiribildu batzuetan, kanpoko bandoekiko harreman estuak zituzten alderdiak agertzen zirenean.

Azkenik, ezin dugu alboratu, garai berean eta Nafarroako Erresumaren kalterako, Gaztelako erregea bere agintea euskal lurraldeetan hedatzen ari zela.

Jaun-Andere Nagusiek aldarrikatzen zuten “balio gehiago izatea” (valer más) gerra honetan kolokan zegoela esan dezakegu, betiere horren atzean errenta eta menpeko gehiago izatea, batetik, eta bestetik, ohorea eta ausardia zeudela ulertzen baldin badugu.



Mapa


Web gune hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzaz eratu da. Eragin.comek diseinatu eta ekoiztu du Aranzadi Zientzi Elkartearentzat.