Aitzolen lana eta memoria omendu du Aranzadik ekitaldi batean Antzoki Zaharrean
Aranzadi
Osteguna, — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Bihar beteko dira 77 urte frankistek apaiz tolosarra Hernaniko hilerrian fusilatu zutela. Hark egindako lana gogora ekarri du Jaurlaritzako bozeramaileak. Joan den asteburuan Tarragonan beatifikatu zituztenekin alderatuz. Aranzadik omenaldia egin dio Donostian, eta dokumentala estreinatu du.
Joan den asteburuan Elizak beatifikatu zituen gizon eta emakumeak ekarri ditu gogora Erkorekak. 1936ko gerran ezkertiarrek hil zituzten, eta hargatik beatifikatu dituzte orain. “Gu ez gara inor, Aitzol beatifikatzeko”, adierazi du Erkorekak, “baina bagara nor mamoriari justizia egiteko”.
Fedea abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren “iturri” izan zen Aitzolentzat, Erkorekak adierazi zuenez. Asteburuko beatifikazioen aurka ez duela ezer nabarmendu du, baina Aitzol ere “modu basatian” torturatu eta hil zutela oroitarazi du. Eta abertzaletasuna “gorroto” zutenek hil zutela erantsi du.
19:30ean hasi da ekitaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean. Mikel Markez, Arkaitz Miner eta Eñaut Elorrieta musikariak eta Unai Elorriaga idazleak parte hartu dute, besteak beste. Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu du ekitaldia, eta Euskal pizkundearen heriotza dokumentala bertan estreinatu du.
Bihar beteko dira 77 urte frankistek Hernaniko hilerrian, Gipuzkoan, fusilatu zutela Aitzol. Juantxo Agirre Mauleon, Eider Conde eta Iñigo Egiak egin dute dokumentala, eta Aitzolen memoriari duintasuna eman nahi izan diote.
“Memoria historikoa zabaltzea eta gizon hark utzitako ereduaren bitartez kulturgintza eta giza eskubideen arteko lotura azpimarratzea eta gaurko euskal gizartearen geroa eraikitzeko oinarrizko balio hauek zabaltzea da helburua”, Aranzadi elkarteak adierazi duenez.
“Aktibista bat izan zen”
Dokumentalean hainbat lagun mintzatzen dira, tartean Aitzol atxilotu zuteneko lekuko baten alaba, Nena Pelletier. Ramon Labaien ere agertzen da. “Aitzol aktibista bat izan zen”, dio Labaienek dokumentalerako eskaini duen testigantzan, eta Aitzolen azken egunak kontatzen ditu. Ramonen aitak, Antonio Maria Labaienek, oso laguna zuen Aitzol.
Aitzol Azpiroz -Aitzol zenaen lehengusu baten biloba-, Iñaki Egaña eta Mikel Aizpuru historialariak, Lourdes Otaegi Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Jose Maria Setien gotzain emeritua, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi elkarteko idazkaria ere agertzen dira dokumentalean.
Francisco Etxeberria Aranzadiko presidenteak lore sorta bat eman dio Aitzol Azpirozi. Aranzadi elkarteak Juan Pardo ere omendu du; dokumentala egiten ari ziren bitartean hil zen Pardo. Aitzolen atxiloketa kontatu du ikus-entzunezkoan.