1960tik gaur egunera arte izandako giza eskubideen urraketak ikertuko ditu Aranzadik

Antropologia / Tokiko memoria historikoa

Ostirala, 2022eko azaroaren 18a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 4 minutu

Zestoako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak memoria historikoa berreskuratzeko bigarren akordioa sinatu dute. Hitzarmen horri esker, 60. hamarkadatik gaur egunera arte indarkeria mota desberdinek Zestoan eragindako giza eskubideen urraketak ikertu eta jasoko ditu elkarteak. Joan den ostiralean eman zuten akordioaren berri Mikel Arregi alkateak, Garikoitz Mendizabal EAJren udal bozeramaileak eta Javi Buces Aranzadiko ikertzaileak.

Legealdiaren hasieran sinatu zuten lehen hitzarmena Udalak eta Aranzadik, 1936ko gerra eta gerraostea Zestoan nola bizi izan zen ikertzeko helburuarekin. Lana bi fasetan egin dute dute. Lehenengoan Aranzadiko historialariek artxibo ezberdinak kontsultatu dituzte: tokikoak, militarrak, estatalak… Bigarren fasean, berriz, lan antropologikoa egin dute, testigantzak jasota. Testigantzak jasotzeko Oroimen Bulegoa jarri zuten martxan. Hitzarmenaren baitan bi hitzaldi ere antolatu zituzten. Pandemiak bete-betean harrapatu zuen ikerketa prozesua, eta Saseta defentsa sistemaren inguruko hitzaldia eta Oroimen Bulegoaren bulego egun bat egin gabe gelditu ziren. Pandemia pasata, lehenengo fasea itxiko dute azaroaren 30ean. Izan ere, egun horretan egingo dute Saseta defentsa sistemaren inguruko hitzaldia eta horrez gain Oroimen Bulegoa zabalik egongo da. Egindako ikerlan guztiarekin liburu bat argitaratuko du Udalak datozen hilabeteetan.

1960tik gaur egunera arte

Udalak eta Aranzadik sinatu duten akordio berriarekin 1960tik gaur egunera bitartean Zestoan gertatutakoa ikertuko du zientzia elkarteak. Mikel Arregi alkatearen arabera “beharrezkoa” eta “ezinbestekoa” da ikerlan hori egitea: “Biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea. Maila batean euskal gatazkaren ondorioak pairatzen ari gara oraindik. Ikerlan hau egitea ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta lan hori egiteko elkarterik egokiena Aranzadi dela uste dugu, ikuspegi neutral eta zientifikoa duelako”. Horrez gain, udalean dauden bi indar politikoak “ikuspegiak ikuspegi” baina “maila batean” adostasun batera iritsi direla aipatu zuen Arregik.

Garikoitz Mendizabalek esan zuen alderdi jeltzalea ikerketaren alde dagoela eta ezin dutela “beste alde batera begiratu”. Hala ere, proiektuaren berri izan zutenean “kezkatuta” agertu zirela aipatu zuen: “Iruditzen zaigu behar beharrezkoa dela egia, justizia eta erreparazioa nahi baditugu horrelako ikerketak egia. Ikerketa honen berri izan genuenean gure kezka agertu genuen, herri honetan, askotan, giza eskubideek urraketak egin dituena gero biktima ere bihurtu delako. Mailaketa hori ikusarazteko moduak kezkatzen gintuen baina horrek ez du inondik inora oztopatu nahi ikerketa hau. Gure aldetik argi berdea izan du proiektuak hasieratik eta uste dut hala behar duela herri honetan ordezkatuak gauden indar politikoen aldetik. Halaber, ikerketa amaitutakoan Ezker abertzaleak “erreparazioan lagunduko duen balorazio eta autokritika ausarta eta zehatza” egin beharko duela esan zuen Mendizabalek.

Memoria berreskuratzeko bidean

Zestoak “memoria osoa” berreskuratzeko konpromisoa hartu duela azaldu zuen Javi Buces Aranzadiko ikertzaileak. “Aranzadiren ikerketa historikoaren bidez gertatutakoa ezagutzen saiatuko gara. Egia jakingo dugu, hori da gure lana. Lan hori modu integral batean egingo dugu; hau da, biolentzia eta biktima mota guztiak ikertuko ditugu”. Aranzadik giza eskubide urraketa eta indarkeria guztiak modu integralean ikertzen dituela azaldu zuen Bucesek, eta horretarako metodologia zientifikoa erabiltzen dutela aipatu zuen. Haren arabera, horrelako ikerketak egiterako orduan polizia artxiborako sarbidea da elementurik zailenetako bat baina hala ere kasu guztien bukaeraraino iristeko ahal dutena egiten dutela azpimarratu zuen zuen.

Memoria berreskuratzeko ariketan herriaren laguntza “oso garrantzitsua” dela plazaratu zuen ikertzaileak: “Herritarrak, alderdi politikoak, kazetariak, aktore sozial guztiek lagundu behar dute. Urraketa batzuk erraztasunarekin dokumentatzen dira baina beste batzuk ez eta horregatik kolaborazioa oso garrantzitsua da denon laguntza”. Egia mahai gainean jartzea da elkartearen helburua eta horretarako “egiaren erradiografia” bat egingo du Aranzadik: “Egia mahai gainean izatea garrantzitsua da gero erabaki politikoak hartzeko. Gure lana egia hori mahai gainean jartzea da, handik aurrera zuen erabaki behar duzue gizarte bezala zer egin egia oso horrekin. Gu ez gaude printzipio etikoak finkatzeko, ez gara elkarte memorialista bat. Ez gaude justifikatzeko, identifikatzeko baizik”. Horrez gain, proiektu mota hauen balioa azpimarratu nahi izan zuen Bucesek, eta tokiko dinamikak “bizikidetzak sendotzeko” balio dutela azaldu zuen.

Testigantzak jasotzeko unea

Aranzadiko kideek ez dute Oroimen Bulegorik zabalduko bigarren ikerketa hau egiteko. Elkarteko kideek konfidentzialtasun bermatu nahi dute. Testigantzak jasotzeko modu desberdinak erabiltzen dituztela azpimarratu zuen Bucesek. Norberak bere esperientziak kontatzeko kamera aurrean jarri beharrik ez dagoela esan zuen, eta kontakizunak idatziz eta bestelako bide batzuetatik ere jasotzen dituztela nabarmendu zuen. Testigantza “orain ematea” oso garrantzitsua dela aipatu zuen ikertzaileak “lan hori orain egiten ez bada, etorkizunean ez delako existituko”.

Aranzadiko kideekin harremanetan hartzeko posta elektroniko bat jbuces@aranzadi.eus edota memoria@aranzadi.eus helbideetara edo deitu 699 80 91 30 telefono zenbakira.