75 urte hegaztiei Aranzadiko eraztunak jartzen

Ornitologia / Eraztuntze zientifikoa

Ostirala, 2024eko martxoaren 1a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 4 minutu

  • Aranzadi Zientzia Elkarteak urtean 150.000 eraztunketa kudeatzen ditu bere hegaztien eraztuntze bulegotik.
  • Estatu osoko 500 eraztunle baino gehiagok Aranzadiren eraztunak erabiltzen dituzte hegaztiak markatzeko.
  • Otsailaren 24an, Aranzadiko eraztunle batzuk Batzarrean bildu ziren 75. urteurrena antolatzeko.

Eraztunketa zientifikoa hegaztiak ikertzeko markaketa-teknika bat da. Horretarako, hegazti bizi baten hankan eraztun metaliko bat jartzen dute (gehienetan, aluminiozkoa edo altzairuzkoa). Hegazti-espezieei eta populazioei buruzko informazioa eskuratzeko tresna baliotsua da eta, horretan oinarrituta, ikerketako eta kontserbazioko programak garatzen dituzte.

Estatuko eraztuntze bulego zaharrenaren historia

Aranzadi Zientzia Elkartearen eraztuntze bulegoa 1949an eratu zuten Donostian. Ornitologiaren eta naturaren kontserbazioaren aldeko kide batzuek zuzendu zuten erabakia hegazti-faunaren migrazio-portaera ikertzeko eta hobeto ezagutzeko helburuarekin. Huraxe izan zen eraztunketa zientifikoan Estatuko talde aitzindaria; izan ere, teknika hura oraindik ez zen ezaguna Estatuan eta Europako iparraldeko herrialdeetako eraztun-jartzaileen talde batzuek bakarrik erabiltzen zuten.

Bulegoaren gaur egungo zuzendariak, Juan Arizagak, gogoratzen zuenez, “lehen urte haietan, eraztun metalikoak eskuz fabrikatzeko trokelatzeko makina bat erabiltzen zuten. Haietan, datu alfanumerikoak markatzen zituzten eta, gero, hegaztien NAN modukoa bihurtzen ziren horiek. Izan ere, berriro harrapatutakoan, hegaztiek egindako bidaiei, migrazioei, kontserbazio-egoerari eta abarrei buruzko informazioa ematen zuten”.

Trokelatzeko makina. Aranzadi

Eraztunak jartzeko Aranzadiren jarduera hasiera batean batez ere Euskadin egiten zuten arren, laster zabaldu zen eraztunen erabilera Espainia osoan zehar.

1954an, adibidez, Aranzadiko ornitologia-talde batek gaur egun Doñanako Parke Nazionala den tokira bidaiatu zuen 10.000 eraztuneko poltsa batekin. Haien helburua zen ahalik eta hegazti gehienei eraztuna jartzea. Bertan, 2000 koartza baino gehiagori eraztuna jartzea lortu zuten eta, bidez batez, bertako arduradunak eraztunketa zientifikoaren teknikan trebatu zituzten.

Doñanara joan zen Aranzadiko taldea. Aranzadi

Hala, Bulegoa Estatu osoan zehar hasi zen hegaztiei eraztuna jartzen eta, garai hartan, eraztunketa egiten zuen estazio bakar bihurtu zen, estatu mailan.

Doñanako kanpainak urtero egiten hasi ziren eta Aranzadiko hegaztizaleek gero eta aurrerapen zientifiko gehiago lortzen zituzten gure herrialdeko hegazti-faunaren azterketetan.

Mugarri esanguratsu batzuk lortu ziren Aranzadiren eraztunei esker, Juan Arizaga zuzendariak azaldu zuenez. “Aranzadiren eraztunei esker, Doñanan eraztuna jarritako koartzatxo txikiek beren migrazio-ibilbideetan Atlantikoa zeharkatzen zutela jakin genuen. Izan ere, hegazti haien eraztunak Brasiletik iritsi ziren eta, hala, lehen aldiz, espezie horren Ozeano Atlantikoaz bestaldeko mugimendua dokumentatu zen. Ozeanoz bestaldeko bidaia hark mugarria ekarri zuen ikerketa ornitologikoetan”.

Gaur egun, Bulegoak Estatuko geografia osoan banatutako 150.000 eraztunketa baino gehiago kudeatzen ditu urtero. Beste ornitologia-talde batzuk ere Aranzadi Zientzia Elkarteko eraztun-jartzaileek osatzen duten talde handiko kideak dira. Horietako batzuk dira hauek: Doñanako Estazio Biologikoa (EBD, gaztelaniaz) eta Balear Uharteetako Talde Ornitologikoa (GOB). Bestalde, Kataluniako Ornitologia (ICO) Institutua ere Aranzadiko bulego honetatik kudeatzen dute, nahiz eta eraztunetan bere erremite (posta-kodearen modukoa) propioa izan.

Eraztunak jartzeko Aranzadiren bulegoa EURING erakundeari atxikita dago, Estatuz gaindiko erakunde hau 1963an sortu zutenetik. Hain zuen ere, Euring da aitortza ofiziala duten eraztuna jartzeko Europako bulego guztiak biltzen dituen erakundea. Erakunde horren helburu nagusiak dira Europan hegaztien eraztunketa zientifikoko lanak koordinatzea eta bulegoen artean informazioa trukatzea. Horren bidez, herrialde hauetako bulegoetako lana bateratzen da: Alemania, Frantzia, Portugal, Italia, Suitza, Austria, Kroazia, Eslovenia, Letonia, Lituania, Danimarka, Suedia, Norvegia, Txekiar errepublika, Polonia, Holanda, Belgika eta Erresuma Batua.

Gaur egungo eraztunle batzuk Aranzadiko egoitzan. Aranzadi

  1. urteurrena ospatzeko ekintzak

500 eraztun-jartzailek baino gehiagok osatzen dute Estatu osoko eraztunketa-talde zaharrena. Otsailaren 24an, haietako batzuk bildu ziren Donostiako egoitzan 75. urteurrenarekin lotutako ekitaldiei hasiera emateko.

Urteurrena ospatzeko antolatutako jardueren artean, eraztuna jarritako hegaztiei buruzko nazioarteko argazki-lehiaketa antolatu dute.

Hegaztien argazki-lehiaketak kalitate tekniko eta estetiko handia duten argazkiak sarituko ditu. Hegazti basatienak, askatasunean behatutakoenak, izan beharko dute, eta banakako edozein identifikazio-marka (eraztuna -metalezkoa edo koloretakoa, edo urruneko distantziakoa, lepokoa, hegoko banda eta abar) edo telemetria bidez (GPSa, irrati-igorgailua eta abar) jarraipena egiteko edozein elementu eduki. Izan ere, marka horien bidez, hegaztiek jarraipena eta kontserbazioa oinarri dituzten historia kontatu beharko dute. Eraztunketa zientifikoaren funtsa erakutsiko duten hegaztiak izango dira argazkietakoak. Informazio gehiago hemen: https://www.ibrpc.eus/inicio.

Ate irekien eraztunketa

Maiatzaren 12an, Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, Aranzadiko hegaztien eraztunketa-estazio guztiek (Estatuan kokatuta daudenak), aldi berean, publiko orokorrari zuzendutako eraztunak jartzeko jardunaldiak antolatu dituzte.

Eraztunak jartzeko estazio horiek hainbat autonomia-erkidegotan daude: Madril, Andaluzia, Valentzia, Murtzia, Extremadura, Gaztela eta Leon, Balear Uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa.

Urteurreneko jarduera horiei guztiei amaiera bikaina emateko, azaroan omenaldia eta oroitzapena bilduko dituen ekitaldia egingo da. Bertan, gure lana babesten duten administrazio publiko ugarietako goi-kargudunek hartuko dute parte.