Aranzadik K.o. I. mendeko baskoien aldare bat aurkitu du Larunben
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Larunbata, 2024eko ekainaren 15a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 5 minutu
(Larunbeko Kontzejua, 2024ko ekainaren 15a). Diziplina anitzeko talde batek, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek koordinatua eta Euskal Herriko Unibertsitateko, Bartzelonako Unibertsitateko, Burgosko Unibertsitateko eta Université de Pau et des Pays de l’Adourreko ikertzaileek parte hartzearekin, erromatarren garaiko aldarea bat aurkitu dute zuten , K.o. I. mendekoa. Pieza hau apartekoa da bere inskripzioagatik baita berreskuratu zen posizioagatik ere, izan ere Valeria Vitella deituriko emakume batek Larrahe jainko baskoiari eskaintza jasotzen du, latinez idatzita.
Aranzadi Zientzia Elkarteak 2010etik aurrera eta auzolanean arkeologia-talde bat koordinatzen du, Larunbeko 50 boluntario baino gehiagorekin batera, Doneztebeko Erdi Aroko monasterioaren (XI. mendea) aztarnak azaleratu eta kontsolidatzeko. Monasterioa Arriaundi mendiaren gailurrean dago (942m).
Aztarna erromatarren gainean eraikitako Erdi Aroko monastegia
Arriaundi kultuarekin lotutako gune baten bilakaera ezagutzeko aztarnategi bikaina da, hainbat fase biltzen baititu bere baitan: erromatar garaian, Antzinaro Berantiarrean zein ia Erdi Aro osoan zehar jarraitu eta Aro Modernora iristen baita. Gainera, kokalekuaren ezaugarriek, hego-ekialdeko eremutik erraz defenda daitekeen eta menderaezina den muinoa izateak zein Iruñerrira sartzeko bide nagusietako baten kontrol bisualak, erlijio gune eta leku erakargarri bihurtu zuten hainbat garaitan.
Iruñeko Erresumaren politiken testuinguruan, XI. mendearen amaieran, Donezteberi eskainitako monasterio bat eraikitzea agindu zen, aztarnategiaren erdigunea zehazten duena, eta hari dagozkio gaur egun arte kontserbatu diren eraikuntza aztarna garrantzitsu gehienak. Larunbeko bizilagunen boluntariotza-lanari eta Aranzadiko koordinazio arkeologikoari esker, monasterio horren aztarnak aurkitu eta kontsolidatu ziren, ordura arte ezezagunak zirenak, hiru absideko burualdea duen jatorrizko oinplanoa azaleratuz.
Erdi Aroko monasterioaren aireko irudia eta 3D berreraikitzea.
Baina ezusteko pieza bat zegoen lurraren azpian. 2022ko kanpaina arkeologikoan, monasterioa eraiki baino 1000 urte lehenagoko pieza bat berreskuratu zen: K.o. I. mendeko aldare bat, latinez idatzia eta jainko edo jainkosa baskoi bati eskainia. Pieza hau ez da bere jatorrizko kokalekuan aurkitu: zutik egoteko, behatzeko eta irakurtzeko moduan diseinatutako aldarea baita. Aldiz, monasterioari atxikita dagoen Erdi Aroko putzuaren hondoan zegoen, inskripzioaren aldea beherantz jarrita. Ez dakigu leku horretan nahita jarri edo bota zuten.
Arriaundiko aztarnategian erromatarren garaiko material arkeologikoak, hala nola zeramikazko zatiak, sandalien tatxetak eta txanponak,
dokumentatu ahal izan diren arren, aldarearen aurkikuntzak aurrerapen nabarmenak ekarri ditu baskoien sinesmenei, Larrahe jainkoaren gurtza-eremuari eta mundu erromatarraren eta baskoiaren arteko sinkretismoari dagokienez.
Larunbeko aldarea, Valeriak Larraheri egindako esker oneko eskaintza
Hispanian, aldareetan jasotako testu gehienak latinez idatzita daude, eta gurtzen den jainko edo jainkosaren izena eta dedikazioa egiten duen pertsonaren izena agertu ohi dira.
Aldare erromatarrak harrizkoak izaten dira. Erdialdean gorputza dute, eta hor idazten da eskaintza. Oinarria eta goikaldea gorputzetik irteten dira, eta goiko partean focus izeneko zulo txiki bat duen koroa izan ohi dute. Focus horretan egiten ziren sakrifizioak, hau da, ardoa botatzen zen edo barruan intsentsu motaren bat erretzen zen eskaintza gisa.
Larunbeko aldarearen kasuan, Valeria Vitella izeneko emakume batek Larrahe izeneko jainko edo jainkosa baskoiari emandako boto bat betetzen dela adierazten da.
Jainko edo jainkosa honen izena Arga ibaiaren arroan eta Gesalatz ibaiaren ibaiadarrean dauden baskoien lurraldean kokatutako beste hiru aldaretan soilik aurkitu da: Muruzabal Andionen (Mendigorria, antzinako Andelo), Iruxon eta Errezun. Larunbekoa ezohikoa da, iparralderen eta altitude handienean agertu den pieza baita, eta esku-hartze arkeologikoaren testuinguruan berreskuratu den bakarra. Horrek orain arte jainkotasun horrentzat ezaguna zen gurtze-eremua handitu egiten du.
Beraz, Larrahe jainko baskoia da, teonimoaren azken zati bat baitu, -he atzizkia, datibo baskonikoaren forma duena, hau da, norentzat galderari erantzuten diona: Larra jainkoarentzat. Izen baskonikoa, gaur egungo euskararekin duen loturarekin, larrekin edo laborantza-lurraldearekin zerikusia duen jainko edo jainkosa gisa interpretatzera garamatza.
Aurkikuntzaren garrantzia hizkuntza baskoierarako
Larunbeko aldarea iparralderen zabaltzen den baskoierazko jainko izen eta idatzizko lekukotasuna da, eta ondorioz, orain arte ezagutzen zen lurralde-dimentsioa hareagotzen du. Agertzen den lekua baskoien lurraldearen mugen barruan dago, eta bertako bizilagunak, seguruenik, barduluak izango lirateke. Aldarearen lekukotasunak lurralde hori pixka bat gehiago mugatzen digu eta K.o. I. mendearen amaieran jainko eta jainkosa baskoien gurtzeko gunea adierazten digu. Ondorioz, aldare hau baskoieraren eta euskararen jatorrian eta bilakaeran sakontzen laguntzen duen beste lekukotasun bat da.
Larunbeko aldarearen aurkezpen ekitaldia
Aldarea ekitaldi instituzional batean aurkeztu da Larunbeko San Bizente elizan, eta bertan izan dira Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria; Ana Ollo, Bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria; Floria Pistono, Itzako alkatea; Jokin Otamendi, Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakaria, Juantxo Agirre, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari Nagusia eta Larunbeko aztarnategiko arkeologo zuzendaria; eta Javier Velaza, Bartzelonako Unibertsitateko Epigrafia Latindarreko katedraduna.
Ekitaldian gainera Larunbeko aldareari eta Arriaundiko aztarnategiari buruzko bi monografia, aurkikuntzari buruzko erreportaje dokumental bat eta Iker Uribe muralistak Larraheri eskainitako mural bat aurkeztu dira.
Ekitaldi honen bidez, Aranzadik irailaren erdialdera arte luzatuko den Nafarroako indusketa arkeologikoen denboraldiari hasiera ematen dio. Testuinguru horretan, eta baskoien epigrafiaren beste funtsezko pieza batekin lotuta, Irulegiko Eskuarekin hain zuzen ere, Aranzadik bisita gidatuak eskaintzen ditu Irulegiko aztarnategira, baskoien bihotzean dagoen herrixka hori ezagutu nahi duten herritar guztientzat.