Ataunek eta Aranzadik frankismoaren oroimena ikertuko dute elkarrekin

Antropologia / Tokiko memoria historikoa

Asteazkena, 2025eko urriaren 15a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Proiektuak 1936 eta 1978 bitartean herrian gertatutako giza eskubideen urraketak dokumentatu eta berreskuratu nahi ditu.

Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak akordio berria sinatu dute frankismoaren garaian herrian bizi izan zen errepresioaren eta giza eskubideen urraketen inguruko ikerketa historikoa sendotzeko. Bi erakundeek lankidetza-hitzarmenaren xehetasunak azaltzeko, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo, eta bertan izan ziren Maider Irastortza (Euskara eta Kultura zinegotzia) eta Javier Buces (Aranzadiko memoria historikoaren arduraduna). Ekitaldian ere parte hartu zuten Martin Aramendi alkateak eta Kontxi Sukiak.

Irastortzak nabarmendu zuen azken urteetan hainbat herritar eta talde aritu direla Ataungo oroimen historikoa lantzen, Udalaren laguntzaz. Orain, Aranzadirekin sinatutako hitzarmenak urrats berria ekarriko du, egindako lana egituratzeko eta 1978ra arteko gertakizunak sakonago aztertzeko. «Iraganari buruzko ikuspegi osoago bat eraiki nahi dugu, dokumentazio fidagarrian eta lekukotasunetan oinarrituta», adierazi zuen zinegotziak.

Bi urteko iraupena izango du proiektuak, eta jada hasita daude lehen urratsak. Datorren astean zabalduko dute Oroimen Bulegoa, udaletxean bertan. Haren bidez, herritarrek euren testigantzak, argazkiak edo datuak partekatu ahal izango dituzte, edota proiektuari buruzko informazio gehiago jaso. «Ataungo historia herritarrek osatzen dute, eta haien ekarpenak ezinbestekoak izango dira», gaineratu zuen Irastortzak.

Aranzadiko ikertzailea den Javier Bucesen arabera, lanaren xedea da frankismoaren urteetan Ataunen izandako errepresio kasuak identifikatzea eta dokumentatzea. «Badakigu tropa frankistak noiz iritsi ziren, baina oraindik ez dugu osorik ezagutzen norbanakoek jasan zuten errealitatea. Hori da osatu nahi dugun hutsunea», azaldu zuen. Ikerketak Gerra Zibila eta trantsizioaren lehen urteak bilduko ditu, artxibo publiko zein pribatuetan oinarrituta, eta baita familiako ondorengoen lekukotzak ere.

Proiektuaren barruan, emakumeen bizipenak bereziki landuko dituzte, haien ahotsak historian duten presentzia eskasa konpontzeko asmoz. «Emakumeek ere sufritu zuten errepresioa eta bazterketa, baina sarritan isilarazi egin da hori; orain garaia da haien esperientziak agerian jartzeko», azaldu zuen Bucesek.

Ikerketa amaitutakoan, jasotako datuak eta testigantzak webgune batean argitaratuko dira, herritar guztien eskura egon daitezen. Herritarrek nahi izanez gero, oroimen bulegoan egin ditzakete beren ekarpenak (bulegoaren ordutegia oraindik zehazteke dago), edo memoria@aranzadi.eus helbidera idatzi edota 943 46 61 42 zenbakira deitu.