Caceresko Aldundiak desobiraketa berriak bultzatuko ditu Caceres eta Conquista de la Sierrako hilerrietan; 300 gorpu baino gehiago daudela kalkulatzen da

Antropologia / desobiratzeak

Asteartea, 2026eko maiatzaren 26a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Aldundiak hitzarmena sinatu du Aranzadirekin eta AMECECArekin memoria demokratikoaren lanekin jarraitzeko, "zauriak ixteko eta edozein pertsonak merezi duen ehorzketa eman ahal izateko"

“300 pertsona baino gehiago izan daitezke, modu ezberdinean pentsatze hutsagatik fusilatu eta eraildako 300 pertsonaren gorpuak, eta horien aldez amaierara arte jarraituko dugu, dena argitu eta familiek merezi duten ehorzketa eman ahal dieten arte, Terría Meategian egin genuen bezala, Paloma Meategian egiten ari garen bezala”. Kasu honetan, Caceresko Aldundiko presidente Miguel Ángel Morales Sánchezek Caceres eta Conquista de la Sierrako hilerrietako hobi komunei egiten zien erreferentzia, non Aldundiak hobi-erauzketa berriak bultzatuko dituen.

Adierazpen horiek astearte honetan egin ditu Aldundiko presidenteak, memoria demokratikoko jarduera berriak garatzeko hitzarmenaren aurkezpenean eta sinatzean. Hitzarmena Aranzadi Zientzia Elkartearekin —María Fortunak ordezkari gisa— eta Caceresko Hilerriko Memorialaren Elkartearekin (AMECECA) —María Jesús Criado presidentearekin— sinatu da.

Akordioak Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzaren 100.000 euroko finantzaketa du, eta horri esker, aipatutako hilerrietan errepresio frankistaren biktimak ikertzeko, lokalizatzeko eta exhumatzeko lanei ekin ahal izango zaie.

Lanak Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzenduko ditu, memoria demokratikoari lotutako exhumazioetan eta azterketa forentseetan aditua den erakundeak. Aurreikusitako jardueren artean daude ikerketa historiko eta dokumentalak, prospekzio arkeologikoak, exhumazioak, azterketa antropologikoak eta proba genetikoak, berreskuratutako gorpuzkiak identifikatzen saiatzeko.

Caceresko hilerriaren kasuan, kalkuluen arabera, gaur egun memoriala dagoen eremuan 300 pertsona ingururen gorpuzkiak egon litezke. Conquista de la Sierran, berriz, 15 gorpu inguru aurki litezkeela uste da.

Aranzadiren izenean, María Fortunak azaldu du lan horiek urtebete eta erdi edo bi urteko epean egitea aurreikusten dela. Lehenengo fase batean, hobiak izendatutako eremuan lokalizatuko dira, “horrek exhumazio eta azterketa antropologikoaren egutegi bat ezartzeko aukera emango digu; eta pertsonak berreskuratzera edo exhumatzera bideratutako landa-lanak gorpuzkien azterketa antropologiko forentsearekin batera egingo dira”. Gainera, gaineratu duenez, “senideen lagin genetikoak hartzea aurreikusiko da”, bigarren fase batean azterketa genetiko horiei ekiteko.

Fortunak aurreratu duenez, lanak uztailean hastea aurreikusten da Conquista de la Sierran, eta irailean Caceresen. Horretarako, Extremadurako Junta eta tokiko gobernuen baimena lortu behar dute.

Bere aldetik, AMECECAk familiekiko harreman eta laguntza lanetan lagunduko du, eta memoria demokratikoarekin lotutako zabalkunde eta gizarte-sentsibilizazioko jardueretan parte hartuko du.

AMECECAko presidenteak adierazi du Caceresko hilerriko hobia “Extremaduran dagoen hobirik handienetako bat” izan daitekeela, “300 gorpu ingururekin”. Memorialean, zehaztu duenez, “ia 700 pertsona ditugu datatuta. Horietatik 530 baino gehiago fusilatu zituzten; batzuen gorpuzkiak non dauden ez dakigu, baina beste batzuenak hilerriko hobian daudela badakigu”. Horiei kartzelan hil ziren 150 bat pertsona gehitu beharko litzaizkieke. “Guzti honengatik —berretsi du— gaurko eguna oso garrantzitsua da AMECECArentzat, Caceres hirian jasan zen errepresioa ezagutarazteko zabalkunde eta pedagogia lan bat egitera eramanen gaituen prozesu bati hasiera ematen baitzaio”.

Moralesek probintzian Aranzadi zein AMECECA egiten ari diren “lan serio eta konprometitua” nabarmendu nahi izan du, baita “gure historia ulertzeko eta balio demokratikoak indartzeko memoria babestearen” garrantzia ere.

“Seguruenik —azpimarratu du— 100.000 eurorekin ez da denera iritsiko, baina aldundiaren eta Espainiako Gobernuko Estatu Idazkaritzaren konpromisoa jarraitzea da, jarraitzea modu bidegabean eta ezberdin pentsatze hutsagatik hil ziren pertsona horiei merezi duten ehorzketa emateko gai garen arte”. Horrela, amaitu duenez, hitzarmen honek esan nahi du “hamarkadak daramatzaten pertsona askori erantzuna ematen jarraitzea, euren senideekin zer gertatu zen jakiteko zain daudenei, eta zauriak duintasunetik eta errespetutik itxi ahal izateko”.