Gudari baten hezurrak hobitik atera dituzte Saibin (Abadiño), 2024 osoan jarraituko duen kanpaina hasieran
Igandea, 2024eko otsailaren 4a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
"Armada kolpistaren aurrean askatasunaren alde bizia eman zutenen sakrifizioa" goraipatu du Eusko Jaurlaritzak, eta omenaldirik onena gorpuak aurkitzea, identifikatzea eta familiei itzultzea dela adierazi du.
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak gudari baten gorpuzkiak atera dituzte gaur lurpetik Abadiñon, Urkiolako Parke Naturalean dagoen Saibigain edo Saibi mendian (954 m). Parke natural babestua denez, kosta egin da prospekzioak egiteko baimena lortzea, baina arazo burokratikoak konpondu ondoren, lehen arrastoak berreskuratu dira. Bilaketa taldeek lanean jarraituko dute 2024 osoan.
Zehazki, hanka bateko bi hezur aurkitu eta berreskuratu dituzte. Femur bakarra litzateke, bitan hautsia, baina analisi antropologikoek egiaztatu beharko dute hori. Aurkikuntza Saibi mendiaren tontorretik gertu egin da, zoruaren gainazaleko geruzan, pista batetik gertu. Hezur horiez gain, Euskal Prospekzio Taldeak egindako miaketa-kanpainan, metraila-hondarrak, munizioa eta objektu pertsonalak ere aurkitu dira, hala nola hebillak eta gudarien janzkeraren parte ziren metal zatiak.
Gorpuzkiak Nerea Argiñe Atutxa Urkiriren osaba Patxirenak izan daitezke, inguru horretan desagertu baitzen borrokan. Hala, Atutxa bertan izan da desagertutako beste gudari batzuen senideekin batera, eta tontorretik hitz egin du Euskadi Irratirako. Familiaren ametsa osaba aurkitu eta bere anai-arrebekin eta gurasoekin hilobiratzea litzateela esan du.
Gogora Institutuak 11 desagerturen senideekin du harremana, gorpuzkiak identifikatzea ahalbidetzeko. 1937ko apirilaren 6a eta 15a bitartean, Saibigain edo Saibi mendia kontrolatzeko asmoz borroka gogorrak izan zirela jasotzen dute Gerra Zibilari buruzko agiri eta testigantzek. Borroken ostean, lekua hilotzez josita geratu zen, eta horregatik jarri zioten "odolaren mendia" izengoitia.
Nerea Melgosa: "Beren bizitza eman zutenen balio berberekin konprometituta gaude: askatasuna, demokrazia, justizia soziala eta giza eskubideak"
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren alde bizia eman zuten gudarien sakrifizioaz" hitz egin du gaurko ekitaldian. "1937ko apirilaren 14a eta Saibigaineko bataila Euzkadiko Gudarostearen borrokaren data heroikoenetako bat dira, zorretan gaude belaunaldi harekin, zor hori kitatu nahi dugu, ahal dugu eta behar dugu", esan du.
Horretarako, gorpuzki horiek bilatu, aurkitu, lurpetik atera eta identifikatu behar direla esan du Melgosak. Beharrezkoa da, sailburuaren ustez, gudari haiek omentzea, "haien lekukoa jasoz, eta gu ere konprometituz 2024an hemen, Saibigainen, balio horiekin: askatasuna, demokrazia, justizia soziala eta giza eskubideak".
Euskal Prospekzio Taldeak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Gogora Institutuak egindako lana eskertu eta aitortu ondoren, Nerea Melgosak iragarri du inguru horretako lanak 2024 osoan zehar egingo direla, Urkiolako Parke Naturaleko inguru horietan miaketak egiteko baimenak eskuratu eta gero. Sailburuarekin batera, ekitaldian izan dira, besteak beste, Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gorka Urtaran Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken foru diputatua.
Gogoraren Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren barruan, azken 20 urtean Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren 296 biktima berreskuratu eta 50 identifikatu dituzte. Gogorak Aranzadi Zientzia Elkartearen bidez egiten ditu gorpuzkiak hobitik ateratzeko eta auzitegi-antropologiako lanak, eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren bidez, DNA laginak kontrastatuz, genetikoki identifikatzekoak.