Hegaztien migrazioa Euskadin: Ikerketa eta atlasaren aurkezpena

Ornitologia / Eraztuntze zientifikoa

Asteartea, 2025eko maiatzaren 6a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 4 minutu

Urtero, mundu osoko milioika hegaztik uzten dituzte haien ugalketako eremuak neguari aurre egin ahal izateko. Hegazti migratzaileek milaka kilometro egin ditzakete eta animalien bizitzarekin lotutako fenomeno berezienetako bat gertatzen da.

Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu maiatzaren 10ean, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak orain arte argitaratu den Euskadiko Hegazti Migratzaileen Atlas bakarra aurkeztu du. Bestalde, Euskadiko Hegaztien Migrazioa izeneko dibulgazio-txostena, fenomeno horri buruz Parketxeen sarean egingo diren dibulgazioko hitzaldiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiei zuzendutako material didaktikoa ere prestatu dira. Jarduera guztiak maiatzaren 6an aurkeztu zituzten Aranzadi Zientzia Elkarteko egoitzan.

Euskadi, ezinbesteko tokia Europako hegaztien migrazioan

Aurkezpen-ekitaldi hartan, Aranzadiko Ornitologia saileko zuzendariak, Juan Arizagak, gure autonomia-erkidegoak hegaztien migrazioan duen garrantzi estrategikoa azaldu zuen. Izan ere, “Euskadi, eskualde txikia izan arren, mendebaldeko Europan hegaztien migraziorako ezinbesteko tokian dago bere kokapen geografiko berezia dela eta. Izan ere, inbutu-efektua dela eta, mendebaldeko Pirinioen eta Kantauri itsasoaren arteko migrazio-fluxua kanalizatzen den tokian dago”. Mendebaldeko Europaren iparraldearen eta hegoaldearen artean, hegaztien fluxurako ezinbesteko puntuan dago Euskadi eta, horrenbestez, kontinente osoko eskualde garrantzitsuenetako bat da bertatik hegazti kopuru handia igarotzen delako eta negua igarotzeko edo umatzeko eremuetara iristeko bidean lurraldean geldialdia egiteko aukeratzen duten tokia delako.

Ikerketa-lan honen aurkezpen-ekitaldian, gainera, Eusko Jaurlaritzako eta hiru aldundietako ordezkari politikoak ere izan ziren.

Josu Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak, azpimarratu duenez, "hegazti migratzaileak ingurumen-presioekiko sentikorrak diren espezieak dira, eta haien populazioen dinamika eta joerak ingurumenaren osasunaren adierazle garrantzitsuak dira, Euskadin bultzatutako ingurumen-politiken aurrerapena neurtzen lagunduz. Europan gure naturguneen kontserbazioan eta mantentzean gehien inbertitzen dugun lurraldeetako bat gara, gure espazioen ia % 25 Natura 2000 Sareak babestutako eremuak direla jakinda. Ildo horretan, Aranzadi Zientzia Elkartearen lana funtsezkoa da gure ingurune naturala gehiago ezagutzen laguntzeko eta gure ekosistemak eta biodibertsitatea babesteko politika eta inbertsio publikoak zehaztasun handiagoz zuzendu ahal izateko".

Igarobideko herrialdeak, ezinbesteko elementuak espezieen kontserbaziorako

Iberiar penintsula kokatuta dagoen hego-mendebaldeko Paleartikoa da migrazio-hegaztientzako munduko eskualde garrantzitsuenetako bat. Izan ere, espezie askotako milioika hegazti ibiltzen da eremu horretan Europako umatze eremuetatik penintsulako, Magrebeko edo Saharaz hegoaldeko Afrikako negu-pasarako eremuetaraino egiten duten bidaian. Hori guztia dela eta, igarobideko herrialdeak ezinbesteko elementuak dira espezie migratzaileen babes eta kontserbaziorako. Herrialde horiek erantzukizun handia dute hegazti horien biziraupena ahalbidetzen duten habitaten eta espazioen kontserbazioaren esparruan bete behar duten zereginari dagokionez.

Euskadiko hiru aldundietako arduradunak aurkezpenean izan ziren, eta natura-ingurunea behar bezala kudeatzeko oinarri eta lagungarri diren zientzia- eta dibulgazio-proiektu horiek babestearen garrantzi estrategikoa azaldu zuten. Koldobike Olabide, mendietako eta natura-ondareko zuzendaria; Alex Peláez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendaria eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaria, Maria José Madeira.

100 urte baino gehiagoko historia duten datu zientifikoak

Hegaztien eraztunketa zientifikoa funtsezkoa izan da lan hau egin ahal izateko. Maite Lasok, Aranzadik ornitologoak eta proiektuaren arduradunak, hegazti migratzaileen atlasa eta dibulgazio-txostena prestatzeko laneko metodologia azaldu zuen.

“Liburuaren ondorioetara iristeko erabili ditugun datuak eraztunketa-bulegotik lortutakoak dira batez ere. Ez dago horrenbeste urteko historia duen Hegaztiei Eraztuna Jartzeko ia beste bulegorik eta, horrenbestez, horrenbeste informazio duenik. Gure bulegoak 75 urteko historia du eta datu zientifiko eta fidagarrien banku sendoa eskaintzen digu. Argitalpen hau prestatzeko erabilgarri dugun datu zaharrena XX. mendearen hasierakoa da: 1914ko uztailean Ingalaterran eraztuna jarri zioten eta azaroan Euskadin berreskuratu zuten oilagor bati buruzkoa da”.

Hegazti Migratzaileen Atlasak gure lurraldea zeharkatzen duten hegaztien berreskuratzeei esker jasotako 100 urteko datu zientifikoak jasotzen ditu. Gainera, gure zeruetan hegan ibiltzen diren 152 espezie horietarako, datuen azterketa zehatza egin da eta mapak eta grafikoak jasotzen ditu, besteak beste.

Bestalde, txostenak publiko guztientzako informazio zientifikoa jasotzen du modu dibulgatiboan.

Hitzaldiak Parketxeen sarean eta material didaktikoa

Proiektuaren beste helburuetako bat da ornitologia eta hegaztien migrazioak duen garrantzia herritarrei gerturatzea. Horretarako, taldeak material didaktikoa diseinatu du eta jarraian ikastetxeei bidaliko zaie. Gainera, publiko guztiei zuzendutako hitzaldiak antolatu dituzte egun hauetan:

  • Urkiolako Parketxea, Bizkaia: martxoak 30
  • Arditurriko Parketxea, Gipuzkoa: apirilak 13
  • Gorbeiako Parketxea, Bizkaia: maiatzak 18
  • Iturrarangko Parketxea, Gipuzkoa: maiatzak 25
  • Gorbeiako Parketxea, Araba: ekainak 1
  • Izkiko Parketxea, Araba: ekainak 8

Udazkenera begira, Eusko Jaurlaritzaren baitako Ekoetxeek proiektu honekin lotutako jarduerak eta solasaldiak antolatuko dituzte.

Informazio guztia www.aranzadi-ornito.eus webgunean deskargatu ahal izango da.

Mezenasgoa

Enpresen eta erakundeen laguntzari esker, gure gizarteari eta natura-inguruneari aurrera eginarazten dioten proiektuetan lanean jarraitzeko aukera dugu.

Bere babesa eman diguten erakundeak:

Informazio gehiago