Oroimena eta arkeologia, Lourdes Herrastiren eskutik

3
maiatza
Ostirala

Ordua

19:00

Tokia

Oiasso Museoa (Irun)

Salneurria

Doan

"Emakume arkeologoak Gipuzkoan" erakusketaren inguruan antolatutako jarduera-programaren barruan aurkeztuko da hitzaldi hau. Erakusketa maiatzaren 31ra arte egongo da Oiasso museoan ikusgai. LOURDES HERRASTI bezalako emakumeek lurraldeko ikerketa arkeologikoetan egindako lanari balioa ematen dion erakusketa.

Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak "Oroimena eta Arkeologia-Memoria eta Arkeologia" hitzaldia emango du maiatzaren 3an, 19:00etan, Oiasso museoan, Emakume arkeologoak Gipuzkoan erakusketaren barruan.

Lourdes Herrasti Erlogorri doktorea osteoarkeologian aditua da, eta 30 urte baino gehiago daramatza Aranzadi Zientzia Elkartean lanean. Antropologia Saileko zuzendaria da gaur egun.

Aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuetan parte hartu du, hala nola, Portam Latinam-eko (Araba) San Juan aztarnategi neolitikoan eta Gerra Zibileko hobien deshobiratzean, zorroztasun zientifikoa eta gizatasuna uztartuz. Herrastik antropologia fisikoaren arloan lan egin du aztarnategi arkeologikoetan aurkitutako aztarnen azterketa antropologikoak eginez, eta Antropologia Fisikoaren Saila bultzatu zuen, hainbat lan-ildo abian jarriz.

Gaur egun, Aranzadi Zientzia Elkarteak modu erregularrean esku hartzen du hobi komunak lurpetik ateratzeko prozesuetan, eta aurkitutako gorpuzkiak aztertzen ditu Memoria Historikoaren hainbat elkarterekin lankidetzan.

Lourdes Herrastik egindako lanaren zati garrantzitsu bat da dibulgazioa. Horregatik, informazio-hitzaldietan parte hartzen du eskoletan, argitalpenak egiten ditu, eta datu-base ireki bat sortu du, gorpuak hobietatik ateratzean sortutako informazio guztia islatzeko.