1938an fusilatu zuten Pedro Asua Zubiaur galdakoztarraren gorpuzkiak izan litezkeenak aurkitu ditu Aranzadik Jakan

Antropologia / desobiratzeak, Gerra Zibila

Astelehena, 2022eko urriaren 17a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 4 minutu

Joan den ostegunetik Asuaren arrastoen bila aritu dira Jakan Aranzadi, Galdakaoko Udala eta Asuaren senideak. Josu Larrea senideak berak egindako ikerketek, Jakako Circulo Republicanoko hainbat kideren lanek, Jakako lurperatzaile izandakoen datu bilketek eta Galdakako Udalak kontratatutako Ander Aperribai historialariak egindako lanek ondorioztatu zuten Asua Jakako hilerriko hobi komun batean lurperatuta zegoela. Hilerriko erregistroko datuei tiraka, galdakoztarraren gorpuzkiak non zeuden ondorioztatu zuten lan horiek, eta, familiak hala eskatuta, desobiratzeko ahaleginean hasi zen Udala, Iñigo Hernando alkatea buruan jarrita. 2021eko abenduaren 10ean asmo horrekin joan ziren Jakara alkatea bera, Ander Aperribai historialaria, Josu Larrea senidea eta Kepa Lizarraga Galdakao Gogorako ordezkaria. Juan Manuel Ramon Jacako alkatearekin batu ziren guztiak, ondoren gobernuko beste hainbat zinegotzirekin ere egon ziren eta Asuaren gorpuzkiak dauden lekua ikusi zuten. Jakako alkatearen baimena lortu zen orduan, Aragoiko Gobernuarena ere bai ostean, eta lanekin jarraitu zen.

Lanek eman dute fruitua eta gorpuzkien bila joan dira orain sustatzaileak. Aranzadiko lan talde bat aritu desobiratze lanetan Lourdes Herrastiren zuzendaritzapean. Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea eta Ander Aperribai historialaria haiekin lanean izan dira eta Josu Larrea eta bere familia ere aritu dira laguntzen. Juan Manuel Ramon Jakako alkatea aurkikuntza ikustera joan da eta Laura Climente zinegotziak aktiboki parte hartu du egunero lanetan. Gogora Institutuak ere bidali du ordezkaritza: Ruth Cancelo bertaratu da.Gainera, Jakako Circulo Republicanoko hainbat kide etengabe egon dira lanetan laguntzen eta informazioa ematen.

Eta aurkitu dituzte zantzu guztien arabera Asuarenak diren gorpuzkiak: hilerriko erregistro liburuari jarraituz, bigarren saioan aurkitu dute kokagune zehatza eta azaldu dira hezurrak. Liburuak zioen bezala, hobiaren ertz batean, bakarrik, 25 urtetik beherako gazte baten gorpuzkiak. Erreferentziak eta usteak betetzen zirela egiaztatzeko, hobi komunaren hurrenkeran gorpuzki gehiago zeuden bilatu zuten; eta bai, liburuak zehaztu bezala beste gizonezko gazte baten hezurrak zeuden hurrena, eta beste birena jarraian; azken bi hauenak bata bestearen gainean, jaurtiak izan ziren seinale.

Bildutako informazioek ziotena egiaztatu dela ikusita, zantzu asko daude hobiaren ertzean aurkitutako gorpuzkiak Asuarenak direla esan ahal izateko. Hala ere, ziurtasuna areagotzeko lagina jaso du Aranzadik, eta bizirik dagoen senitartekorik gertuenekoaren laginarekin alderatuko du: Begoña Larrearenarekin. Asuaren iloba da.

Froga horrek ez badu senidetasuna baztertzen, Galdakaora ekarriko dira gorpuzkiak. Ordura arte, bilduta gorde dituzte hezurrak Jakako hilerrian bertan, lurperatuta zeuden lur berean, baina kutxa batean sailkatuta eta gordeta. Galdakaoko hilerrira eraman nahi ditu gorpuzkiak familiak, posible bada gune berezitu batera. Horrela zirkulua poetikoki itxiko litzatekeela dio Josu Larreak; izan ere, Asuaren familiarenak ziren orain Elexaldeko hilerria denaren lurrak, eta, Pedro seme bakarra izanik, bereak liratekeen lur horietara itzultzea esan nahiko luke.
Josu Larrea iloba txikiak, 2005ean jakin zuen Aragoiko hirian hil zutela osaba eta bilaketa lanei ekin zien. Galdakaoko Udala 2019an hasi zen familiaren nahia betetzeko ahalegin horretan, Larreak hala eskatuta, eta Aranzadiko adituek ostiralean desobiratu zituzten osabarenak izan litezkeen gorpuzkiak. Azken frogek kontrakorik esaten ez badute, hile gutxi barru ekarri ahalko dira gorpuzkiak Galdakaora.

Pedro Asua Zubiaur galdakoztarra 21 urterekin hil zuten Jacan, 1938ko otsailaren 7an, tribunal militar batek epaitu ondoren. 1916an Galdakaoko Elexalden jaioa, 1936ko gerra hasi eta berehala boluntario joan zen frontera Izquierda Republicanarekin. 1937ko ekainean Bilbo frankisten esku erori zenean gatibu hartu, eta langileen batailoi batera eraman zuten bortxazko lanak egitera, Jacara. Salaketa bat tarteko, tribunal militar batek epaitu, heriotz zigorra ezarri, eta 1938ko otsailaren 7an fusilatu zuten Jacan bertan, hilerri ondoan. Fosa batean lurperatu zuten, izenik gabe.

Familiak bazekien hil zutela, baina askoz gehiagorik ez. 2005ean, osaba boluntario joan zela eta Jacan fusilatu zutela jakin zuen Josu Larrea iloba txikiak. Paco Etxebarria auzi medikuarekin harremanetan jarri, eta ikertzeari ekin zion. Ordutik ez du atsedenik hartu.
Udalak ere, Larrearekin bildu zenetik, hainbat urrats egin ditu familiaren desioa bete nahian:

- Historialari bat kontratatu zuen lanak dinamizatu eta Pedro Asuaren inguruan egin beharreko txostenak osatzeko.
- Aranzadirekin kontratua egina du memoria historikoa berreskuratzeko helburuz, 1936ko gerratik gaur arte izan diren eskubide urraketen inguruko ikerketa egiteko. Asuaren inguruko auzian ere bidelagun du Aranzadi.
- Jacako Udalarekin harremanetan jarri eta Jakara joan zen 2021eko abenduaren 10ean. Gorpuzkiak bilatzeko lan horretan elkarlana adostu zuten Jakako eta Galdakaoko alkateek.
- Aragoiko Gobernuarekin harremanetan jarri, eta haren baimena bideratu du.
- Pedro Asuaren gorpuzkiaren desobiraketan parte hartu du eta gastuak beregain hartu ditu, eta falta diren tramitazioetan arituko da.

Emankorra izan da egindako lana eta zirkulua itxiko delakoan dago Udala. Eta abiapuntu bat ere izango dela esan liteke. Izan ere, lehen aldia da Jakan exhumazio bat egiten dena eta hilerriko hobi komunetan lurperatuta dauden gainontzeko fusilatuen senideei ate bat zabaldu diela seguru daude Jakako kideak. Dagoeneko hainbat familia hasi dira aukera aztertzen, eta, Galdakaoko alkateari Jakan bertan jakinarazi diote dagoeneko senide batek eskatu duela hitzordua Jakako alkatearekin, bere aititeren desobiratze lanei ekin diezaien eskatzeko. 400 pertsonatik gora ditu Jakak hobi komunetan lurperatuta eta Pedro Asuarena izango da lehen desobiratze kasua.