Plentziak eta Aranzadik herriko memoria historikoa aztertuko dute

Antropologia / Egungo memoria historikoa

Osteguna, 2024eko otsailaren 8a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Plentziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Gerra Zibiletik frankismoaren bukaera arte izandako errepresioaren eta giza eskubideen urraketen testigantzak batzeko proiektua abiatu dute. Lehen fase honetan Oroimen bulegoa izango dute herritarren testigantzak batzeko.

Plentziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak aurkeztu dute Gerra Zibilean eta frankismoan izandako giza eskubideen urraketak ikertzeko sinatu duten akordio berria. Azterlan hori urte honetatik 2026ra bitartean egingo da, eta ekitaldi honetarako 15.000 euroko partida bat erabili da.

Aitor Garagarza alkateak eta Izotz Amundarain Trantsizio Ekologikoko eta Ondareko zinegotziak eman dute proiektuaren berri, Javier Buces ikertzailearekin batera, eta nabarmendu dute, halaber, otsailaren 19an memoria bulego bat irekiko dela testigantzak jasotzeko, Billabasoena eraikinean (Goienkale, 25), Plentziako Artxibo Historikoa dagoen lekuan. Martxoaren 11ra arte egongo da zabalik, astelehenero, 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, eta, joaterik ez badago, 943466142 telefono-zenbakia edo memoria@aranzadi.eus helbide elektronikoa izango dute.

"Egia" bilatzeko lehen fasea da, eskubideak urratu zitzaizkien senide eta biktimei "erantzunak eta erreparazioa" eskaini ahal izateko. "Oso garrantzitsua da jendea hurbiltzea dena dokumentatu ahal izateko, azaldu du Bucesek. Lekukotasunik ez badago, ez da dokumentatzen, eta badirudi indarkeria hori ez dela egon ". Adierazpenak ikus-entzunezko moduan jasotzeko asmoa duten arren, ez da nahitaezkoa beren nortasuna babestu nahia dutenentzat. "Bakoitzak aukeratzen du nola kontatu nahi duen, baita hil arte argitaratzea nahi ez duten pertsonak ere. Baina jasota geratzen da memoria berreskuratzeko ".