#Sugebizi bueltan da!

Herpetologia / Hiritar zientzia

Osteguna, 2022eko martxoaren 31a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Adi sugezaleok! Poztasun handiarekin jakinarazi nahi dizuegu gaurtik aurrera #sugebizi martxan jartzen dugula berriro ere.

Hurrengo asteetan zehar hemengo sugeen ekologiaren, eboluzioaren eta kontserbazioaren inguruan dakiguna kontatuko dizuegu. Baina, tamalez, ez da asko. Horregatik, zuen laguntza behar dugu berriro, Euskal Herrian duten banaketa hobeto ezagutzeko. Animatzen zara parte hartzera?

Egitekoak errazak dira:

  1. Suge bat ikusten duzunean, asko gerturatu gabe, argazkia atera zoom-a erabiliz.
  2. Lekuaren koordenatu geografikoak apuntatu.
  3. Twitterren bitartez argazkiak eta koordenatuak partekatu #sugebizi traola erabiliz eta @aranzadi aipatuz.

Trukean, bidaltzen dizkiguzuen argazkietako espezieak identifikatzen saiatuko gara. Horretarako, komenigarria da sugearen burua argazkian ikusgarri egotea. Ikusten duzun edozein sugek balio du, hilda aurkitua bada ere. Informazio hau garrantzitsua da ere.

Gogoratu: EZ UKITU eta LASAI UTZI SUGEAK argazkia ateratzeko eta, noski, EZ HIL SUGERIK.

Gogora dezagun #Sugebizi kanpaina iaz hasi zela eta oso arrakastatsua izan zela. 3 hilabetez 334 aipu jaso genituen. Bertan, Euskal Herrian dauden 11 espezieetatik 10 ikusi ahal izan genituen. Gehien ikusi zen sugea Eskulapioren sugea izan da, eta gutxien ikusi dena, Lataste sugegorria, ez baita azken honen aipurik jaso.