Artículo temático

Kiriku, Aralarko begiak

Historia eta ohiturak Aralarren

Artikulu hau Aralar, Kirikuren begirada erakusketan oinarritzen da, Lekunberriko Antonea Etxean, Astiz Irujo Fundazioaren egoitzan 2021eko ekainean ireki zena. Erakusketa Fundazioa honek eta Aranzadi Zientzia Elkarteak komisariatu dute eta honen helburu nagusia bisitariei Aralarren historia bere alderdi guztietatik hurbiltzea da, Kiriku ugatzaren begirada mugagabearen bidez.

Aralar, Kirikuren begirada erakusketa

MENDI MAGIKOA

Aralar Nafarroako mendebaldean eta Gipuzkoako hego-ekialdean kokatzen den mendilerroa da, guztira 208 km2 hartuz. Bere gailurrik garaiena Irumugarrietako tontorrak osatzen du, 1431 metroko garaierarekin. Bere zabalera, kokapena eta orografiagatik, mendi hau mitoen, Done Mikelen, artzainen, landareen eta animalien egoitza da. Hori dela eta, gure iruditeria kolektiboko leku enblematiko bat osatzen du, gure ondarea sustraitzen duten antzinako izakien bizileku izatetik, natura, kultura edota tradizioa maite duen ororen paraje bilakatzeraino.

Aralarko San Migel. Gema Arrugaeta.

ARALAR, ZIENTZIAREN MIRABE

Aralarko mendizerra kokaleku aitzindaria da ikerketa zientifikoari dagokionez. Geologia eta
espeleologian buru-belarri arituz, Ramon Adan de Yarza, Ramon Margalef, Joaquin Gomez de Llarena edota Jesus Elosegi bezalako ikertzaile ezagunek sakon miatu zituzten lur hauek. Horren adibide ditugu 40ko hamarkadan hainbat ikerlarik Aralarrera eginiko irteera zientifikoak, Aranzadi Zientzia Elkartearen sorrerarekin bat eginez 1947an. Gaur egun, Aralarren inguruan eginiko azterketa geologikoek nazioarteko argitalpen zientifikoetarako bide eman dute. Azterketa hauen artean dugu Kretazikoan emandako ozeanoen azidotzeena, zeina egungo Lurraren berotzearekin loturik dagoen.

Aralar, Basolo. Jesus Elosegui Irazusta. 1945.08.15.

Takimetroa Leaburun. Jesus Elosegui Irazusta. 1936.06.17.

GURE ONDARE GEOLOGIKOA: MILIOIKA URTEETAKO BIDAIA

Aralar Eusko-Kantauriar Arroaren ekialdeko muturrean dago, Pirinioen mendebaldean. Jatorrian, duela 100 eta 200 milioi urte bitartean, Aralar osatzen duten arroken ingurunea hondo sedimentario bat zen, banatzen ari ziren Europako eta Iberiako plaken arteko jitoaren ondorioz sorturikoa izanik.

Duela 70 milioi urte inguru (orogenia alpetarra), plaka hauen mugimenduan izandako aldaketa batengatik, itsas hondoetan jalkitako harriak tolestu eta igo egin ziren, itsasotik azaleratuz eta
higaduraren eraginpean geratuz, gaur egungo mendilerroa osatu arte.

Aralarko karsta

Kuaternarioaren zati handienean (2.5 m.u. – gaur egun) kareharrizko arrokak mendien azalean jalki izanak Aralarko ezaugarri geomorfologiko aipagarriena sortu du, karsta. Fenomeno hau euri-ura kareharrien gainean disolbatzearen ondorioz gertatzen da, barrunbeak (dolinak, galeriak, leizeak), erliebe malkartsuak (lapiaz) edo fenomeno endorreiko txikiak (poljeak, kanpoko hustubiderik gabe) sortuz.

Mendukiloko kobazuloa. Espeleofoto.

AITZINDARIEN OINATZEN BILA

Lehen gizakiek Aralarren utzi dizkiguten aztarna ikusgarrienak monumentu megalitikoak dira. XIX mendetik ikerlarien interesa piztu zuten egitura hauek, 1879an Ramon Adan de Yarzak Jentilarriko trikuharria aurkitu zuenetik, hain zuzen ere.

Ondoren, besteak beste, Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnografoa izan zen Aralarko aztarnategi arkeologikoen ikerketaren sustatzaile nagusia XX. mendean.

Ikerketa berrien kokaleku

Nahiz eta XIX eta XX. mendearen hasiera arkeologiarako oso emankorra izan, ikerketak ez dira hasi besterik egin. Azken hamarkadetako indusketa teknika berriei esker Aralarren bizi izan zen gizakiaren inguruko informazio gehiago dugu egun. Horren adibide dira, besteak beste, Jose Antonio Mujika, Alfredo Moraza edota Xabier Peñalver arkeologoek buruturiko indusketen emaitzak.

Aralar. Jesus Elosegui Irazusta. 1942.10.26.

MENDIKO BIZTANLEAK Bazapiztiak ehizatzetik, babestera

Guztiok dakigu gizakia Aralarren mendeetan zehar bizi izan dela eta bere baliabideei esker biziraun duela askotan. Gaur egun, maila txikiagoan bada ere, asko dira Aralarren beren bizimodua eta baliabideak aurkitzen dituztenak.

Gizakiak antzina-antzinatik bazkatu ditu bere abereak eta mendi honetako lur zabaletan erein ditu bere baratzeak. Horretarako, batzuetan naturaren aurka borrokatu behar izan du bere jarduerak aurrera eramateko. Ehizaren kasua da, non espezie asko jarraituak izan diren basapiztia horiek artaldeetan eta eskortetan eragiten zituzten galerengatik. Azkonarren eta azerien kasua da, besteak beste, baita otsoena eta hartzena ere, antzina. Gaur egun, Aralarren ez dago baimenduta animalia hauen ehiza, eta haiekiko ikuspegi atseginagoa izatera pasa gara.

Juanito Borda. Azkarate. Jesus Elosegui Irazusta. 1971.04.11

KIRIKUREN BEGIRADA

Aralarren ugatzaren presentzia XX. mendeko 60ko hamarkadatik izan da dokumentatua.
1990a geroztik, Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, espeziearen jarraipen-plan bat ezarri dute mendilerroan, nahiz eta honen presentzia nahiko isolatua eta iragankorra izan den.

Kiriku da Aralarren 2011an ezarri zen ugatz arraren izena. Arbaiungo Arroilan jaio eta Aralarrera etorri zen ondoren. Babestutako espeziea izanik, Aralarko basozainek 2015ean GPS igorle bat jarri zioten, bere ohiturak eta mugimenduak aztertzeko. 2016an, ordura arte detektatu gabeko ale eme bat inguratu zen Aralarrera, Muel izenekoa. 2017an, beste ale bat atzeman zen eta Eder izena jarri zitzaion. Gaur egun, hirukote honek kopulak gauzatu baditu ere, ez du errunaldirik lortu. Zoritxarrez, 2020an Kirikuren arrastoa galdu da, baina hala eta guztiz ere, Aralarko biodibertsitatearen ikur da.

Kiriku eta marka gabeko beste ugatza. Mikel Olano.

FERNANDO FUEYO, NATURAREN ILUSTRATZAILEA

Fernando Fueyo (Vilaller, Aran harana, Lleida, 1945 – Avilés, Asturias, 2022) artista asturiarra zen. Gure garaiko Europa mailako ilustratzaile hoberenetako bat da. Nazioko eta nazioarteko hainbat sari jaso ditu: Premio Internacional de la Sociedad Cientφfica de la Ciencia y la Ilustración eta Premio de la Sociedad Geográfico Española, besteak beste.

Aralar, Kirikuren begirada erakusketan ikusgai dauden lanek ugatza eta beste zenbait espezie kaltebera dituzte ardatz. Bere marrazkien artean ugatzaren bizitza osoa ikus eta uler dezakegu: hegazti honen jaiotza erakusten duten ilustrazioak eta baita hegazti honen ikerketa eta eraztuntzea ere. Fueyok errespetu, grina eta miresmen handiz erretratatzen du animalia hau. Bere ilustrazioen bidez, ugatza espezie are erakargarriago bat bilakatzen du eta honakoa hurbilagotik ezagutzera bultzatzen du.

Lince ibérico. Acuarela. Fernando Fueyo.

EGURGINTZA ETA IKAZKINTZA: BASOKO LANBIDEAK

Bertako lursail batzuek duten izaera komunala eta araudi entitateak (Unión de Aralar edota Enirio-Aralar Mankomunitatea) direla eta, Aralar, tradizioz, inguruko bailarek aprobetxamendu praktika tradizionalak gauzatzeko lekua izan da; baso ustiapena, meatzaritza edota belarra kableen bidez jaisteko teknika.

ARTZAINAK ETA ABEREAK: GOI MENDIEN ZAINDARI Animalien etxekotzea eta artzaintzaren hastapenak

Artzaintza-jardueraren hasiera Iraultza Neolitikoari lotuta dago. Duela 8000 urte baino gehiago hasi zen prozesu soziokultural hau Ekialde Hurbilean, eta, horren ondorioz, gizakia jarduera harraparia izatetik (ehiza, arrantza eta bilketa) jakiak produzitzera igaro zen, animalien eta landareen kontrol eta etxekotzearekin. Orduan izan zen ardia, ahuntza, txerria, behia, eta ondoren, zaldia etxekotzen hasi ziren unea.

Bizimodu berri hau Europako mendebaldera zabaltzen hasi eta Aralar ingurura duela 6000 urte inguru iritsi zela uste da, mendigune osoan zehar dauden trikuharriek edota Aiatzion aurkitutako txabola zaharrenak erakusten duten bezala.

Artzaintza Aralarren
Aralarko artzaintza mota transhumantzia ertaina eta transterminantziakoa da, artaldeekin egiten diren desplazamendu ziklikoak (uda-negua eta alderantziz) 60 kilometroak gainditzen ez dituztelako. Beste zonalde batzuetan ez bezala, Aralarren abelbideak ez daude mugarriekin balizatuta, usadiozko bideak direlako.

Urtero Larraitzen larreen irekiera festa ospatzen da maiatzaren 1ean, XX. mendearen amaieratik. Egun horretan behi eta txekor talde bat da goi larretara igarotzeko hesia zeharkatzen lehena.

Saroia eta artzain txabolak

Saroia esaten zaio abereak biltzen diren lekuari, bai eta artzainak eta haien artaldeak mendiko larreetan aldi baterako bizi diren bordak biltzen diren lekuari ere. Kasu batzuetan saroi berean artzain bat baino gehiago bizi daiteke, bakoitzak bere bizitokia eta beharrezko eraikinak dituelarik (artegia, baratzea, oilategia, etab.). Kasu askotan txabola hauek sarobe zaharren gainean kokatzen direla ikusi da.

Txabola horiez gain, badago eraikuntza mota berezi bat arkue izenekoa. Arkuek, igluen estiloko sabaia duten harlanduz egindako etxola biribilak dira. Artzain-txabolaren baten ondoan jarri ohi dira, eta zulo dinteldu txiki bat izaten dute ate modura. Teoria bat baino gehiago egon arren, adituek diote Aralarren bizi ziren animalia basatien aurrean ganadua babestea zela eraikuntza hauen helburua.

FERMIN LEIZAOLA: TRADIZIOA IKERGAI

Fermin Leizaola Calvo Donostian jaio zen 1943ko urriaren 13an. Oso gaztetatik bere jakin eta ikerketarako grinak Aranzadi Zientzia Elkartearen parte izatera bultzatu zuten.

Bere ibilbide zientifikoa espeleologiaren diziplinatik hasi bazuen ere, laster konturatu zen mendi haietatik igarotzen ziren artzainek ere bere ikerketa lerroa merezi zutela. Artzaintzaren mundu apal bezain mamitsu eta interesgarriak lanbide honen alderdien espektro zabal bat ikertzera eraman du: kaikuaren egikaritzatik gaztaren produkzioraino. Bere ikerketei esker, artzaintza tradizionala inoiz ahaztuko ez den aztergaia izango da.


Fermin Leizaola Calvo. Aranzadi Zientzia Elkartea. 2016.

ARALAR, ELKARGUNEA

Azken mendean, mendiko aisialdiaren ugaritzeak eskalada, ibilaldi edo eskirako leku bihurtu du Aralar (eskia, izatez XX. mendearen hasieratik garatu zen inguru hauetan).

Jendeak mendira igotzeko ohitura du bai eguna pasatzeko, lagunekin, familiarekin edo bakarka, inspiratzeko, sortzeko edo bere ikuspegiekin gozatzeko; Aralar naturarekin, jendearekin eta norberarekin topatzeko gunea da.

Lekunberri-Larraungo Artxibo Digitala.

ETORKIZUNA Lehen sektorea, lehentasunezko sektore

Azken hamarkadetan, lehen sektorearen eta, bereziki, artzaintzaren gainbehera gertatu da hainbat faktore historiko, ekonomiko eta sozialen ondorioz. Horrek guztiak, artzainen erreleboa zaildu du eta kolokan jarri du gure ondarearen parte den aktibitate hau.

Etorkizuneko aralar, guztion artean eraiki eta moldatu beharrekoa. Ezinbestekoa da ulertzea lehen sektorea sektore sozioekonomiko estrategikoa dela. Etorkizuneko Aralar, guztion artean eraiki eta moldatu behar dugu, erabilera eta funtzio ezberdinak uztartuko dituen kudeaketa eta erabilera eredu jasangarrien bitartez.

Gema Arrugaeta.