Mila esker “Golindo”

2021/04/27

Zoritxarrez, joan berri zaigu José Luis Albizu Mayoz, Golindo baserrian (Getaria 1935) sortua eta “Golindo” goitizenez ezaguna. Golindo gizon haundia zen, ez gorputzez, baina bai bihotzez eta jakinduriaz.

Gaztetatik erakutsi zuen naturarekiko zaletasuna eta jakinmina. Lehenengo pausoak Pagoeta mendi-elkartean eman zituen eta 1969an Zarauzko Izadi Natur taldeko sortzaileetako bat izan zen, beranduago Arkamurka taldea izena hartu zuena.

Ez zen ez Golindo geldik egotekoa eta jakinmin haundia zuen naturarekiko. Tximeletak ikertzen hasi eta likenek atentzioa ematen bazioten ere, zalantzarik gabe, mikologia izan zen Golindorengan jakinmin haundiena sortu zuen zientzia eta urte luzez jardun zuen onddoei begira. Aintzindari izan zen, besteak beste, dunetako perretxikoak ikertzen, Xabier Laskibarrekin batera. Urte askotako mendi-irteera eta ikerketen fruitu izan zen Joxepo Teres-ekin batera Golindok argitaratutako “Urola Kosta bailarako perretxikoak” liburu bikaina (Zarauzko udala, 2009).

Lezkadietako onddoen inguruko lan entzutetsu batean parte hartu zuen Golindok (Olariaga, Terés & Albizu, Zizak 11:65-93. 2015) eta Clavaria griseobrunnea espezie berriaren aurkitzaile ere izan zen (Crous et al., Persoonia 37: 239. 2016). Bere ibilbide oparoaren aitorpen gisa Pseudosclerococcum golindoi espeziea berria bere omenez izendatu genuen (Olariaga et al., Mycological Progress. 18:895-905. 2019).

Perretxikoak ez ziren izan, ordea, Golindorin jakinmin iturri bakarra. Bere azken urteetan, genealogia eta historia ikerketetak burutzen eman zuen denbora asko. Makina bat jendek zor dizkie Golindori beraien zuhaitz genealogikoaren nondik-norakoak, Golindok gustora ikertutakoak.

Berak ikertu zituen desagertutako eta ia ahaztutako Zarauzko Txiliku baserrien historia bitxiak edo Anoeta herriko bere Mayoztar arbasoen kontuak. Askizuko Urkidi baserria (Getaria) bere amaren sorleku izanik, Askizuko baserrietako XVI-XIX mendeetako dokumentu zaharrak biltzen ere eman zituen urteak, Oñatiko protokolo artxibura, besteak beste, txango ugari eginaz. Golindoren jakinduria harrigarria zen. Ez zegoen Urola Kostan ezagutzen ez zuen mendirik, baserririk edo txokorik, eta euskera aberatsean azaldu ohi zituen guzti hauen nondik-norakoak. Gutxik ez bezala ezagutzen zuen bere eskualdea. Beti ikasten genuen zer edo zer berarekin egonda.

Golindok mikologiari egindako ekarpena garrantzitsua da oso, baina apala da, ordea, eman digunaren aldean. Berak esan ohi zuen mikologiak eman dion gauzarik haundiena Aranzadiko mikologia saileko kuadrila eta lagunak izan zirela. Eta hala da, mikologia triste dago gaur mikologo bat galdu duelako. Baina batez ere, bihotz haundiko gizon bat galdu dugu, beti alai eta humoretsu zegoena, entzuteko prest, faltan izugarri botako dugun lagun haundi bat.

Agur eta ohore, goian bego

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net