10 urteak ospatzeko programazio berezia aurkeztu du Ekainberrik

Aranzadi

Asteartea, 2018eko otsailaren 6a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Hamarkada honetan zehar eta 2008ko irailaren 11tik gaur egunera 280.000 bisitari izan ditu kultur eskaintzak, batik bat familia eta ikastetxeenak hain zuzen ere. Oro har, «balantze positiboa» egin dute haren kudeatzaileek, Denis Itsasoren iritziz. Juan José Aranburuk gainera erreplikak kultur ondarea hedatzeko duen balioa eta funtzioa gailendu ditu. Honen ildoa jarraituz, Zestoako alkateak Ekainberriren hamar urteak ospatzeko antolatu diren egitasmoetan parte hartzeko gonbitea luzatu die gipuzkoarrei. Azkenik, Aranzadiko Juantxo Agirrek eskerrak eman dizkie arkeologia bultzatu duten erakunde publikoei, tartean Gordailuaren sorrera txalotuz.


Ekain kobazuloaren historia eta Ekainberri erreplikaren sorrera


Ekainberri, bere barnean Ekain kobazuloaren eta bere margoen erreplika zehatza duen azpiegitura kultural bat da. Gipuzkoako Zestoako herrian dagoen Sastarrain bailaran dago, kobazulo originaletik oso gertu.


1969ko ekainaren 8an Azpeitiko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekain kobazuloa eta bere Madelein aroko labar-margo ikaragarriak aurkitu zituzten. Kobazuloan, gutxi gorabehera, 70 animalia-irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia.


Zaldi-multzoa arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa da, eta espezie horretan, horma-mihise onena. Hartzak, oreinak, kapridoak... ere ikus daitezke Ekainen. Kobazuloa hainbat galeriatan banatzen da, eta jasotzen dituzten irudien arabera izendatu dira: Erdibide, Auntzei (ahuntzak), Erdialde, Zaldei (zaldiak), Artzei (hartzak) eta Azkenzaldei (zaldiak).


2008ko uztailaren 7an UNESCOk ospatutako konferentzian, Ekain kobazuloko margoak Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zituzten, Erlaitz Kantabriarreko labar-artearen beste 14 santutegirekin batera; Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste.


Gauzak horrela, jatorrizko elementuaren osotasuna arriskuan jarri gabe ondare garrantzitsu honetaz gozatu ahal izateko, kobazuloaren erreplika sortzea sustatu zen. Ekaingo erreplika Sastarraingo bailaran dago, jatorrizko haitzulotik 600 metrora eta Zestoako erdi gunetik metro gutxira. Sastarrain orain dela 14.500-10.000 urteko Ekaingo artista paleolitikoen ingurune naturala zen, eta bere natura-balioa eta paisaia babesteko hainbat neurri hartu dira. Babes-neurri horietako bat Ekainberrira motordun ibilgailuekin sartzeko debekua da. Era berean erreplika gordetzeko eraikina paisaian kokatuta eta ezkutatuta dago.


2004an Zestoako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eraikin berriaren jabea den Ekain Fundazioa eratu zuten. 2007an eraikinaren kudeaketarako lehiaketa atera zen eta ARAZI ARANZADI UTE enpresari esleitu zitzaion.