100 hegazti-espeziek baino gehiagok egiten dute habia Gasteizen
Ornitologia / Eraztuntze zientifikoa, Faunaren monitorizazioa
Larunbata, 2023eko martxoaren 4a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 4 minutu
- Halaxe ziurtatu du 2022an prestatutako Hegazti Habiagileen Atlasak
Gasteizek habia udalerrian duten 100 hegazti-espezie baino gehiago ditu. Halaxe irakur daiteke joan den urtean, 2022an, prestatutako Hegazti Habiagileen Atlasean. Gasteizko Hegazti Habiagileen Atlasa prestatzeko asmoz 2022an egindako prestakuntza-saioetan 530 lagunek hartu dute parte. Guztira, udalerriko lurraldearen erdian baino gutxiagoan hartu dituzte laginak: Banatzeko erabiltzen diren 300 lauki-sareetatik 112. “Laginean sartutako azaleraren erdiarekin bakarrik, ehun hegazti-espezie baino gehiago ditugu; zehatzago esanda, 107 hegaztiren ugalketa baieztatu dugu”, azaldu dute proiektuaz arduratu diren Aranzadiko teknikariek. Zenbatutako ale kopurua 5.515ekoa izan da, 98 espezietan banatuta. Zifra horiek Bartzelonako Atlasean jasota dauden 83 hegazti-espezieko kopurua edo Donostiako 91 espeziekoa gainditzen dituzte.
2022an zehar, bi errolda mota egin dituzte: kualitatiboak, presentziak/absentziak ezartzeko asmoz, eta kuantitatiboak, ugaritasunaren inguruko kalkuluak egiteko. Lehen azterketa horietan 27 lagunek hartu dute parte eta, kopuruari dagokionez, aldiz, errolda egiteko ardura izan dute 18 lagunek.
Hegazti Habiagileen Atlasari esker, udalerrian habia egiten duten hegazti-faunaren espazio arloko informazioaren inguruko xehetasunak eta kopuruarekin lotutako kalkulu zehatzak jasoko dituzte. 2023ra begira, oraindik berrikusi ez dituzten lauki-sareen erroldekin jarraituko dute. “Lana apirilaren 15ean hasi eta ekainaren 15ean amaituko da. Laginketak egin ahal izateko, parte hartzera gonbidatu nahi ditugu interesa duten pertsona guztiak. Horretarako, nahikoa da ornitho.eus faunaren behaketa-bisorean datuak betetzea”, azaldu dute Atlaseko arduradunek.
Prestakuntza-saioei dagokienez, uneotan hainbat hitzaldi egiten ari dira BIZAN sareko zentroetan; bestalde, Salburuako eta Zabalganako gizarte-etxeetan bi hitzaldi antolatu dituzte. Martxoaren 14an eta 21ean izango dira (hurrenez hurren). Informazio guztia Udalaren eta proiektuaren webguneetan dago ikusgai: www.atlasvg.eus.
Hegaztiek gure hirietan duten garrantzia
Hegaztiak bioaniztasunerako funtsezko elementua dira haien balio ekologikoa zein bioadierazle eta “aterki” espezie gisa betetzen duten rola direla eta. Izan ere, horien babesaren pean dago habitat eta ekosistema osoen kontserbazioa. Europar Batasunak ere ondare naturalaren babesa bi arteztarauen bidez xedatzen du eta haietako bat hegaztietan oinarrituta dago modu espezifikoan (Hegaztien Arteztaraua). Hain zuzen ere, hegazti-fauna izan da babestutako eremuak mugatzeko bitartekoa eta horien presentziak eragina du ingurune naturalaren kudeaketan eta habitaten babesean.