150 hizlaritik gora bilduko ditu ‘Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II’ kongresuak
Aranzadi / Euskal kultura
Osteguna, 2026eko urriaren 15a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Miren Iraeta, Aitzpea Leizaola eta Mikel Etxeberria Aranzadiko bazkideek parte hartuko dute topaketan
Abenduaren 16tik 18ra egingo dugu Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II kongresua, EHUko Joxe Azurmendi Katedrarekin elkarlanean. Euskal pentsamenduari plaza bat emateko asmoarekin, 2019ko lehen edizioarekin hasitako bideari jarraipena emango diogu hiru egunez EHUko Carlos Santamaria zentroan (Donostia). Euskal pentsamenduaren testuinguru berriez, etorkizuneko erronkez, egiturez eta azpiegiturez jarduteko hitzaldiak eta solasaldiak hartuko ditu egitasmoak, herrigintzako, kulturgintzako eta akademiako 150 parte hartzaile baino gehiago bilduz, askotariko gai eta formatutako 40 saiotan.
Kongresua UEUren eta Agora Filosofia Elkartearen laguntzarekin eta Laboral Kutxaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesarekin antolatu dugu, eta aurreko edizioan bezala, Gorka Eizagirrek sortu du kongresuaren iruditeria. Gaur ireki dugu izen-ematea, eta zabalik egongo da kongresuaren bezperara arte edo edukiera bete arte.
Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendariak azaldu duenez, kongresuaren lehen edizioak Azurmendiren pentsamendua lantzeaz gain, komunitate bezala biltzeko ere balio izan zuen. Ordutik jarraitu dugu Azurmendiren pentsamenduan sakontzen, eta iaz utzi bagintuen ere, argi gelditu da agorrezina dela utzi digun uzta. Horregatik, hainbat izan dira pertsona bera eta intelektuala aitortzeko egin ditugun ekimenak; esate baterako, Jakin-en 269-270. zenbakia, Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi edo haren heriotzaren urteurrenaren harira, uztailaren 4an Zegaman egin genion omenaldia.
Kongresua: 150 hizlari, hiru egun eta bost areto
Joxe Azurmendiren pentsamenduak oraindik ere badu emaria, eta horren erakusle da Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren bigarren edizioa. Topaketa honen helburua bikoitza da: pentsalari zegamarraren lana aitortzen jarraitzea, batetik; eta, bestetik, euskal pentsamenduaren testuinguru berriez, etorkizuneko erronkez nahiz azpiegiturez hausnartzea. Bide horretan, akademia, kulturgintza eta herrigintza uztartuz, euskaraz eta Euskal Herritik lan egiten duten eragileen topaleku bihurtuko da ekimena. Hasiera batean San Telmo Museoan egitekoa bazen ere, egitasmoak hartu duen dimentsio zabala eta erantzun jendetsua dela-eta, azkenean, EHUko Carlos Santamaria zentroan egingo dugu.
Alba Garmendia Castaños kongresuko antolatzaile taldeko kideak aletu ditu egitarauaren nondik norakoak, eta, azaldu duenez, irekiera ekitaldi berezi batekin hasiko da kongresua: ongi etorri instituzionalaren eta antolatzaileen hitzekin, eta Easo Abesbatzaren emanaldi bereziarekin. Bestalde, abenduaren 18an, kongresua ixteko, Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek, Joxe Azurmendi eta Angela Davis. Esperantza zoro batez komikia oinarri hartuta, aurkezpen saio berezia egingo dute, Miren Narbaiza musikariarekin batera. 2025eko Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen Joxe Azurmendi protagonista duen proiektuak, eta liburua abenduan bertan kaleratuko dute.