1960-2014 urteen artean Azpeitian izandako giza eskubide urraketen dokumentazioa, udal artxiboan
Aranzadi
Ostirala, 2016eko maiatzaren 27a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Gertueneko historia da lekukotza, testigantza, datu zein dokumentazio bidez jaso dena: "Gertuen dugun historiaren partea da gaur jasoko duguna, eta horregatik ere bada gogorrenetakoa", hasi du bere hitzartzea Eneko etxeberria alkateak. "Badakigu urraketa guztiek ez dutela intentsitate berdina izan, eta ez gara urraketak konparatzen hasteko edota urraketa batzuk bakarrik izan direla gurean esateko bezain arduragabeak", azaldu du Etxeberriak. Ikerketen emaitzetan dauden eskubide urraketen aniztasunak berak ere agertzen du egin den lanaren sakontasuna ikertzaileen arabera.
Baina giza eskubideen urraketak iraganeko kontua ez direla ere gogorarazi du: "Ezin dugu esan, gaur egun, giza eskubideen urraketarik ez dagoela Azpeitian. Gaur egun hiru azpeitiarrek, hiru preso azpeitiarrek, beren giza eskubideak urratuta dituzte mendeku hutsez egindako dispertsioa dela eta", gogorarazi du. Hori, giza-eskubideak formalki eta demokratikoki defendatzen dituzten Europako Estatuetan gertatzen ari dela ere salatu du. Gertatzen ari diren eskubide urraketa horiek lehenbailehen gelditzeko lanean segituko dutela ere aipatu du.
Justiziara sarbiderik izan ez duten kasuak ere aipatu ditu: "Gaurtik, Azpeitiko Udal artxiboan Angel Otaegiren kasuaren expedientea ere izango dugu. Justiziara sarbiderik izan ez duen kasuetako bat da hau. Fusilatu zutenek izen abizenak zituzten. Gure asmoa egia osoa jakin eta errekonozimendua egitea da, justizia izatea ez delako erraza".
Javi Buces Aranzadiko kideak iaz Udalari emandako txostenari egin dio erreferentzia: "Behin behineko txostena izan zen iazkoa, hura errepasatu, txukundu, osatu eta txosten hartan aipatutako dokumentazio guztia datu base batean bilduta ekarri diogu gaur Udalari". Gai konplexua eta delikatua dela ere aipatu du, eta horregatik, eta ikerketan parte hartu dutenen konfidentzialtasuna babesteko ikerketaren kontsultarako prozedura ere zehaztu dute.
Azpeitia, Errenteriarekin batera, arlo honetan bidea urratzen ari da: "Bi herriek beren prozedura eta dinamika dute, baina giza eskubideen urraketak bere osotasunean aztertzen ari dira", adierazi du. Nahiz eta ikerketaren fase bat bukatu gaurkoarekin, ikeketak irekita segitzen duela ere azpimarratu nahi izan du: "Ikerketak irekita segitzen du eta orain artean animatu ez den normaitek edota dokumenturen bat bilatu edota testigantzaren bat eman nahi duten pertsonek, oraindik ere egin dezakete".
Azken bi urteotan ikerketa egiteko 150 pertsona identifikatu eta 14 elkarrizketa egin dituzte.
URRAKETA MOTA ETA DOKUMENTATUTAKO HERRITAR KOPURUA
Bizitza-eskubidearen aurkako urraketak: 13*
*Ikerketzen ari diren hilketak: 2 (Dionisio Aizpuru eta Pedro Mari Isart)
Osotasun fisiko, psikiko edo moralaren aurkako urraketak: 83
Herritarren aurka egindako mehatxu larriak: 19
Herritarren aurka egindako estortsio ekonomikoa: 5
Beste sufrimendu batzuk: 3
Gaur egungo urraketak, dispertsatutako presoak: 3
Paco Etxeberria Aranzadiko Lehendakariak memoria historikoaren gaia lantzen duela 16 urte hasi zirela gogorarazi du: "Gu hasi ginen eta ondoren instituzio guztiak atzetik etorri dira egin beharreko lana dela esanez. Gu hasi ginenerako berandu zen, beti berandu goazela dirudi. Baina oraina aztertzeko eta ikertzeko unea ere orain da". Azpeitiko Udala hori ulertu duen gutxietako bat izan dela azpimarratu du: "1960-2014 etapa iragan oso hurbila da, baina garai horretan gertatutako eskubide urraketak ikertzeko unea orain da. Hemendik 50 urtera berandu izango da, eta seguruenez ikertzeko askoz zailagoa izango da".