San Adriango tunelean 3.500 urte dituzten zeramikazko ontziak aurkeztu dira lehendabiziko aldiz

Historiaurrea / Arkeologia indusketa

Asteartea, 2014eko ekainaren 3a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zegamako Udalaren eta Partzuergo Orokorraren laguntzarekin, San Adriango tunelean ustiaketa arkeologikoan dihardu lanean duela sei urtetik hona.

Duela milaka urte erabilitako zuloa

Hasiera batean uste zen Erdi Aroko mailak zirela San Adriango gauzarik garrantzitsuena, baina ikerketa arkeologikoek ezusteko handia eman dute. San Adrianek historiaurreko garaitik okupazio handia izan zuela jakin ahal izan da ikerketa horiei esker. Indusketek Gipuzkoako Brontze Aroko (duela 3.500 urte inguru) okupazio garrantzitsuenetariko bat identifikatzea ahalbidetu zuten. Eremuan hainbat material arkeologiko topatu dira: zeramika-ontzi zatiak, silexezko tresnak eta garaiko fauna- eta flora-hondakinak. Zeramika da San Adriango aztarnategian multzo industrial handiena. Bertan berreskuratu dira hainbat morfologiatako ehunka ontziri dagozkien 1500 zati baino gehiago. Hondakin horiek erakusten digute urtearen zati handienean kobazuloan bizi ziren pertsona taldeek zer nolako bizimodua zuten, nekazaritza- eta abeltzaintza-zereginetara zuzenduta, hain zuzen.

Zeramikaren garrantzia

Zeramikak dokumentu historiko ezin hobea osatzen du; izan ere, material hauskorra den arren, zatiak milaka urtetan gorde daitezke. Zeramika arkeologikoen azterketako teknika berriei eta modernoei esker, arkeologoek eguneroko bizitzari, elikadurari, ekonomiari eta iraganeko gizarteen beste alor batzuei buruzko alor garrantzitsuak uler ditzakete.

Ikerketa-lanak eta aztarnategian topatutako piezak, horien artean jatorrizko zeramikak, Zegamako museoan dagoen erakusketan daude ikusgai.

Erreplika

Ollerías: Euskadiko Buztingintza Museoaren zuzendariak, Blanca Gomez de Segurak, ontziaren erreplika egin du, eta horretarako, Kantabriako Unibertsitateko eta Aranzadiko Historiaurreko Saileko Angel Armendariz esperimentu handiko arkeologoak xehetasun guztiekin egindako marrazkien eredu bat erabili du.

Workshopa Gordailuan: Brontze Aroko ontzi apaindua San Adriango tunelean (Lizarrate)

Datorren ekainaren 7an izango da workshopa Irungo Gordailuan, Gordailuko altxorrak ezagutzen izenburupean. Egun horretan egingo den hitzaldia Brontze Aroko ontzi apaindua San Adriango tunelean izango da Miriam Cubasen, Kantaurialdeko Euskal Herrian ageri diren lehen zeramiken azterketan aditu eta Aranzadiko Historiaurreko Saileko kidearen eskutik.