Amaiurko gazteluaren berreskurapenean egindako lanarengatik Aranzadi omendu dute

Aranzadi

Astelehena, 2015eko martxoaren 9a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Azken bederatzi urteotan Aranzadiko arkeologoek eta Amaiurko bizilagunek indusketa arkeologikoak egin dituzte. Lur azpian gordeta zeuden aztarnak azaleratu egin dira, Erdi Aroko dorre eta harresiak, XVI. mendearen hasierako baluarteak eta ur biltegia, XVII. mendeko gotorlekuak, etab. Horrez gainera, 2014an Amaiurko gazteluaren sarbide eta plataforma berriak eraiki dituzte, kultur ondare honek merezi zuen estetika zaindu egin da, eta, dagoeneko, eroso eta seguru bisita daiteke. Enrique Lekuona Aranzadiko kidearen marrazkien bitartez, bisitariak gaztelu enblematikoa panelen bitartez ezagutzeko aukera paregabea izango du honela. Lan guzti honen fruituak Aranzadi eta Udalbiltzaren arteko hitzarmenaren bidez trinkotu ziren.

Larunbateko ekitaldian erakunde antolatzaileek omenaldia egin zioten Aranzadiri, bai eta auzolanean parte hartu duten herritar guztiei, eta, oroigarri gisara, plaka bat eman zitzaien.