Aranzadi, Cristina Enearen udaberriko agendaren aitabitxia

Aranzadi

Ostirala, 2015eko martxoaren 27a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Urrutitik dator bion arteko elkarlana, proiektu eta jarduera ugaritan islatuta. Baina aurten, 2015ean, sinatu dugu bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen egonkorra. Bi erakundeen arteko partehartze-proiektuen bidez zientziaren edo/eta zientziaren didaktikaren esparruan egiten diren ikerkeketetan lan jarioa eta kolaborazioa erraztea du helburu hitzarmen horrek.

Hitzarmenak izaera egonkorra eskaintzen dizkie azken urteotan bi erakundeen artean garatu diren lan puntualei.

Horrela, Cristina Enea Fundazioak Aranzadi Zientzia Elkarteko sail ezberdinekin kolaboratu izan du irteerak, gaikako-asteak, ikastaroak, tailer didaktikoak, erakusketak edota proiekzioak antolatzeko garaian besteak beste, herpetologia, ornitologia, geologia edota mikologia bezalako esparruetan sakonduz. Eta elkarlan estu horrek islada izango du baita ere, noski, honako agenda honetan, esate baterako maiatzean antolatu dugun narrastiei eta anfibioei buruzko tailerrean.

Atsegin handiz onartzen du Aranzadi Zientzia Elkarteak, Cristina Enea Fundazioaren udaberriko jarduera-agendaren aitabitxi/amabitxi izatea, komunean helburu, erronka eta asmo ugari ditugulako, bai eta elkarren arteko lankidetzak, zientziaren eta ingurumenaren sustapenean eta dibulgazioan lan egiten jarraitzera animatzen gaituelako ere.