Aranzadi Zientzia Elkarteak labe egitura aurkitu du Artziko terma erromatarretan

Arkeologia / Arkeologia indusketa

Osteguna, 2021eko abuztuaren 26a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Labea izan da aurtengo kanpaina arkeologikoaren protagonista. Berez, labea eraikineko elementu garrantzitsua izango zen hura izango baitzen hipocaustum (berokuntza sistema) deituriko egiturari beroa igorriko zioena. Horretarako, labearen eta haren atzealdeko gunea ireki da eta eraikinaren iparraldeko eremua azaleratzea lortu da.

“Bestalde, labean eraikineko beste eremuetan identifikatutako bi fase nagusiak ere topatu dira, lehena termen erabilerarekin lotua (K.o. I-II. mendeak) eta bigarrena metala urtu edo lantzeko egituraren berrerabilpenarena (K.o. III-IV mendeak)” azaldu zuen Oihane Mendizabalek, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak. Gainera, egunerokotasunarekin lotutako hainbat objektu dokumentatu dira: zeramika pitxar eta ontzi zatiak, baita metalezko objektuak (horien artean fibula edo brotxe bat) eta beirazko ontzitxo zatiak ere. Horretaz gain, Antzinate Berantiarrari dagozkien burdin edo berun zepa kantitate handia agertu da labearen inguruan.

Hori horrela, Artzin aurkitutako termagunea Ibañetako lepoaren ipar isurialdean dagoen Donazaharreko (Nafarroa Beherea) bainuen oso antzekoa izango zela ondorioztatu daiteke, biak ala biak Pirinioak zeharkatutako zituen galtzadaren ertzean kokatuak.

Aurtengo indusketak Artzibarreko Udala eta Nafar Gobernuko Arkeologia Sailaren babesa izan du.

Aurreko kanpainak

Artziko aztarnategi arkeologikoa mendebaldeko Pirinioak zeharkatzen dituen galtzada erromatarraren ondoan kokatuta dago, gaur egungo Artzibarreko udalerrian (Nafarroa). Aranzadi Zientzia Elkarteko lantaldea 2012. urtetik dabil paraje horretan lanean miaketa geofisikoak zein indusketa arkeologikoak egiten.

Aztarnategia hainbat eraikinez osatuta dagoen arren, orain arte gehien ikertu den eraikina termena izan da.

2015. urtetik etengabe burututako indusketa kanpaina arkeologikoek geofisikaren bidez lortutako emaitzen berretsi dituzte eta oinplano laukizuzeneko (20 metro luze eta 8 zabal) eraikina osorik azaleratu da eta bere barnean 6 gela edo gune ezberdin identifikatu dira. Gela horietako batzuetan jatorrizko zoruak topatu dira, bata arrain hezur forman ipinitako adreilutxo txikiz osatua, edo beste bat leundutako morteroduna. Mosaiko txikiren bat tesela edo pieza txikiak aurkitu dira, sarrerako eremuaren ingurua.

Bisita gidatua

Lan guzti hori gauzatzeko inguruko zein Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 12 boluntario bildu dira abuztuaren 17tik 27ra antolatu den indusketa arkeologikoko kanpainan.

Kanpainan lortutako emaitzak erakusteko doako bisita gidatu bat antolatuko da abuztuaren 28an (larunbata) Aranzadi Zientzia Elkartea eta Artzibarko Udalaren eskutik. Izena ematea ezin bestekoa izango da honako link honetan: https://forms.gle/y4bg53yjGNJF7YY47. Bisitak elebitan izango dira, euskarakoa goizeko 11:00etan eta gaztelaniakoa 12:00etan. Bertaratu nahi dutenentzat hitzordua 15 minutu lehenago izango da, aztarnategitik metro gutxira dagoen Artziko jauregian (https://goo.gl/maps/XHHrLBJCJoXa7fGs6). Ondoren oinez 5 minutu egin beharko dira ibaiaren ondoan aztarnategira iristeko. (Pertsona batek adieraziko dizue)