Aranzadik aurtengo Kilometroetan hartu du parte familientzat zuzendutako zientzia tailerrak egiten

Aranzadi

Astelehena, 2018eko urriaren 8a — CEST

Irakurketa: 2 minutu


Eskeinitako zientzia tailerrak gure paisaiaren inguruan, historiaurreko bizimoduaren inguruan eta anfibio eta narrastiei buruzkoak izan dira.


Gure paisaia tailerra:


Umeek botanikako ikerlariek zenbaitetan egiten duten lana egin ahal izango zuten tailerrean.


4 partzela ikusi zituzten tokian bertan, 2 nartzisoekin soilik, eta beste 2 nartzisoak eta eguzki-loreak nahastuta. Hauetan, kontaketak egin behar izan zituzten, kontaketa teknika ezberdinak ikusiaz. Baloratu behar zuten non zeuden gehien, zein zen partzela dibertsoena, zergatik. Honela eta beste jokoak eginez, gure paisaia eta habitata ezagutu zuten.


Historiaurreko bizimodua tailerra:


Zeramika izan zen historiaurrean gizakiok moldatu eta bere beharretarako erabili zuten lehen material artifiziala.Euren beharrak asetzeko (janaria bildu, landu, sukaldatu..) erabiltzen zuten lehen lehengaia.


Tailer honetan umeek zeramikako ontziak egingo zituzten (buztinarekin) baina historiaurrean zeukaten materialak erabiltzeko behartuak zueden (hezurrak, maskorrak eta egurra).


Suge eta sugegorriak, euren fama txarraren biktima tailerra


Sugeei beti gure ipuin eta istorioetako pertsonaia gaiztoen rolak hartzea tokatu zaie baina, halakoak al dira errealitatean? Tailer honen bitartez gure inguruan bizi diren sugeak hobeto ezagutu eta haiekiko dauden aurreiritzi okerrak desagertzen ahalegindu nahi dugu. HH-ko eta LH-ko lehenengo urteetako umeentzat zuzendutako tailerra da, non esplikazio teoriko motzen bitartez, jokoen bitartez eta animaliak gertutik ikusiz, sugeekiko daukaten ikuspuntua hobetzea eta jakintza handitzea dugun helburu.


Horrez gain, Aranzadi Zientzia Elkarteak eskola eskaintza zabala du, hemen informazioa.