Aranzadik Erresuma Batuko eta Irlandako museoetako ordezkariei KCMEM proiektua aurkeztu die

Aranzadi

Asteartea, 2015eko azaroaren 24a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

KC-MEM proiektua, tokiko memoria berreskuratzearen inguruan helduen hezkuntza ez-formalerako hezkuntza-ikuspegi erakargarri bat garatzeko helburuarekin sortu zen. Aranzadiren zuzendaritzapean hainbat erakunde europar lanean dihardute: Futura (Bolonia, Italia), Adam Mickiewiecz Unibertsitatea (Poznan, Polonia), Royal Armouries Museum (Leeds, Erresuma Batua), Kranj-eko Udal Liburutegia (Kranj, Eslovenia) eta Frederick Unibertsitatea (Nikosia, Zipre).

KCMEM proiektuan diseinatu den sekuentzia didaktikoak “historia” eta “memoria” kontzeptuak definitu eta horiek memoria historia eratzeko duten garrantzia azpimarratzen du; tokiko memoriak helduekin lantzeko ikasketa plan laburra eskaintzen du eta prozesuaren onurak azaltzen ditu; eta azkenik metodologia hau garatzeko erabili diren 6 esperientzia pilotuak deskribatzen ditu. Materiala 7 hizkuntzatan eskegiko da, doan, www.kc-mem.eu/eu webgunean.

Segura abiapuntu

Metodologia malgua eta erabilgarria sortzearren, Aranzadik KCMEM esperientzia-pilotua Seguran burutu zuen, non gai nagusia diktadura frankistaren amaiera aldera (1960-70) Seguran lehen ikastola nola sortu zuten izan zen. Partaideen artean ziren ikastola hartako 2 ikasle ohi eta lehen irakaslea, guraso eta laguntzaile batzuk, eta denen artean, oroitzapenak lantzeari ekin zioten.

Elkarrekin diskurtso bakarra sortu eta diskurtso hori, sormenez jorratuta, irratsaio baten bidez partekatzearen esperientzia bizi izan zuten partaideek. Hori gutxi balitz, Segurako Udala eta Aranzadiren laguntzarekin liburua aurkeztuko da abenduaren 3an, ikastolaren inguruan oroitzapen eta gertakizun garrantzitsuak biltzen dituena.