Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskadiko hegazti ugaltzaileen lehen atlas modernoa aurkeztu du

Ornitologia / Eraztuntze zientifikoa

Asteazkena, 2023eko urriaren 4a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Joan den asteburuan ospatu zen Hegaztien Nazioarteko Eguna dela eta, Aranzadi Zientzia Elkarteak, 1949tik ornitologiaren mundua estatu mailan ikertzen duen erakundeak, Euskadiko hegazti habiagileen atlasa aurkeztu du prentsaurrekoan.

Aurkezpenean parte hartu dute Aitor Aldasoro Iturbe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak, Koldobike Olabide Gipuzkoako Aldundiko Mendi eta Natura Ingurunearen zuzendariak, Jokin Otamendi Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak eta Juan Arizaga Aranzadiko Ornitologia saileko zuzendariak.

Aitor Aldasorok "garapen jasangarriarekin bateragarria den biodibertsitatearen babesa" defendatu du bere hitzaldian; izan ere, "ekosistema osasuntsuen kontserbazioaren menpe daude gure ongizatea eta etorkizuneko belaunaldiena, muturreko gertaera meteorologikoetatik eta etorkizuneko pandemietatik babesten lagunduko digutelarik". Azpimarratu duenez, Euskadiko lurraldearen % 23 naturgune babestuek osatzen dute, batez ere Natura 2000 Sareko aterkipean, hori baita interes bereziko naturguneak babesteko Europako programarik garrantzitsuena. Horregatik, "natura-ondarearen kontserbazioa garapen zientifiko-ekonomikoarekin eta sozialarekin uztartzen jarraitzearen" alde egin du, Euskadin biodibertsitate handiko berdeguneak izateko aukera eman digun binomioa. Txingudiko hezeguneko hegazti-fauna garrantzitsua jarri du adibide gisa, eta gaineratu du "Aranzadik gaur aurkezten duen atlasa oso erabilgarria izango dela Ekoetxetik garatzen dugun lan pedagogiko eta didaktikoan".

Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti-faunaren aberastasunari buruzko ikerketa zientifiko sakona jasotzen duen atlasaren edizioa Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia sailak gidatu du, Juan Arizagaren zuzendaritzapean.

Ornitologo aditu honek aurkezpenean azaldu duenez, "ikerketa hau gure lurraldeko hegazti-faunaren aberastasunaren erradiografia da. Metodologia zientifikoaren bidez, gure hegaztien egoerari buruzko informazio zehatzagoa izatea lortu dugu: ugaltze-espezie guztien kopurua, espezieen ugaritasunaren kalkulua edo habitaten araberako populazioen tamaina, besteak beste”. Lan hori ornitologian adituak direnekin egin da. Horiek 5x5km-ko UTMko lauki edo gelaxken arabera zenbatu eta hartu dituzte datuak, eraztunak dituzten hegaztien datuak ere kontutan izan dira eta baita ornitho.eus fauna bistaratzeko plataforman jasotako datuak ere.

Horrela, Aranzadiren ikerketak ondorioztatu du euskal autonomia erkidegoan 180 hegazti-espezie ugaltzen direla, horien artean 175 espezie autoktono eta 5 exotiko. Espezie ugarienen artean, hau da erregistratutako gelaxka guztietan daudenak eta populazio-tamaina handia dutenak, honako hauek dira:

  • Txolarre arrunta: 390.000 banako
  • Txantxangorria: 330.000 banako
  • Txepetxa: 290.000 banako
  • Zozo arrunta: 280.000 banako
  • Txinbo kaskabeltza: 280.000 banako
  • Txonta arrunta: 270.000 banako
  • Kaskabeltz handia: 210.000 banako
  • Erregetxo bekainzuria: 160.000 banako

Liburu honen ondorioen artean, esan daiteke kontserbazio-egoera onenean dauden espezieak basokoak direla, adibidez okil beltza; nekazaritza-inguruneei lotutakoak, berriz, egoera okerragoan daude. Habitat horiei (landazabalak, lehorreko laborantza-eremuak...) lotutako espezieen % 30ek nabarmen murriztu dute banaketa-eremua mendearen hasieratik. Hori da Antzandobi arruntaren kasua, atlas honen portadan ilustratutako espeziea.

Atlasa euskal hiriburu guztietan aurkeztuko da urrian, arratsaldeko 19: 00etan.

  • Urriaren 17a. Aranzadi Zientzia Elkartean (Donostia)
  • Urriaren 19a. Atarian (Vitoria-Gasteiz)
  • Urriaren 26a. La Bolsa eraikinean (Bilbo)

Aurkezpen egun hauetan liburua % 10eko deskontuarekin erosi ahal izango da.