Aranzadik tokiko produkzioko GPSaren bidez monitorizatu ditu kaioak

Ornitologia

Ostirala, 2016eko uztailaren 22a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Ikerketa pilotua kaio hankahoriarekin egin dute. Ingurumena kudeatzeko intereseko espeziea da gizakiaren jarduera ugarirekin lotura duelako.

2005. urtetik, Aranzadi Zientzia Elkarteak gure lurraldeko ingurumen-kudeaketan interes handia duen espezie batekin ikerketa-ildoa du abian: kaio hankahoriarekin. Kaioek mendekotasun handia izan dute giza jatorriko elikadurako baliabideekin: arrantzako bazterkinekin eta aire zabaleko zabortegietan eskuragarri dagoen hondakin organikoarekin. Animalia horien mugimenduak zehatz ezagutzea ezinbestekoa da haien elikadura gune nagusiak identifikatzeko eta, ondorioz, espezie horretarako funtsezkoak diren lurraldeko eremuak ezagutzeko. Dena den, hegaztien jarraipena urrunetik egin ahal izateko beharrezkoak dira oso garestiak diren GPS gailuak.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatikako fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Sailaren eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Sailaren arteko lankidetzari esker, duela gutxi eratu dute Wimbi Technologies SL enpresa (WimbiTek). Euskal Herriko Unibertsitateko spin-off horren helburuetako bat da faunaren jarraipena urrutitik egin ahal izateko produktu aurreratuak eskaintzea. Produktu horiek ikerketa zientifikoaren zein ondare naturalaren kudeaketaren esparruetan dute aplikazioa.

Hegaztiaren bizkarraldean arnes baten bidez jartzen den GPS gailu bakoitzak kaioaren kokapen zehatza jasotzen du; gure kasuan, 30 minutuz behin egiten du hori. Gero, posizio horiek gailuaren barneko memorian gordetzen dira. Ondoren, egunean bi aldiz, gailua kolonian kokatuta dagoen antenarekin komunikatzen saiatzen da. Hegaztia antenaren detekzio eremuan badago, datuak hari lotutako ordenagailuan deskargatzen dira. Azkenean, datuak Internet bidez bidaltzen zaizkie ikerlariei. Denbora gutxian, ikerlariek markatutako animalia horietako bakoitzaren ehunka posizio jaso ditzakete.

Aranzadiren, EHUren eta WimbiTeken arteko lankidetzari esker, hegaztiak markatzeko lehen esperientzia pilotuak arrakasta izan zuen udaberrian. Guztira, kaioen 10 ale heldu markatu zituzten Gipuzkoako umatze-kolonia nagusietako batean. Bi hilabetez baino zertxobait gehiagoz, hegazti horien mugimenduak zehaztasun handiz ezagutzea ahalbidetu diguten milaka posizio lortu dugu.

Hala, azkenean zehaztasun handiz jakin ahal izango dugu lurraldeko zer eremu ustiatzen duten, uneoro non dauden, zer jaten duten, mendekotasun handiena zer baliabiderekiko duten eta zer unetan.

Hurrengo urteotara begira, gure kaioen espezie-banaketaren patroia aztertzen jarraitu ahal izateko lankidetza horrekin buru-belarri jarraitzea espero dugu. Une garrantzitsua da hau; izan ere, 2020. urterako zabortegi guztiak ixtea aurrez ikusi du Europar Batasunak. Testuinguru horren baitan, garrantzitsua izango da populazioa egoera berrietara nola egokituko den eta, hemendik aurrera, haien elikadura-iturri nagusiak zein izango diren jakitea. Datu horiek guztiak funtsezkoak dira populazioaren neurrian eragina izan dezaketen prozesu demografikoak ulertzeko (ugalketa, heriotza-tasa, sakabanatzea…).

Hainbat erakundek emandako finantza-laguntzari esker gauzatu ahal izan da proiektua eta, horien artean, aipatu beharrekoak dira hauek: Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta SPRI.