Aranzadik Tolosaren memoria historikoa lantzeko bi hitzarmen sinatu ditu
Aranzadi
Asteazkena, 2015eko otsailaren 4a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Akordioak bi jomuga ditu: batetik, Tolosan 1945 eta 1979 urte artean Frankismoaren diktadura eta oroimen historikoari buruzko ikerketa egitea; eta bestetik, 1960tik aurrera tolosarrek jasandako Giza Eskubideen urraketak eta bestelako sufrimenduen inguruko datuak jasotzea. Aranzadiren lana urtebeteko iraupena izango du, epe honetan datuak biltzeari ekingo baitio. Behin datuak jasota, informazioa aztertu eta emaitzen arabera zer nolako trataera emango zaion erabakiko du udalak.
Iriarteren hitzetan, lehenengo hitzarmenaren bitartez duela urte batzuk Udalak hasitako lanari jarraipena eman nahi zaio. Orduan, Aranzadik udalarekin elkarlanean Tolosa 1936-1945. La represión y vulneración de los derechos humanos durante la Guerra Civil y el Primer Franquismo izeneko argitalpena plazaratu zuen. Hitzarmen honi esker bigarren Frankismoaren ikerlanari bidea irekiko zaio, gertatutakoaren egia bilatzeko pauso bat emanaz. Frankismoak Tolosan izan zuen eragina behatzeko unea da, arduradunak zeintzuk izan ziren ikertu, eta errepresaliatuen aitortzak biltzekoa.
Bigarren ekimenak berriz, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak “Egia, justizia eta erreparazioa” izeneko doktrina oinarritzat hartzen du eta Tolosan bizitako bortxa egoerak identifikatzea da xedea, 1960etik gaur egun arte. Hortaz, bakea eta normalizaziorako bidean ezinbestekoa da iraganaren irakurketa kritiko eta zurruna egitea.