Artzibar, K.o. I eta IV. mendeen arteko gune estrategikoa
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Ostirala, 2022eko abuztuaren 26a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Kokagune horretan gune termal bat zegoen, eta, ondoren, metalurgia-tailer bat egin zen
Kanpainan lortutako emaitzak erakusteko doako bisita gidatu bat antolatuko da abuztuaren 28an
10 urte bete dira Artziko aztarnategian lehen arkeologia-lanak egin zirenetik. “Kanpaina horietan guztietan egiaztatu da ezaugarririk esanguratsuenetako bat unean uneko egoerara egokitzeko gaitasuna izan dela” Oihane Mendizabal, indusketako zuzendariak azaldu zuenez. Kokagune honetan K.o. I-II mendeetan termak berotzeko erabili zen labea metalurgia lantzeko tailer bihurtu zen K.o. III-IV mendeetan, garai testuinguruaren aldaketen adierazle. Gainera, erromatar garaiarekin ez zen amaitu gune estrategiko honen garrantzia, Erdi Aroan bailara osoari izena emango zion jaurgoa sortu baitzen paraje bertan: Artzibar.
Bestalde, ikerketak ahalbidetu du terma hauen eraikuntza ez zela fenomeno isolatu bat medebaldeko Pirimioen inguru honetan, galtzada beraren jarraipenenan Donazaharren (Nafarroa Behera), oinplanta eta tamaina berdina duen beste terma bat ezagutzen delako. Ondorioz, Pirinioen bi aldeetako lurraldearen planifikazioa bateratua izan zela frogatzen du, betiere galtzadaren ardatzetik abiatuko zena.
Aurkikuntzak
Aurreko urteetako kanpainetan eraikinaren erdian dagoen gelako indusketak gauzatu ziren eta berokuntza sistema osatuko zuen hipocaustumaren egitura dokumentatu zen. 2019 eta 2020an, ondoko gela batean, termak funtzionamenduan zeuden garaiko adreilutxozko zorua topatu zen, baita termagunearen sarrera beste zoru leundu baten aztarnak topatu dira, baita ertzetako harrizko paretak babestuko lituzkeen morterozko jatorrizko gainazala ere. Horretaz gain, jatorrian egon zitekeen mosaiko baten ertz txiki bat ere berreskuratzeko aukera izan zen, 22 tesela (edo harrizko pieza txikiz) osatutako zoruaren zatitxo bat, hain zuzen. Azkenik, 2021. urtean eraikina berotuko zuen labea lokalizatzea lortu zen eta aurtengoan gune hori hobe ezagutzen izan da kanpainako helburu nagusienetako bat.
Eraikinen egiturez gain, animalia hezur, zeramika, eraikuntza material, zepa eta iltze zatiak ere erregistratu dira eraikinaren barnealdean. Beraz, erromatar aroan zehar hainbat mendez erabilitako gunea izan zela berretsi dute aztarnek.
Aurtengo indusketak Artzibarko Udalaren eta Nafarroako Gobernuko Arkeologia Atalaren laguntza izan du.
Kokapena
Artziko aztarnategi arkeologikoa mendebaldeko Pirinioak zeharkatzen dituen galtzada erromatarraren ondoan kokatuta dago, Artzibarreko udalerrian. Aranzadi Zientzia Elkarteko lantaldea 2012. urtetik dabil paraje horretan lanean miaketa geofisikoak zein indusketa arkeologikoak egiten. Aztarnategia hainbat eraikinez osatuta dagoen arren, orain arte gehien ikertu den eraikina termak izango zituen gunea izan da. Geofisikaren bidez lortutako emaitzen ondorioz badakigu oinplano laukizuzena duela (20 metro luze eta 8 zabal) eta gutxienez 6 gela edo estantziaz osatuta izan zela.
Bisita gidatua
Lan hori guztia gauzatzeko inguruko zein Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 14 boluntario bildu dira abuztuaren 22tik 27ra antolatu den indusketa arkeologikoko kanpainan.
Kanpainan lortutako emaitzak erakusteko doako bisita gidatu bat antolatuko da abuztuaren 28an Aranzadi Zientzia Elkartea eta Artzibarko Udalaren eskutik. Bisitak elebitan izango dira, euskarakoa goizeko 11:00etan eta gaztelaniakoa 12:30etan. Bertaratu nahi dutenentzat hitzordua 15 minutu lehenago izango da, aztarnategitik metro gutxira dagoen Artziko jauregiaren parean.