Atlass: Donostiako hegazti habigileen errolda

Ornitologia

Asteazkena, 2017eko urriaren 25a — CEST

Irakurketa: 4 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Donostiako Udalak sustaturiko AtlaSS egitasmoak, bederatzi hilabeteko ibilbidea bete berri du, hirian habia egiten duten hegaztien atlasa burutzeko asmoarekin.


Ekimenak Cristina Enea Fundazioaren, Vasco de Camping Elkartearen, Ugatza eta Itsas Enara Ornitologia Elkarteen eta SEO/BirdLiferen babesa dauka, eta errolda egin ahal izateko udalerria zatitzen duten 328 laukietatik erdien ikerketa egin da 2017an zehar. Errolda horren emaitzak Donostian 99 hegazti espeziek egiten dutela habia zehaztu du


2017an zehar bi errolda fase burutu dira (apirilak 15etik maiatzak 15era, eta maiatzak 15etik ekainak 15era), eta horietan bolondres eta adituek 164 laukitxotara irteerak egin dituzte, bertan habia egiten duten hegaztiak bereizteko. Gehien identifikatu diren bost espezieak hauek dira: zozo arrunta, txantxangorria, birigarro arrunta, kaskabeltz handia eta txonta arrunta. Aitzitik, udalerrian oso arraroak edo ezohikoak diren espezieak ere azaldu dira, besteak beste lezkari arrunta, txilinporta edo ur-zozoa.


Azpimarratu beharra dago errolden %21,4 (168 laukitxotatik 36) bolondres partikularrek egin dituztela (gainontzekoak, aditu ornitologoek), egitasmo honetan herritarren partehartzeak duen garrantzia agerian utziz.


Errolden helburua da Donostian habia egiten duten espezie guztien ‘argazki’ errealistena eta ezagutza zehatzena lortzea, eta hori, udalerri mailan, oso hiri gutxik egin dute Europan, eta ondorioz, ekimen honi esker gisa honetako proiektuen zerrendaren buruan kokatu da Donostia. Informazio hori oso erabilgarria da batik bat ingurumen-ondarearen kudeatzaileentzat, baina era berean herritarrak ingurumen kontuetan sentsibilizatzeko ahalmena du. Gainera informazio horrekin hegaztiak beren ingurunean ezagutzeko eta gozatzeko herritarrentzat interesgarri izan daitezkeen lekuak ere identifika daitezke.



Hurrengo tailer eta irteerak, azaroan

500x500 metroko lauki-sare bakoitzean 15 minuturen barruan ikusitako hegazti-espezie guztiak identifikatzea aurreikusten du protokoloak. Horretarako, eta aurretiazko pauso gisa, urteko lehenengo hileetan 5 tailer eta ikastaro antolatu dira herritarren formakuntza egiteko, eta orotara 94 lagunek hartu dute parte. Errolda egiterakoan bolondresen partehartzea sustatzeko, datozen asteetan tailer eta ikastaro gehiago antolatuko dira, ondoren zehazten diren leku eta datetan:






























Lekua Teoria Practika
Aranzadi Aza 8-9 nov (es) Aza 11: Irteera Ametzagainara
Vasco de Camping Elkartea Aza 15-16 (es) Aza 18: Irteera Ametzagainara
Kristina Enea Aza 22-23 nov (eus) Aza 25: Irteera Ametzagainara
Aza 26: Irteera Plaiaundira

Tailer horien helburua hegaztiak ezagutzea eta bereiztea da eta errolda modu egokian egin ahal izateko ere (azken hori hautazkoa da) trebetasuna eskuratzea. Kezka eta jakinmin ornitologikoak dituzten lagun guztiei irekiak daude.


Ikastaroek 3 saio izan ohi dituzte (2 teorikoak eta 1 praktikoa). Parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea telefonoz edota emailez, Aranzadi Zientzia Elkartearen bidez, izen-abizenak, email helbidea, harremanetarako telefonoa, NAN zenbakia eta ikastaroa egin nahi den lekua zehaztuz (943 466142 / mlaso@aranzadi.eus).


Atlasa guztiz amaitzeko bi urteko epea ezarri da, 2017an eta 2018an hain zuzen ere. Ondorioz, hurrengo urtean ere errolda berriak egin eta ikastaro berriak antolatuko dira. Errolden fase ezberdinetan jasotako datuez gain, 2016tik herritarren www.ornitho.eus webgunera sartzen ari diren datuekin osatuko da.


Webgune berria

2017an eta 2018an bildutako datu guztiekin, eta aztertu eta errebisatu ondoren, proiektuaren hirugarren faseari ekingo zaio, alegia, Donostiako Hegazti Habiagileen Atlasa egitea. Azken fase hori 2019an egingo da, baina datu-bilketa eta errolda egiten diren bitartean, www.atlass.eus webgunean kontsultatu ahal izango dira lehenengo datuak.


Dagoeneko erroldatu diren laukitxo guztiei buruzko informazioa eskaintzen du webguneak, bertan identifikatu diren hegaztien zerrendarekin, beren ilustrazioekin izen arrunta eta zientifikoarekin, ezaugarri nagusiekin –banaketa geografikoa, habitata, desplazamenduak edota mehatxuak- bai eta kantuaren soinua ere (hegazti bat identifikatu eta erroldan sartzeko ez baita beharrezkoa begiz ikustea, bere kantua identifikatuz ere egin daiteke).


Informazio hori guztiaz gain, webgunea bisitatzen dutenek AtlaSS egitasmoaren baitan programaturiko hurrengo jardueren berri ere izango dute (ikastaro eta tailerrak, irteerak…), bai eta ikusentzunezko material multimedia eskuratu ere, besteak beste, eta esaterako, gidak, memoriak, bideoak eta argazkiak.


AtlaSS ekimenak, habia hirian egiten duten hegaztien errolda egiteaz gain, herritarren interesa eta partehartzea sustatzea ere du helburu. Horregatik, interesa duten pertsona guztiak animatu nahi ditu datozen asteetan izango diren formakuntza ikastaro eta tailerretan parte hartzera.