AtlaSS. Hegazti habiagileen Donostiako udalerriko atlasa
Ostirala, 2017eko otsailaren 10a — CEST
Irakurketa: 5 minutu
AtlaSS izeneko proiektuarekin, Donostiako hegazti habiagileen atlasa egingo da. Atlas horren helburua izango da udalerrian hazten diren espezieen kopurua ezagutzea eta beren banaketa espaziala jakitea, bai eta paraleloki hegaztiekiko ezagutza eta afizioa piztea herritarren artean, eta espazioen kudeaketarako eta naturari lotutako aisialdia eta turismoa sustatzeko beharrezko informazioa eskaintzea hiriari.
Horretarako udalerri guztia, Artikutza barne, 500x500 metroko lauki-sarean banatu da, orain arte egin ez den zehaztasunez hiriko hegaztien errolda egin asmoz. Ondorioz, AtlaSS ikerkuntzako eta difusiorako egitasmo aitzindaria izango da.
Proiektuak 3 urteko iraupena izango du eta Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzenduko dute, ornitologiaren, ingurumenaren eta naturaren difusioan erreferente diren beste hainbat elkarte eta erakunderen laguntzarekin. Hala nola, Cristina Enea Fundazioa, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Ugatza, SEO/Birdlife eta Vasco de Camping Elkartea.
Europako hiri nagusiek apustu argia egiten dihardute beren lurraldeko hegazti habiagileen inguruko ezagutza zehazta edukitzearen alde. Informazio hori oso erabilgarria da batik bat ingurumen-ondarearen kudeatzaileentzat, baina era berean herritarrak ingurumen kontuetan sentsibilizatzeko gaitasuna du. Gainera informazio horrekin hegaztiak beren ingurunean ezagutzeko eta gozatzeko herritarrentzat interesgarri izan daitezkeen lekuak ere identifika daitezke.
Funtzionamendua
Donostiako hegazti habiagileen atlasa egiteko hiru fase aurreikusten ditu egitasmoak. Lehenengoa, hegaztiak bereizteko bolondresentzat formakuntza izango da. Bigarrenean, hiria banatzeko eginiko 501 lauki- sareetara irteerak egingo dira. Hirugarren fasean zehar, bildutako datuak jaso eta aztertuko dira, eta Donostiako hegazti habiagileen erroldarekin dokumentua egingo da. Lehenengo bi faseak 2017 eta 2018 urteetan errepikatuko dira, eta atlasa 2019an landu eta argitaratuko da.
1. fasea. Herritarren formakuntza
Hirian ornitologiari lotutako gaiak lantzen dituzten elkarte eta erakunde guztiek hartzen dute parte AtlaSS egitasmoan; ondorioz bere ikuspegia integrala eta integratzailea da. Era berean, herritarren konplizitatea bilatzen duen egitasmo partehartzailea da. Horregatik ornitologiari eta hegaztien identifikazioari eskainitako oinarrizko eta doako ikastaro teoriko-praktikoak antolatuko dira hiriko zenbait kulturgunetan. Hegazti-espezieak bereizten eta identifikatzen ikasteko gaitasunak barneratzeko eta errolda modu egokian egiten ikasteko helburua izango dute tailer horiek.
Ikastaroek 4 saio izango dituzte (2 teoriko eta 2 praktiko). Egin ahal izateko izena eman beharra dago aldez aurretik, Aranzadi Zientzia Elkarteko telefonoaren edota epostaren bidez (943466142 / mlaso@aranzadi.eus).
Teoria | Landa-irteerak | Lekua |
Martxoak 1 eta 2 | Martxoak 4 eta 5 | Okendo K.E. |
Martxoak 8 eta 15 | Martxoak 11 eta 12 | Intxaurrondo K.E. |
Martxoak 10 eta 17 | Martxoak 18 eta 19 | Lugaritz K.E. |
Martxoak 21 eta 28 | Martxoak Apirilak 1 eta 2 | Casares K.E. |
Martxoak 23 eta 24 | Martxoak 25 eta 26 | Aranzadi Z.E. |
2. fasea. Errolda
Apirilaren 15 eta maiatzaren 15 artean, eta berriz ere maiatzaren 15 eta ekainaren 15 artean, erroldak burutuko dira udalerria banatzen duten lauki-sareetan, eta jarduera horretan parte hartuko dute hiriko elkarte ornitologikoetako ikerlariek, formakuntza saioetan parte hartu duten herritarrekin batera. 500x500 metroko lauki-sare bakoitzean 15 minuturen barruan ikusitako hegazti-espezie guztiak identifikatzea aurreikusten du protokoloak.
Atlasa burutzeko bi errolda urte hartuko dira kontuan, 2017 eta 2018, baina 2016tik www.ornitho.eus plataforman bildutako informazio guztia ere erabiliko da. Era berean bestelako informazio-iturriak ere aintzat hartuko dira (errolda espezifikoak, atlasaren eta www.ornitho.eus webgunearen protokoloetatik kanpo bildutako datu isolatuak), hirian hegazti habiagileek duten banaketa espazialari buruz datu gehigarriak izango direlarik.
Lehenengo eta bigarren faseak 2017 eta 2018 urteetan garatuko dira, errepikatuz.
3. fasea. Datuak aztertzea eta argitalpena idaztea
Behin datuak bilduta, aztertu egingo dira espezieen udalerriko banaketaren mapak egin ahal izateko. Bi mapa mota egitea aurreikusten da: presentzia/gabezia mapa bat, irteeretan bildutako datu gordinak erakutsiko dituena, eta espezie bakoitzaren ustezko distribuzioa, hiriko habitat mota ezberdinen eskuragarritasunarekin lotutako hainbat aldagai kontuan hartzen dituen eredu matematiko batetik sortua. Lan honetan sartuko da baita ere atlasaren idazketa. Ondoren, ikerkuntza-lan honen emaitzak publiko egingo dira herritarrentzat, atlasaren argitalpenarekin, eta difusio-jarduera ezberdinekin, hala nola hitzaldi publikoak edota material didaktikoaren banaketa.
AtlaSS-ren helburuak
Donostiako hegazti habiagileen atlasaren helburuak ondorengo puntuetan laburbiltzen dira: Donostiako hegazti habiagileen Atlas bat egitea, udalerrian habia egiten duten hegaztien
banaketa espazialaren ezagutza zehatza izateko.
Hiriko bioaniztasunaren kontserbazioaren egoera baloratu hegaztien bidez, ingurumen- egoeraren bio-adierazle diren heinean.
Hegazti gaietan herritarren formakuntza sustatu: udalerriko espezieen identifikazioa. Herritarren zientziaren esparruan, sozialki suspergarri den proiektu batean herritarren partehartzea sustatu.
Hegaztien behaketarako-kontserbaziorako gune garrantzitsuak identifikatu udalerrian eta xarma kultural gisa (ingurumen-hezkuntza) eta turismorako (ekoturismo) hegaztien balioa indartuz Donostian.
Hiriko ingurumen-ondarearen balioaz kontzientziatu herritarrak.