Aurrera pausuak berdintasunaren bidean

Aranzadi

Astelehena, 2023eko azaroaren 6a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Urriaren 23an eta 24an Emakundek antolatutako Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia. Paradigma aldatzea helburu. Nazioarteko biltzarra” ospatu zen Miramar Jauregian eta Aranzadiko Berdintasun Batzordea bertan izan zen telematikoki, zein presentzialki ere. Denera 3 tailerretan parte hartu zuten eta artikulu honetan eskuratutako irakaspenik garrantzitsuenak bildu eta partekatu nahi dira:

Principales resistencias a la implementación de Planes de Igualdad y cómo abordarlas. El caso de GEARING-Roles tailerrean, erakundeen gehiengoak erresistentzia eta zailtasun berberei aurre egin behar dietela azaleratu zen. Agerian geratu zen berdintasun-batzordeen esperientzia, oro har, laburra dela, eta, beraz, guztien artean egin behar dela bidea. Erakundeen benetako barne-eraldaketa batzorde horietako pertsonen borondatearen esku dago hein handi batean, baina neurri berean proposatutako neurriak betearazteko organo eskudunen esku ere badago.

Gainera, erresistentziak ebidentzia bat direla ondorioztatu zen; non lan egin behar den jakin eta elkarrizketaren fokua non jarri erabakitzen laguntzen dutenak. Horrez gain, umorea proposatu zen erresistentziei aurre egiteko estrategia posible gisa eta eraldaketa-prozesuak lideratzen dituztenen higadura saihesteko estrategia gisa.

Herramientas para limpiar el aire tóxico de los contextos científicos tailerrean, berriz, lan esparru seguru bat lortzeko zenbait gako landu ziren. Horretarako hainbat dinamika egin ziren, tartean rol joko bat. Joko horretan, emakume erasotu bat salaketa jartzera doan momentua antzeztu zen, eta prozesu hori ongi eta enpatiaz emateko gakoak identifikatu ziren.

La vocal egoísta: las bases gramaticales de la discriminación lingüística (y como evitarlas) izeneko tailerrean hizkera sexista saihesteko dauden zenbait baliabide landu ziren. Oinarrizko kontzeptuetatik abiatu zen eta landu zen hizkuntza inklusiboa eta hizkuntza ez sexistaren arteko aldeetan. Hortik, gai konplexuagoak lantzeko aukera izan zen, eta landu zen nola hizkuntza batek balio dezakeen egungo emakumeen ikusezintasuna areagotzeko, hierarkizazio diskriminatzailean sakontzeko eta esparru kontzeptual hegemonikoa betikotzeko.

Tailer horietan ikasitakoarekin Aranzadin gure hausnarketa eta lanketa prozesu propioarekin jarraitzeko asmoa dauka berdintasun batzordeak. Bereziki prebentzio lanean sakondu eta salaketak daudenean ahalik eta modu egokienean erantzuteko asmoarekin.