Azpeitia 1960-2017 Motibazio politikoz giza eskubideen urraketak biltzen dituen liburua aurkeztu zuen atzo Azpeitiko Udalak

Aranzadi

Osteguna, 2018eko uztailaren 5a — CEST

Irakurketa: 4 minutu

Egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko, Aranzadi eta Udala azken urteetan osatzen ari diren ibilbidearen baitan, pausu bat gehiago ematera ausartu dira eta atzora arte edota gaur oraindik ere urratzen diren giza eskubideak ikertu eta plazaratu dituzte liburu honetan. Iragana aztertzeko zorroztasuna behar da, eta horretarako Udalak konfiantza osoa jarri du Aranzadirengan, irizpide zientifiko eta neutraletan oinarrituta azterketa egiteko.

Paco Etxeberria EHUko Lege eta auzitegi Medikuntzako irakasleak eta Jon Mirena Landa EHUko Giza eskubideen eta Botere Publikoen katedradunaren hitzaurreak ditu liburuak, eta ekitaldian lan honetan erabili den metodologiaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Landak biolentziaren bilaeraz hitz egin du: "Duela 500-700 urte biolentzia iraultzarekin lotzen zen, Europa osoan. Gaur, berriz, terrorismoarekin edo salbuespen egoera eta neurriekin lotzen dugu", azpimarratu du. Giza eskubide urraketak ikertzeko garaian berdintasun eta zatiezintasun printzipioak aipatu ditu: "Giza eskubide guztiak berdin tratatu eta ikertu behar dira. Merezi duten bezala, serio. Eta ikertzen hasita, guztiak ikertu behar dira, justizia ariketa zintzoa egiteko. Indarkeria kasuen aurrean bakoitzak bereari gehiago begiratzeko joera eta joku politikoan sartzeak duen eraginaren berri ere eman du.

Etxeberriak egindako lana balioan jarri nahi izan du: "Azpeitiko Udala memoriaren arloan egiten ari den lana ikaragarria da, eta liburu hau ere irekitako bidean urrats garrantzitsua izango dela ziur nago. Gaur hemen zaudeten batzuk ezagutzen zaituztet, eta badakit biktimei asko kostatzen zaiela gertatutakoaz hitz egitea. Liburuan, gertatutakoa biltzeko lan handia egin da". Neutraltasunaren kontra ere egin du: "Ez gara neutralak, objetiboak eta inpartzialak bai, baina neutralak ezin gara izan giza eskubide urraketen aurrean".

Udaletxeko Aretoa gainezka zegoen atzo aurkezpenean.

Gertuko iraganaren ikerketa egiten ikasten ari direla ere gaineratu nahi izan du: "Denok ari gara ikasten nola ikertu duela urte gutxi gertatutakoa. Hau lehena izan da, eta ziur nago beste udalek ere jarraituko dutela hemen urratutako bidea".

Alkateen adierazpena

Aurkezpenean presente izan dira Frankismo garaitik gaur egun arte alkate izan direnak ere. Luxiano Lazkano, Joxe Mari Bastida, Julian Eizmendi, Iñaki Errazkin eta Eneko Etxeberriak adierazpen bat adostu eta irakurri dute. Denen izenean, Eizmendik, Errazkinek eta Etxeberriak irakurri dute adierazpena."Begirada kritikoa izan behar dugu gure etorkizuna eraikitzeko. Hala ere, ez da egia osoa jaso oraingoz, ezinezkoa izan delako. Eskubide gehiagoren urraketak gertatu dira, eta horiek ere ikertu behar dira. Bide horretan lanean jarraitzeko gure konpromisoa aldarrikatzen dugu", adieraziz hasi da Julian Eizmendi alkate ohia. "Azpeitiak indarkeria handia jasan duen herria da. Indarkeria horren ondorioak larriak izan dira, eta oraindik ere, askok eta askok, ez dute merezi duten aitormena eta babesa jaso. Izen-abizenak dituzten herritarrak dira, eta, guztiei, edozein izanda ere jasan duten indarkeria mota, gure aitortza egitea nahiko genieke. Guzti-guztiek merezi dute instituzioen/udalaren babesa jasotzea. Guretzat giza-eskubideen urraketa jasan duen herritar orok merezi du aitortza eta minaren aurrean, elkartasuna.

"Batzuen ustez, urte asko, gehiegi igaro dira giza eskubide urraketa batzuk gertatu zirenetik, eta bere horretan uztea hobe dela diote. Baina hori ezinezkoa da herri hau oinarri sendoen gainean eraiki nahi badugu. Derrigorrezkoa da isiltasunarekin apurtzea. Egia nagusitzea ezinbestekoa da, berriro ez dadin gertatu eta beldurrak ez diezagun irabazi", jarraitu du Iñaki Errazkin alkate ohiak.

"Ez da Azpeitiko Udalaren ardura osoa, baina nahiago dugu zuoi, giza eskubide urraketan jasan dituzuenoi begietara begiratzea, eta beste aldera ez begiratzea. Horregatik Azpeitiko alkate eta alkate ohiok benetako aitortza egitea nahi dizuegu guztioi. Biktima guztiengana eskaintzen gara, zabaltasunean, banaka eta kolektiboki beharrezkoak dituzuen babesa gugan bila dezazuen. Badakigu urraketa jasan dituzuen askok eta askok ez duzuela beharrezko babes instituzionala jaso eta askok ez duzuela inongo justiziarik izan. Gu guztion ateak irekiak izango dituzue, edozein dela ere mina, beharrezkoak dituzuen kezkak partekatu eta gertutasunetik eta egiatik hitz egin eta elkarrizketarako", esanez bukatu du Eneko Etxeberria gaur egungo alkateak.

Giza eskubideen urraketak, datutan

250 urraketa ezberdin identifikatu dira, 177 lagunek jasandakoak. Kopuru horretatik, 140 lagun identifikatuta daude.

  • 54 kasu 1960-1975 artean.
  • 63 kasu 1976-1982 artean.
  • 127 kasu 1983-2017 artean.
  • 6 kasuren data zehaztu gabe dago.

Urraketak, 6 ataletan bildu dira.

  • 1) Bizitzarako eskubidea urratzea: 11 kasu dokumentatu eta beste bi herritar ofizialki enfrentamentu batean hil ziren.
  • 2.) Osotasun fisiko, psikiko eta moralaren urraketak: 109 kasu dokumentatu, horietatik 97 tortura salaketak dira. Horiez gain, 3 atentatu eta/edo eraso fisiko daude, azpeitiar enpresaburuen 2 bahiketa, 5 bortxaz atxikitze eta bi zauritu atentatu baten ondorioz.
  • 3.) Pertsonei egindako mehatxu larriak: 20 kasu identifikatuei, Azpeitian 25 lagunek eskolta eraman dutela gaineratu behar zaizkie.
  • 4. )Estortsio ekonomikoa: 7 kasu
  • 5.) Motibo politikoz ondasun materialei egindako atentatuak: Ondasun partikularraren kontra eginiko 28 atentatu; horietatik bederatzi PSEko kideei, zortzi EAJkoei, zazpi ertzainei eta hiru ezker abertzalekoei. Era berean, enpresen, alderdi politikoen eta erakundeen ondasun materialen kontrako 71 atentatu kasu zehaztu dira.
  • 6.) Motibo politikoz eragin diren beste urraketa eta sufrimendu batzuk: Hemen epaituak, exiliatuak, deportatu edo deserriratuak eta dispertsio politikaren ondorioak jasan dituzten presoak daude.