Azpeitiak "gerra galdu zutenen" memoria berreskuratzen du

Aranzadi

Ostirala, 2016eko martxoaren 11a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

"Ikerketari esker, jakin ahal izan dugu 1.000 pertsona inguruk alde egin behar izan zutela Azpeititik, 163 herritarrek auzitegi militar frankisten gerra-kontseiluen ondorioz alde egin behar izan zutela, ehundako azpeitiar beren etxeetatik urrun zeuden kartzeletara eraman zituztela". Horrez gain, azaldu du Azpeitiko 77 bizilagun beren lanpostuetatik "baztertu" zituztela eta 35ek zigor ekonomikoak edota beren ondasunen konfiskatzeak jasan zituztela. Bestalde, emakumeek bizitakoari egin dio aipamena: "Dozenaka emakume azpeitiar desterratu zituzten eta irainak eta tratu txarrak jaso zituzten". Gutxienez 280 gudari eta miliziano aritu ziren borrokan, eta gutxienez 22 hil ziren. Hauek dira liburuak biltzen dituen zenbait datu.

Liburuak bi liburuki ditu: Azpeitia 1936-1945: Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa eta Azpeitia 1936-1945: Memoriaren izenak. Gaur, osteguna, aurkeztu dute liburua Eneko Etxeberria alkateak, Estitxu Elduaien zinegotziak eta Aranzadiko ordezkari Juantxo Agirrek eta Javi Buces historialariak.

Azpeitia "erreferentzia"

Juantxo Agirrek eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean, "aukera hau emateagatik eta lan metodologia errespetatzeagatik". Agirrek azaldu duenez, "garai zailak ziren, indarkeriaz beterikoak, giza eskubideak urratu ziren eta demokrazia galdu zen". Gainera, Azpeitia garai haietan Euskal Herrian gertatutakoaren "erreferentzia" dela adierazi du: "Herri honetan gertatutakoak aztertzea berezia izan da. Izan ere, garai haietan Euskal Herrian gertatutakoaren erreferentzia da Azpeitia. Euskalduna eta kristaua. Giza eskubideen urraketak nabarmenak izan ziren".

Bestalde, Agirrek azpimarratu du lan hau ez dela "ikerketa historikoa soilik", "egiaren bila" aritu direla gaineratuz. Horretarako aritu da lanean Jabi Buces. Espainiako artxiboetan ez ezik, Euskal Herrikoetan eta hemengo jendearen testigatzak biltzen.

Egindako lanarekin "oso pozik" daudela azpimarratu du Juantxo Agirrek eta esan du "Azpeitian egin diren moduko lanak" egin behar direla "herri guztietan".

Aitortza, "errepresioa jasan zutenei"

Etxeberria alkateak "eskerrak" eman dizkio Aranzadiri eta bereziki Javi Bucesi. Bestalde, barkamena eskatu du: "Udalak barkamena eskatu behar du erakunde bezala. Berandu datorren lana da, 80 urte pasatu baitira orduz geroztik eta lehenago ere bazeuden aukerak lan hau egiteko. Pena bat da horren berandu iristea, baina, behintzat, iritsi da".

Gaur aurkeztutakoa "galtzaileen liburua" dela esan du Eneko Etxeberriak eta eskerrak ere eman ditu. "Eskerrak eman nahi dizkiet galtzaile horiei eta haiekin batera sufritu zutenei. Baita isiltasuna puskatzen lagundu duten pertsona guzti horiei ere", esan du Etxeberriak. "Errepresioa jasan zutenei aitortza egin nahi" dietelako, hurrengo zapatuan, martxoak 19, liburuaren aurkezpena egingo dutela jakinarazi du alkateak. Sanagustin kulturgunean izango da, 12:00etan hasita.

Liburua doan

Bi liburukiak doan banatuko dituela jakinarazi du Udalak. Datozen egunotan herriko etxe guztietara txartel batzuk banatuko dituzte, liburuaren aurkezpenaren berri emanez. Aurkezpenaren egunean, martxoaren 19an, Sanagustinen txartel horiek erakutsiz gero, doan jaso ahalko dira liburuak. Guztira 1.000 ale argitaratu dituzte eta horiek agortu arte banatuko dituzte. Eneko Etxeberriak azaldu duenez, "gure betebeharra da liburu horiek banatzea. Egia jakiteko eskubidea dugu, eta modu honetan hala izatea bermatuko dugu".