Baionan aurkeztu da Isturitz kobazuloari buruzko ikerketa Munibe Monographsen
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Astelehena, 2026eko martxoaren 16a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Isturitz eta Otxozelaiako haitzuloak Euskal Herri osoan erreferentzia handiena duen goi paleolitoko aztarnategi arkeologikoa dira. Hezurretan zizelkatutako objektu bikainen eta haien labar-pintura eta -grabatuen kantitatea eta kalitatea erreferentzia dira Europako historiaurre osoan. Hala ere, garrantzi horretako aztarnategi batek ez zuen bere garrantzi arkeologikoari zegokion mailako argitalpen zientifikorik.
Aranzadi Zientzia Elkarteak Munibe aldizkaria jarri du Isturitzeko aztarnategiaren esku. Euskal Herriko arkeologiaren arloan maila eta erreferentzia handieneko argitalpena da. Erreferentziazko argitalpenetako bat da, duela 75 urtetik hona Europa osoko 300 unibertsitate eta ikerketa-zentro baino gehiagotan trukatzen dena.
Frantziako Kultura Ministerioaren, Isturitz-Oxocelhaya elkartearen eta Euskal Elkargoaren laguntzari esker, Isturitz-Oxocelhaya izeneko monografia argitaratu da. L 'art parietal des grottes de la colline de Gaztelu (Pays Basque), 346 orrialdekoa.
Bertan parte hartu dute diziplina ezberdinetako 23 ikerlarik: Diego Garate, Olivia Rivero, Nathalie Vanara, Joseph Canérot, Christian Normand, Hubert Camus, Manon Rabanit, Yves Bramoullé, Gilles Parent, Aude Labarge, Iñaki Intxaurbe, Carolyn Barshay-Szmidt, Jean-Yves Bigot, Didier Cailhol, Philippe Audra, Laurent Bruxelles, Hector Caillaud, Lionel Barriquand, Manon Rabanit, María Ángeles Medina-Alcaide, Xavier Muth, Aritza Villaluenga Martinez. Université Paris, Université de Toulouse, Association Eusko Arkeologia, Laboratoire TRACES, University of Toronto, Kantabriako Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Salamancako Unibertsitatea, Association française de karstologie, Université Nice Sophia Antipolis, Université Savoie Mont Blanc, Université de Bordeaux.
Argitalpenak aztarnategien geologia karstikoa, ikerketa arkeologikoen historia, testuinguru geografikoa eta kulturala, arte materialaren katalogoa, hormetako arrailetan aurkitutako objektuen biltegiak, labar-artearen jarduera sinbolikoa, giza asentamenduak eta abar deskribatzen ditu.