Bermeoko Izaro irlan hegaztien migrazio mugimenduak ikertzen

Ornitologia

Asteartea, 2019eko uztailaren 30a — CEST

Irakurketa: 7 minutu



  • Etengabeko ahalegina eskatzen duen eraztunketa-proiektu honen helburua hegaztien migrazioaren inguruko ikerketarako datuak biltzea da, zehazki migrazio postnupzialean.

  • Proiektu honek Mediterraneoan duen aurrekaria Italian egin zen, Piccole Isole izeneko proiektuan. 1988.urtean Italiako Fauna Basatiaren Institutuaren zuzendaritzapean egin zen eta herrialde asko batu dira proiektu honetan.

  • Abuztuak 4tik irailak 8ra, 4 lagun uhartean biziko dira eta bidaia luzeetan atseden uhartean hartzen duten hegaztiei buruzko informazioa jasoko dute.


Hegaztien migrazioak Kantauri itsasoan


Uharteek hegazti migratzaileentzat duten geltoki-funtzioa sakon ikertu da Mediterraneoan zenbait ekimenen bidez; tartean da Piccole Isole. Proiektu honetan eginiko ikerketek oso datu interesgarriak eman dituzte irlek hegaztien migrazioetan duten garrantziei buruz, eta datu horiek ekarpen handia egin dute hegaztien migrazioari buruz dakiguna hobetzeko.


Izaro uhartea Oka ibaiaren bokalearen aurrean dagoen uhartetxo bat da eta Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago, Bermeon. Horregatik, Kantauri itsasotik datozen hegazti migratzaileentzat, penintsulara leku horretatik sartzen direnentzat, lehorreko lehen gunea da. Testuinguru geografiko horretan, Izaro leku estrategikoa da, eta oso interesgarria Kantauri itsasotik datozen hegaztien migrazioa aztertzeko.


Hegaztiei eraztunak jartzeko proiektua Izaron (Bermeo)


Proiektu honen helburua hegazti txikiek Kantauri itsasoa zeharkatuz egiten duten migrazioaz dakiguna sakontzea da. Zehazki, Izaro uhartean eraztunak jartzeko kanpaina bat egiteko asmoa dugu, jakiteko ea hegazti horiek zer egoeratan bidaiatzen duten eta zergatik egiten duten geldialdia uhartean.


Kanpaina abuztuak 4an hasiko da eta irailak 8ra arte iraungo du. 4 pertsona uhartean biziko dira eta euretariko bat gutxienez, titulodun eraztuntzailea izango da. Hegaztiei eraztunak jartzen arituko dira egunez, txandak antolatuta. Pertsona horiek –gehienak ornitologiaren, xede zientifikoetarako eraztunak jartzearen eta biologiaren zaleak– Estatuko zenbait lekutatik etorriko dira uhartera lanera: Extremadura, Menorca, Madril, Andaluzia, Gaztela eta Leon eta Euskaditik Eraztuntzaile arduraduna izango da txandako arduraduna eta proiektua bideratzeaz uhartean egingo duten egonaldian. Parte hartzaile guztiak bolondresak dira eta inork ez du kobratuko ezer ere ez.


Hegaztien espezieak eta metodologia


Eraztunak jartzeko kanpaina espezie transahararrekin egingo da; hau da, Europan umatu eta negua Afrika tropikalean igarotzen duten hegaztiekin. Laginketa abuztuaren 4tik irailaren 8ra egiteko asmoa dugu.


Eraztunak jartzeko protokoloa esfortzu iraunkorreko estazioetan erabiltzen den ohikoa izango da. Zenbait laino-sare jarriko dira, 16 mm-ko argitasunekoak, harrapatuta gelditzen diren hegaztiak hartzeko. Sareak zabalik egongo dira egunsentitik iluntzeraino. Irekita dauden denboran, orduro begiratuko dute sarea eta haize leuna/arina edo beroa bada, berriz, maizago. Euria eta haize zakarra izanez gero, sareak itxita egongo dira, harrapatutako hegaztiak hil ez daitezen.


Hegaztiak harrapatutakoan, aurretik prestatutako kolektoreetan sartuko dituzte eta, berehala, eraztunak jarri eta neurtu egingo dizkiete hegalen eta soinaren luzera, koipea eta pisua. Adina eta sexua ere zehaztuko dute lumak aztertuta.


Logistika eta taldeen kudeaketa


Uhartean ez dago ontziratzeko lekurik eta bertara iristeko aukera seguruena Bermeoko Gurutze Gorriaren ontzietan joatea da. Iristea, gainera, itsasoaren egoerak erabat baldintzatzen du. 7 eguneko txandak egiteko asmoa dago eta, beraz, Izarora iristeko eta hornigaiak eramateko egunak abuztuak 4,11,18 25 eta irailak 1 izango dira, irailak 8an kanpainari amaiera emanez.


Uhartean 4 pertsonako taldea finkatuko da. Eraztunak jartzearen arduradun batek eta 3 laguntzailek osatuko dute taldea. Sareak begiratzeko txandak antolatuko dituzte eta hegaztiak sareetan ahalik eta denbora gutxien egoteko eta haien manipulazioan ere ahalik eta denbora gutxien pasatzeko jarduera-protokolo bat ere egongo da.


Taldekideek, uhartean egiten duten egonaldian, kanpin-denda batean hartuko dute ostatu. Egonaldian sortzen diren hondakin guztiak Izarotik ateratzeko ardura ere izango dute.


2018KO KANPAINAKO EMAITZAK


Guztiz, 20 espezie eraztundu ziren (Taula 1). Eraztunketen kopurua 1297koa izan zen eta gainera, 88 norberen berreskurapen (Izaron egun batzuk edo ordu batzuk lehenago geuk eraztundutakoak) eta atzerrian eraztundutako berreskurapen bi, bata Erresuma Batukoa eta bestea Belgikakoa. Honez gain, Lertxuntxo itzainen 32 txita eraztundu ziren.


Taula 1















































































































Espezieak



Harrapaketak



Berrezkurapenak



Txio horia



1107



69



Buztanzuri arrunta



49



2



Pitxartxar burubeltza



43



1



Kaio hankahoria



24



6



Sasi-txinboa



14



2



Buztangorri illuna



11



1



Euli-txori grisa



9



0



Lezkari arrunta



7



2



Urretxindorra



5



2



Argi-oilarra



5



0



Zozo arrunta



4



5



Txantxangorria



3



0



Sasi-txori arrunta



5



0



Pitxartxar nabarra



3



0



Buztangorri argia



2



0



Zata arrunta



2



0



Ekaitz-txori txikia



1



0



Paparrurdina



1



0



Antzandobi arrunta



1



0



Benarriz arrunta



1



0




Taula 1-ean, espezieka adierazten da harrapaketen zerrenda. Ikus daitekeenez, ugariena Txio horia izan zen, Buztanzuri arrunta eta Pitxartxar burubeltza bere atzetik. Espezie hauek izan ziren, guztiz harrapatutakoaren %92.4 –a, hirurak izanik espezie transaharariarrak, kontinentearen iparretik datozenean eta pasoan daudenean.