
Burbunak eta Etsayak. Hernaniko natura eta ahozko ondareari tiraka

Aranzadi
Ostirala, 2015eko azaroaren 6a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Burbunak eta Etsayak Hernaniko natura eta ahozko ondarea biltzen dituen dokumentala da, eta Hernaniko bailaretan gizaldiz gizaldi transmititu den aberastasuna erakusten digu. Landare eta animaliei buruzko corpusa osatzeko helburuarekin hasi zen, baina aurretik, dokumentala egin dute, naturarekin harremana mantendu duten hernaniarrei egindako elkarrizketekin osatua. 25 hernaniar ingururi egindako elkarrizketekin osatu dute lana.
Dokumental osoa azaroaren 14an ikusi ahal izango da aurrenekoz, 18:00etan Ereñotzuko San Antonio elizan. Ondoren, abenduaren 4an Biterin jarriko dute, 19:00etan, eta abenduaren 7an, Durangoko Azokan, 13:00etan.
Gaurtik aurrera, ordea, aurrerapen txiki bat ikusteko aukera izango da interneten; Kronikaren edota Aranzadiren webguneetan:
IKUSI AURRERAPENA
Dokumentalaren sinopsia:
Ondarea da hari-mataza bat, inoiz bukatzen ez dena. Tira eta tira egingo diozu hari-muturrari, eta ez da inoiz bukatuko. Pertsonak naturan itsatsita egon denetik sekulako jakintza pilatu du, mataza bukaezina. Egin ditu sendagaiak belarrekin, eta jarraitu dio basoko piztiari, herriko azken zokoraino... Animalia eta landareen izenak, bizimodua, haiekin lotutako sineskerak, mitoak... Herritarrak gero eta hiritarrago diren Euskal Herri honetan, badira ondare hori bizi bizirik mantentzenduten herritarrak. Hernaniko kasua azaltzen du dokumental honek, ondarea gaur eguneraino dakarren hari-muturra ez baita erabat eten Hernanin. 25 protagonistek argituko dute zer diren burbunak eta etsayak.
- Irudiak eta post-produkzioa: Joxan Ruiz (Truk HD) eta Jon Mari Beasain
- Elkarrizketak eta gidoia: Iñaki Sanz-Azkue (Aranzadi) eta Eñaut Agirre (Dobera)
- Bultzatzaileak: Dobera Euskara Elkartea eta Aranzadi Zientzia Elkartea
- Laguntzaileak: Ereñotzuko Auzo Udala eta Hernaniko Udala