Burgoseko epaiketari buruzko erakusketa Arrasaten

Aranzadi

Ostirala, 2021eko otsailaren 19a — CEST

Irakurketa: 2 minutu



Iaz bete ziren 50 urte Burgosko Prozesua egin zela, non bederatzi lagun heriotza-zigorrera kondenatu zituen aginte frankistak. Urteurren horren harira, erakusketa antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, eta gaur arratsaldean inauguratu dute Arrasateko Kulturateko klaustroan. Bertan izan dira, besteak beste, Aldundiko Gobernantza diputatu Eider Mendoza, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendari Ion Gambra eta Arrasateko alkate Maria Ubarretxena, bizikidetza mahaiko kideekin batera.




"Gizarte-mobilizazioa arrakasta bat izan zen, erregimenaren aurkako desadostasuna zabaltzen lagundu baitzuen eta orduko agintariei erakutsi baitzien ezinezkoa zela protesta haiek itzaltzea. Kasuak izandako oihartzun mediatikoa zela eta, frankismoari berari egindako prozesu moduko bat bilakatu zen", adierazi du Mendozak. "Etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak jartzeko, gure iraganaren orrialde guztiak irakurri behar ditugu, ezer ezkutatu gabe", gehitu du Ubarretxenak.

Testuinguruan sakontzen du


Epaiketaren testuinguru historikoan sakondu nahi du erakusketak. Meliton Manzanasen heriotzan parte hartzea leporatuta ETAko ustezko hamasei kide prozesatu zituzten 1970eko abenduan: bederatzi heriotza-zigor, 519 urteko kartzela-zigorrak eta absoluzio bat izan ziren emaitza. Gizarte zibilaren mobilizazioek eta presio internazionalak heriotza zigorrak ez gauzatzea ekarri zuten: "Euskal gizartearen garaipen txiki bat izan zen", adierazi du Javi Buces Aranzadi elkarteko kideak.

Erakusketak hiru bloke izango ditu. Lehenengoan, Burgosko Prozesua gertatu zen testuinguru historikoa islatzen da. Bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa azalduko dira; hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa.

Erakusketa martxoaren 6ra arte bisitatu ahalko da, 17:30etik 20:30erako ordutegiarekin; domeketan itxita egongo da.

Batez ere gazteei zuzenduta


Aurkeztu duten erakusketaren formatua "gazteei erakargarri egiteko" aukeratu dutela azaldu du Eider Mendozak. Hala ere, Donostian eta Deban aurrez egindako erakusketetan garai hura presenteago duten jende gehiago azaldu dela adierazi dute, ondorioz, gazte orori Kulturatera hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete gaur bertan bildutako ordezkariek.