Burgosko prozesuak Euskal Herriaren historian izandako eragina aztertuko dute erakusketa batean

Aranzadi

Osteguna, 2020eko azaroaren 12a — CEST

Irakurketa: 3 minutu


Burgosko prozesuaren testuingurua ezagutarazi eta Euskal Herriko historia hurbilean izan zuen eragina aztertu. Horiek dira 1970-2020 Burgosko prozesua. Frankismoari epaiketa izeneko erakusketaren helburua. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak antolatu dute, elkarlanean, eta EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaria eraikinean ikusgai izanen da, azaroaren 20tik urtarrilaren 26ra.


Prozesuaren nondik norakoak azaltzeko, garai hartako 173 agiri eta testigantza bilduko dituzte erakusketan. Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendari Ion Gambrak erakusketaren aurkezpenean nabarmendu duenez, Burgosko auziak berebiziko garrantzia izan zuen «frankismoaren aurkako borrokaren eta euskal auziaren bilakaeran». Prozesuaren inguruan piztutako protesta eta mobilizazioak aipatu ditu, frankismoaren gainbeheraren katalizatzaile gisa: «Gizarte mobilizazioa arrakasta izan zen frankismoaren aurkakoentzat, erregimenaren aurkako desadostasuna zabaltzen lagundu baitzuen eta orduko agintariei erakutsi baitzien ezinezkoa zela protesta haiek itzaltzea. Era berean, kasuak izandako oihartzun mediatikoa zela eta, frankismoari berari egindako prozesu moduko bat bilakatu zen, eta euskal gaia munduari ezagutarazi zion», azaldu du.


1970. urteko abenduaren 3tik 9ra bitartean egin zen Burgosko prozesua. ETAko 16 kide prozesatu zituzten, gerra kontseilu batean, ustez Meliton Manzanasen hilketan parte hartzeagatik. Espainiako Brigada Politiko-Sozialeko buruzagia zen Manzanas Gipuzkoan; Francoren polizia politikoaren arduraduna, alegia. Haren aurkako atentatuak ere tokia izanen du erakusketan, eta baita Jose Antonio Pardines Arcay guardia zibilaren aurkako erasoak ere. Gambraren esanetan, «inflexio puntu» izan ziren bi eraso horiek euskal gatazkaren bilakaeran. Hilketa horien ostean, diktadurak are gehiago gogortu zuen errepresioa, eta Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta hil zuen Bentaundin (Tolosa, Gipuzkoa). «Oso garrantzitsua da gazteenei helarazteko gai izatea gure herrian gertatu denaren, terrorismoak izan dituen ondorio gogorren eta gure gizartean izan diren motibazio politikoko indarkerien memoria kritikoa. Horregatik, zentzu berezia hartzen du erakusketa hau Ibaetako campusean egiteak», adierazi du Gambrak.


Bederatzi heriotza zigor eta 519 urteko espetxealdiak




Euskal gizartearen mobilizazio handiek ere pisu handia izan zuten hurrengo hilabete eta urteetako gertakarietan. Abenduaren 4an, Francoren Ministroen Kontseiluak salbuespen egoera ezarri zuen Gipuzkoan, eta Poliziak berrehun pertsona atxilotu zituen astebetean.


Abenduaren 28an, fiskaltzak eskatutakoak baino zigor handiagoak ezarri zituen epaia argitaratu zen: bederatzi heriotza zigor, 519 urteko metatutako espetxealdia eta absoluzio bat. Gau hartan, bat-bateko manifestazioak egin ziren Donostian, eta, biharamunean, lanuzte gogorrak abiatu zituzten Gipuzkoan eta Bizkaian. Aldi berean, diktadurak presio diplomatikoak jaso zituen hainbat herrialdetatik, auzipetuak indultatzeko eskatuz. Azkenik, heriotza zigorrak hilaren 30ean kommutatu ziren.


Hiru hildako protestetan


Aranzadiko ikerlari Javi Bucesek azaldu duenez, erakusketak hiru bloke ditu. Lehenengoan, Burgosko prozesua gertatu zen testuinguru historikoa islatzen da. Bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa azalduko dira; hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa kontatuko da. «Gainera, oso gertaera ezezagun batez arduratu nahi izan dugu. Izan ere, 1970. urte hartan hildakoak izan ziren Gipuzkoan, Burgosko Prozesuaren aurkako mobilizazioen testuinguruan. Roberto Perez Jauregi, Antonio Goñi eta Imanol Andueza erregimeneko poliziaren eskuetan hil ziren», adierazi du. Hartara, erakusketa «heriotza zigorraren aurkako alegatu bat» ere badela azpimarratu du ikerlariak.