Cristina Enea Fundazioak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak lankidetza-hitzarmen iraunkorra sinatu dute

Aranzadi

Astelehena, 2015eko otsailaren 16a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteko presidente Francisco Etxeberriak, eta Cristina Enea Fundazioko zuzendari Jose Mª Hernandezek sinatu duten dokumentuak jasotzen duen bezala, hitzarmen honek bilatzen du “zientziaren edo/eta zientziaren didaktikaren esparruan egiten diren ikerkeketetan lan jarioa eta kolaborazioa erraztea, bi erakundeen arteko partehartze-proiektuen bidez”. Era berean lurraldearen natur-ondarearen ezagutza hobetzeko egitasmoak garatu nahi dira, hainbat esparrutako elkarlanaren bidez, besteak beste eremu-ikerketa, datu-analisiak…

Hitzarmen honek izaera egonkorra eskaintzen dizkie azken urteotan bi erakundeen artean garatu diren lan puntualei. Horrela, Cristina Enea Fundazioak Aranzadi Zientzia Elkarteko sail ezberdinekin kolaboratu izan du irteerak, gaikako-asteak, ikastaroak, tailer didaktikoak, erakusketak edota proiekzioak antolatzeko garaian besteak beste, herpetologia, ornitologia, geologia edota mikologia bezalako esparruetan sakonduz.

Lankidetza-hitzarmen egonkor honen testuinguruan egitasmo eta proiektu berriak sortuko dira, natur-ingurunea hobetzeko aukera eskainiko dutenak, bai eta herritarren eskuetan informazio hori jartzeko dibulgazio-tresnak hobetzeko aukera eskaini ere, bi erakundeek komunean dituzten interesak baitira.