Donostiako hegazti habiagileen errolda egiteari ekin zaio

Ornitologia

Osteguna, 2017eko apirilaren 20a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Ofizialki otsailaren 10ean abian jarri zen AtlaSS egitasmoaren testuinguruan, hirian ugaltzen diren hegaztien erroldari ekin zaio jada. Txolarre eta usoetatik haratago, Donostia natur-ondare handia duen hiria da. Bere lorategiek, basoek, zelaiek eta itsas- labarrek makina bat espezie gordetzen dituzte beren baitan. Urtea hasi zenez geroztik, AtlaSS egitasmoaren baitan sortu den zientzi-herritarraren sareak dagoeneko 58 hegazti-espezie habiagile identifikatu ditu hirian. Horien artean daude kolore anitzetako txoritxoak baina baita mehatxatuak dauden zenbait espezie ere, esaterako belatz handia edo hontz handia.

Nolanahi ere kopuru hori handitzen joango da datozen egunetan, errolda-lanek aurrera egiten duten heinean. Erroldak bi fasetan egingo dira, apirilak 15etik maiatzak 15era eta maiatzak 15etik ekainak 15era, eta data beretan errepikatuko dira hurrengo urtean.500x500 metroko lauki-sare batean zatitu da udalerria eta lauki horietako bakoitzean15 minuturen barruan ikusitako hegazti-espezie guztiak identifikatzea aurreikusten du protokoloak.

Erroldekin batera, herritarrak ornitologiaren esparruan hezitzearen eta herritarrei formakuntza eskaintzearen alde egiten du apustu AtlaSS egitasmoak. Lortu nahi den helburua da hegaztiekiko zaletasuna sustatzea eta gure hirian aurki ditzakegun hegazti-espezieak bereizten irakastea. Orotara 94 lagunek hartu dute parte berriki amaitu diren formakuntza-tailerretan.

AtlaSS egitasmoak 2018 urte amaiera arte jarraituko du; ordura arte, ikastaro berriak antolatuko dira, bai eta gure hiriko txoko egokienetara irteerak ere, hegaztiak behatzeko. Era berean, 2018ko udaberrian bigarren errolda-kanpaina bat egingo da. Egitasmoa 2019an amaituko da, Donostiako hegazti habiagileen atlas-liburua argitaratzearekin batera. Liburu horrek udalerrian dauden hegazti-espezie guztien fitxak izango ditu, eta bakoitzaren distribuzio mapak eta beren egoerari eta espezie horien habitatei buruzko informazioa eta azalpenak ere.

.