Donostiako parke eta lorategiak, naturako altxor txikiak

Aranzadi

Asteazkena, 2018eko ekainaren 6a — CEST

Irakurketa: 4 minutu

Hirilife: Donostiako hiriko bioaniztasunari buruzko proiektua


Aranzadi, Kutxa Fundazioa, Kutxa Ekogunearen finantzaketarekin eta hiriko Udalarekin batera, gaur egun liderra da hiriko bioaniztasunari buruzko Hirilife proiektua zuzentzen. Ekimen horren helburua Donostiako parke eta lorategiak oinarritzat hartuta, esparru horren inguruko parte-hartzea, herritarren prestakuntza eta esku-hartzea bultzatzea da.


Kakun Orbegozo, Kutxa Ekoguneko Edukien eta Proiektuen arduradunaren hitzetan “60ko hamarkadatik, hirietara zuzendutako pixkanakako exodoa eta, ondorioz, landatar eremua bertan behera uztea gertatzen ari dela ikusten ari gara. Lurraldea urbanizatzen eta asfaltoaren azpian natura bahitzen ari gara, baina aldi berean, naturatik aldentzeak pertsonentzat eta gainerako izaki bizidunentzat zoritxarreko ondorioak dituela egiaztatzen ari gara; bestalde, Aranzadi Elkarteak, urte askotako ibilbidean, ondorio negatibo horiek minimizatzeko lan neketsua egin du eta inplikazioa eta erantzukizuna erakutsi ditu. Norbaitek hori etengabe gogoraraztea behar dugu oro har gizarteak erreakziona dezan eta, berandu izan aurretik, ohiturak, bizimoduak eta arau etikoak alda ditzagun”.


Horrekin lotuta, Aranzadik bere Hirilife proiektua Kutxa Fundazioak deitutako laguntzen deialdira aurkeztu zuen 2017an. Beren proiektuak arlo hauen inguruan bultzatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzendutako laguntzak dira: gizarteratzea eta gizarte-laguntza, osasuna, hezkuntza, hizkuntza arloko elkarbizitza, kultura, lankidetza, ikerketa...


Deialdi horretan, besteak beste, honelako alderdiak aztertzen dira: proiektuek erakundearen plan estrategikoarekin duten lotura, eragiten duten inpaktua edo gipuzkoarrei eskainiko dizkieten onurak. Hirilife-k oso balorazio altua jaso zuen


Juan Arizagak, Hirilife proiektuaren arduradunak eta Aranzadiko biologoak, prentsaurrekoan azaldu duenez, udaberri honetan, hainbat prestakuntza-ikastaro eskaini dira arrakasta handiarekin. Ikastaro hauek hiri faunaren espezie ezberdinak identifikatzea zuten helburu. Horretaz gain, boluntariotza kanpaina ezberdinak egiten ari dira. Besteak beste, hegazti intsektiboroetarako eta kabernikoletarako habia-kutxak instalatuko dituzte Ametzagainan, Aieten edo Urgullen eta anfibioentzako urmael gehiago eraiki dituzte jendearen laguntzari esker.


Udan boluntariotzako eta Ibizako sugandilaren (Podarcis pityusensis) populazio-kontroleko beste kanpaina bat egiteko asmoa dago. Espezie inbaditzaile horrek gure sugandila autoktonoekin eta endemikoekin lehia eragiten du Urgullen. Urteak darama Aranzadik ekimen hori lantzen; izan ere, badago aurrekari bat: Gaztelugatxeko (Bizkaia) istmoarena. Ibizako sugandilak erabat ordezkatu zuen bertako espeziea.


BioBlitz Ametzagainan, Euskadin aitzindaria


Hirilife proiektuaren baitan, Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskadiko lehen BioBlitz antolatu du gure hiriko parke eta lorategiei balioa emateko asmoz. Jarduera Garbera Merkataritza Gunearen laguntzari esker egingo da.


BioBlitz izenekoa denbora jakin batean (askotan, 24 orduz) eremu zehatz batean espezieak modu intentsibo eta sakonean bilatzea izaten da. Ideia AEBn sortu zen eta Europa osoko hirietan zabaltzen ari da. Aranzadik ekimenarekin bat egin du eta urtero BioBlitz bat egitea aurrez ikusi du. Pixkanaka-pixkanaka, euskal geografia osoa zeharkatu du.


2018. urte honetan, BioBlitz Euskadi Ametzagainako parkean egingo da. Zehatz esanda, ekainaren 9an izango da, Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin batera. Aranzadiko natura-zientzietako sail guztiek eta beste zientzia-elkarte batzuetako fauna eta flora arloko adituek hartuko dute parte jardueran. 24 orduz, Parkeko hegaztien, ugaztunen, anfibioen, narrastien, tximeleten, burruntzien, kakalardoen eta onddoen espezieak bilatu beharko dira. Nahi duten guztientzat irekita egongo den BioBlitz honetan, gerturatzen diren pertsonek gure hiriko aniztasuna osatzen duten espezieak hobetzeko ezagutzeko, laguntzeko eta ikasteko aukera izango dute Aranzadiko biologoen taldearen eskutik.


Esteka honetan BioBlitzean parte hartuko duten adituen zerrenda.


Jarduera doakoa da eta parte hartu nahi duenak Ametzagainako parkera joan beharko du talde bakoitzaren irteera-ordua baino ordu erdi lehenago.


Hauxe izango da irteeren ordutegia:



  • 22:00 (2018/06/08) - 02:00 (2018/06/09) (4 h): Kiropteroak (saguzarrak)

  • 07:00 - 09:00 (2 h): Hegaztiak

  • 09:00 - 11:00 (2 h): Lurreko ugaztunak

  • 09:00 - 12:00 (3 h): Onddoak

  • 11:00 - 14:00 (3 h): Odonatuak (burruntziak, txitxi-burruntziak) eta narrastiak

  • 14:00 - 17:00 (3 h): Koleopteroak (kakalardoak)

  • 17:00 - 19:30 (2,5 h): Araknidoak

  • 19:30 - 22:00 (2,5 h): Hegaztiak

  • 22:00 - 24:00 (2 h): Anfibioak eta gaueko hegaztiak