Donostiako parke eta lorategietan biodibertsitatea sustatzeko gida bat argitaratu du Aranzadik
Ornitologia / Dibulgazioa eta formakuntza, Ingurumen hezkuntza
Astelehena, 2023eko otsailaren 20a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien Bulegoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostiako parke eta lorategietan biodibertsitatea hobetzeko kudeaketa bereiziaren gida bat egin dute. Hiriko berdeguneetan garatu beharreko kudeaketa-jarraibideak ezartzen dituen gida bat da, eta hiriko toki horietan biodibertsitatea kontserbatu eta sustatzera bideratuta dago.
Donostiako Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak balioa eman dio «Donostian, parkeen eta lorategien bidez goza dezakegun altxor naturalari. Azken urteotan, altxor hori hobetzen ari gara. Hobekuntza horrekin batera, biodibertsitatea indartu behar da, espazio horiek kokatuta dauden hiri-ingurunea kontuan hartuta, eta klima-aldaketak eragin ditzakeen ondorioak ahaztu gabe».
Hiriguneak dira, hain zuzen ere, klima-aldaketaren ondorioekiko espazio zaurgarrienak, eta, ondorioz, eremu urbanizatuetan biodibertsitatea galtzen da. Kontuan hartu behar da frogatuta dagoela hirietako berdeguneek herritarren osasun fisikoa eta mentala hobetzen dutela, eta, beraz, funtsezkoak direla gizarte-ongizatea sustatzeko.
Irizpide orokorren proposamena
Parke eta lorategietako biodibertsitatea kontserbatzeko kudeaketa bereiziari buruzko gomendioak bildu eta laburbiltzen ditu gida honek.
Olatz Aizpuruak, Aranzadiko biologo eta gidaren egilekideak, adierazi du «kudeatzeko modu bat espazioak erabileraren arabera zonifikatzea dela. Hiri-parke handi bat kudeatzeko orduan, esku-hartze ezberdinak egon daitezke: alde batetik, esku-hartze estua eta tradizionala, non, adibidez, maiz mozten den soropil-eremu bat dagoen eta lore apaingarriak landatzen diren; eta, bestetik, kudeaketarik gabeko esku-hartzea, baso-egitura natural bat birsortzeko».
Donostian badira parke eta lorategi batzuk, non mantentze-lan bereizi horiek egiten diren. Helburua da kudeaketa bereizi hori pixkanaka Donostia osora zabaltzea. Horretarako, beharrezkoa da parke eta lorategien kudeaketaz arduratzen diren teknikarien etengabeko prestakuntza egitea, eta aldi berean, herritarrak sentsibilizatzea. Gakoa da oreka aurkitzea herritarrek Donostiako parke eta lorategietatik espero dutenaren eta parkearen oreka naturalaren artean.
«Parkeek, lorategiek, zuhaiztiek eta plaza eta kaleetako berdegune txikiek elikagaiak eta babeslekuak eskaintzen dizkiete fauna- eta flora-espezie askori. Eremu horiek modu egokian kudeatzea funtsezkoa da hiri-biodibertsitatea kontserbatzeko eta sustatzeko. Adibidez, soropila moztuta duen parke-partzela batek ahalmen txikiagoa izango du landare-, intsektu- eta bestelako ornogabe- eta hegazti-espezie ugari hartzeko, soropil hori bera gutxiagotan mozten bada eta landaredia hazten eta zikloa osatzen uzten bada baino». Adierazi du Aizpuruak aurkezpenean.
Hiriko berdeguneen kudeaketak, biodibertsitatearen ikuspegitik planteatuta, handitu egingo du hiri-eremuen erresilientzia klima-aldaketaren aurrean, eta hiriguneak iragazkorragoak izango dira faunaren eta floraren presentziarekiko, eta gizarte-ongizateko maila handiagoak ekarriko ditu.
Fitosanitarioak erabiltzeak (intsektizidak, fungizidak, herbizidak) zuzeneko ondorioak ditu biodibertsitatean. Horregatik, gida honetan proposatzen da Donostiako berdeguneak kudeatzeko orduan produktu biozidarik ez erabiltzea, eta intsektiziden ordezko aukera biologikoak sustatzea.
Izurriteak naturaren beraren parte dira, baina azken aldian, garraioaren, globalizazioaren, biodibertsitatearen krisiaren eta klima-aldaketaren ondorioz, areagotu egin dira. Gida honetan gomendatzen da izurriteen kontrolatzaile biologikoak sustatzea, hain zuzen ere fauna osagarriaren bidez, hala nola hegaztiak, saguzarrak…
Inausketa «masiboek» (zuhaitzean adarrik ia uzten ez dutenak) zuhaitzen ahalmena murrizten dute eta beren adarren artean hazi eta babesten diren espezieei itzala zein aterpea emateko, eta horrek murriztu egiten du hiriguneek klima-aldaketaren aurrean erresilientzia izateko duten gaitasuna.
Flora autoktonoko espezieen landaketa sustatzea funtsezkoa da gure parke eta lorategietako biodibertsitatea areagotzeko. Beraz, espezie inbaditzaileak landatzeari uztea proposatzen da, eta landare-espezie aloktonoak pixkanaka espezie autoktonoekin ordezteko plan bat egitea.
Kudeaketa-irizpideen proposamena
Gida honetan gomendatzen da zuhaitz-azalera handitzea, Donostiako zuhaitzen zahartze-prozesu naturala ahal den neurrian errespetatzea; egur hila eta orbela parkeetatik sistematikoki ez kentzea, ekosistemetan funtsezko eginkizuna dutelako; edo zuhaitzak dauden berdeguneetan habia-kutxen erabilera orokortzea, hegaztientzako eta saguzarrentzako babesleku izan daitezen.
Gainera, beste parke eta lorategiekin batera bestelako elementu interesgarri batzuk ere egotea gomendatzen da, hala nola hiri-hormak, putzuak eta hezeguneak, eta parke eta lorategien erabilera biodibertsitatearen kontserbazioarekin bateragarriak diren jarduerekin mantentzearen garrantzia ere azpimarratzen da.