Donostiako Udaleko Osasun Zerbitzuak hirian kaioen populazioa kontrolatzeko neurriak hartzeko duen asmoari buruz Aranzadi Zientzia Elkartearen oharra

Ornitologia

Osteguna, 2019eko irailaren 5a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Donostiako Udalak kaioak kontrolatzeko neurriak gauzatzeko aukerari buruz mintzatu da eta Aranzadi Zientzia Elkarteak azalpen hauei erantzun nahi die:

    1. Gipuzkoako kaio populazioa egonkortuta dago eta ez da hazi; alderantziz, gainbehera antzeman da azken urteotan. Testuinguru horretan, ezin da esan orain 5 edo 10 urte baino kaio gehiago dagoenik.

    1. Kaioak animalia oportunistak dira eta gizakiak sortzen dituen hondakin organikoez elikatzera moldatu dira kasu batzuetan: zabortegietan dagoen zaborra, arrantza-bazterkinak, hirian bertan sortzen diren janari-hondarrak, etab.

    1. Zabortegien itxieraren aurrean, hegazti hauen elikatzeko estrategiak egokitu dira. Honela, zenbait ale (populazioaren gutxiengo bat) hirian elikagaiak bilatzen ikasi dute, hondartzan esaterako.

    1. Hondartzetan kaioak egotea ez da harritzekoa, batez ere udan, hondartza hauetako erabiltzaileek janari kopuru handia uzten dutelako, ezustekoan edo nahita (kaioei jaten ematen duten pertsonak badaude).

    1. Hondartzetan kaiorik egon ez dadin erabiltzaileak informatu, kontzientziatu eta beraien erantzukizuna azpimarratu behar da, adibidez kaio horiek ez elikatzeko neurriak sustatuz. Era berean, beharrezkoa da hondartzetan erabiltzaileen eskura jartzen diren paperontziak ondo diseinatuta egotea, animalia hauek bertaratu ez daitezen.

    1. Hondartzetan edo beste hiri-inguruneetan aleak harrapatzeko eta hiltzeko aukerak ez luke eragin nabarmenik izango epe luzera. Kaio batzuk ezabatu eta berriek ordezkatuko lukete. Gainera, ez dugu ahaztu behar euskal kostaldea lehen mailako migrazio-korridorea dela. Gure hondartzak udan izaten dituzten hegaztietako asko ez dira tokikoak, baizik eta hirian egun edo ordu gutxi batzuk ematen dituzte. Ezinezkoa da migrazio-fluxu hori guztia kontrolatu ale solte batzuk harrapatuz.

    1. Hazkuntza kolonietan esku hartzea guztiz desegokia litzateke. Beste eremu batzuetan antzeko esperientziak izan dira eta naturalki hazten diren eremu horiek ezabatzerakoan hiriguneetara hurbildu dira hegazti hauek, eragozpenak eta gatazka soziala sortuz. Era berean, kaioen erreprodukzioa eteten saiatuko balira ale gazteen produktibitatea eta biziraupena handitzeko arriskua legoke (berariazko konpetentzia artifiziala kenduta), neurri honen eraginkortasuna mugatuz.

Azkenik, Aranzadi Zientzia Elkarteak, espezie honen edo beste animalia basatien gaineko neurriak baloratzerakoan adituen eta beste administrazio batzuen iritzia kontuan hartzeko deia egin nahi du.