Donostian hegazti habiagileen 91 espezie daude

Ornitologia

Astelehena, 2021eko urriaren 25a — CEST

Irakurketa: 4 minutu

Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak adierazi duenez, “Donostian hegazti-espezie ugari daude, eta beharrezkoa da horiek babestea eta ezagutzea. Ornitologia-aberastasun hori zabaltzea funtsezkoa da, ez bakarrik herritarrek zer espezie mota ditugun jakin dezaten, baizik eta baita espezie horiek zaintzeko eta babesteko beharraz kontzientziatzeko ere. Horixe da Aranzadiren lan osatu honek dakarren balio erantsia”.

Garmendiak, Atlasaren aurkezpenean, lagun izan ditu Juan Arizaga Aranzadiko Ornitologia Sailaren zuzendaria eta Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusia.

Monografia honekin, lau urtean egindako lan bat ondu da, udalerrian aurrekaririk ez duena: landa-prospekzio sakon bat egin da, eta, ondoren, datuak aztertzeko eta idazteko lan zehatz bat. “Donostian orain arte biodibertsitatearen arloan egin den lan zientifiko zehatz eta handinahiena da. Inoiz ez da lortu halako ezagutza zabal eta zehatza fauna edo flora ez den beste talde biologikoei buruz. Bartzelona izan ezik, estatuan ez dago beste hiririk orain aurkezten ari garen hau bezalako atlas ornitologikorik duenik”, Arizagak adierazi duenez.

Atlasa Aranzadi Zientzia Elkartearen ekimen gisa sortu zen, baina une horretantxe ulertu zen zabalik egon behar zuela udalerrian ornitologiaren eta ingurumen-hezkuntzaren arloan erantzukizuna eta ezagutza duten erakunde eta pertsonentzat. Testuinguru horretan, proiektua kudeatzeko taldea 2017an eratu zen, Udalak (Osasun eta Ingurumen atalaren bitartez) eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sinatutako hitzarmenaren bidez. Horrez gain, taldean sartu ziren honako hauek ere: Ugatza Ornitologia Elkartea (SOU), Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO-Donostia), Itsas Enara Ornitologi Elkartea (IEOE), Club Vasco de Camping (CVC) eta Cristina-Enea Fundazioa (FCE).

Gainera, ikastaroak egin ziren Intxaurrondo, Okendo, Altza eta Aiete kultur etxeetan, bai eta Aranzadiren egoitzan ere, herritarrei udalerriko hegazti-espezieak identifikatzeko prestakuntza emateko.

Hegaztien errolda egiteko, 500 × 500 m-ko gelaxkak zituen lauki bat prestatu zen, eta, horren ondorioz, 329 gelaxka sortu ziren hirian. Atlasak 2016tik 2020ra bitartean (5 urte) bildutako aipuak jasotzen ditu, baina landa-lan gehiena 2017tik 2018ra egin zen. Datuak ugaltze-garaian jaso ziren, batez ere espezie gehienen ugalketa-garaiarekin bat datozen hilabeteetan: apirilaren 15etik ekainaren 15era. Espezie edo espezie-talde batzuen kasuan, tarte hori beste hilabete batzuetara zabaldu zen, goian aipatutako aldiaren aurretik zein ondoren, landa-lana espezie bakoitza gehien detektatzen den garaira edo ugaltze hilabeteetara egokitzeko.

Guztira, hegazti habiagileen 91 espezie hauteman dira. Nabarmentzeko modukoa da zifra hori, Gipuzkoa guztian 125 espezie inguru baitaude. 91 espezie horietatik, 15 Europako espezie mehatxatuen edo kontserbaziorako espezie lehenetsien zerrendetan agertzen dira. Espezie mehatxatuenen artean, aipatzekoak dira miru gorria, ubarroi mottoduna, txirritxo txikia eta uhalde-enara. Bestalde, espezie batzuk, hala nola antzandobi arrunta eta landa-txolarrea (azken horren senide hurbila da etxe-txolarrea, hura baino ezagunagoa), oso urriak dira udalerrian, eta, gainera, atzeranzko joera dute Euskadin, landazabal atlantiko tradizionalaren eraldaketaren ondorioz.

Udalerriko espezierik ohikoena etxe-txolarrea da: 28.000 ale daudela zenbatesten da. Horren atzetik, zozo arrunta eta txantxangorri europarra ageri dira (10.000 ale bakoitzeko). Askoz atzerago, badira beste espezie batzuk ere, parke eta lorategietan oso ohikoak, hala nola kaskabeltz handia (3.000 ale inguru daudela zenbatesten da).

Beste muturrean, espezie urrienak daude. Espezie handiak dira, hala nola kaio beltz atlantikoa eta miru gorria, eta horietatik bikote bakarra detektatu da. Gaueko harraparietatik, mozolo europarretik zehazki, bikote bakarra hauteman da. Beste batzuek, hala nola urobi euroasiarrak, 130 ere lurralde izan ditzakete udalerrian.

Atlasak balio handia du, ez soilik arlo zientifikoan, baizik eta baita kudeatzaileentzat baliagarria delako ere; izan ere, horri esker, gure hegaztiak kontserbatzeko balio handiena duten udalerriko eremuak identifikatu ditzakegu. Gainera, informazioa nahiko modu dibulgatzailean aurkeztu da, eta, beraz, atlasa erakargarria da publiko zabalarentzat, hiriko eta inguruko natura-ondare aberatsa zuzenean ezagutu ahal izateko.

Liburua marrazki errealistekin irudikatuta dago. Marrazki horiek lan honetarako sortu dira, hondoan udalerriko toki bat irudikatzen dela. Aranzadiren webgunearen bidez (online salmenta) edo liburu-dendetan eros daiteke.