Aranzadiko arkeologoen ikerketak orain dela 25.000 urteko ehiztari biltzaileak Donostian bizi zirela egiaztatu du

Arkeologia

Astelehena, 2014eko ekainaren 23a — CEST

Irakurketa: 1 minutu

“Journal of Anthropological Research” aldizkari estatubatuar ospetsuak Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek idatzitako artikulua publikatu du, azken sei urteotan Ametzagainan (Donostia) dagoen gravettiar egonlekuan egin diren ikerketen emaitzak jasotzen dituena.

Duela 25.000 urte inguru, Ametzagainako muinoan ehiztari-biltzaile taldeek okupazio gunetzat hartu zuten, Donostiako eremuan egun ezagutzen den lehen giza establezimendua izanik. Kokalekuan aurkitutako industria litikoaren ezaugarriak abiapuntutzat hartuz (bereziki silex-a ikertzerakoan), giza talde nomada hauen lurralde ekonomikoa zein izan litekeen sakonki azaltzen du artikulu zientifiko honek. Gizaki hauek bereziki Iparraldean aurkitzen diren afloramenduetako lehengaiak gustuko zituzten, nahiz eta haien hornitze-eremua Urbasa eta Uribe-Kostaraino iritsi. Aranzadiko bazkide den Francisco Barriok aurkitu zuen 2005.urtean aztarnategia.