Scientist Stories
Aranzadiko emakumeak: Oihane Mendizabal Sandonís
Oihane Mendizabal Sandonís gaur egun Arkeologia Historikoaren Departamentua bikain bultzatzen ari den zientzialari gazteetako bat da.
Aranzadirekin 2011ko udan izan zuen lehen harremana, Amaiurko gaztelua (Baztan, Nafarroa) induskatzen ari zirela. Horri esker, arkeologia barrutik ikusi eta ezagutu ahal izan zuen.
Aukera horri esker, arkeologiarekin eta, oro har, ondarearekin lotutako gaietan gero eta gehiago sartu zen. 2017an, Pirinioetako Erromatar Galtzadaren ertzean kokatutako enklabeetan koordinatzaile lanetan hasteko aukera izan zuen. Orduan hasi zen lurralde honetako erromatar garaian espezializatzen eta gaur egun gai hori ardatz duen doktorego tesi bat bukatzear dago.
Pirinioetako erromatar galtzadaren proiektuaren koordinatzaile gisa eta Zalduako (Auritz, Nafarroa) eta Artziko (Artzibar,
Nafarroa) aztarnategi arkeologikoetako zuzendari gisa, askotariko lanak egiten ditu: baimenak eskatu, finantzazioa topatu, udako kanpainak antolatu eta koordinatu, indusketa lanak zuzendu, txostenak egin eta ateratako materialaren ikerketan jarduten da. Gainera, erromatar garaiko kronologiako aztarnak dituzten Aranzadiko beste guneetan ere lagundu izan ohi du.
Martxoak 8ri buruz galdetuta, hau dio “Urte hauetan guztietan Aranzadiren barnean jende asko ezagutu eta lan egin dut, belaunaldi eta giro oso desberdinetatik etorriak kasu askotan. Hala ere, beti topatu dut errespetuzko tratu bat bulego zein landa lanetako jardunetan, eta oraindik landu beharreko arlo asko baldin badaude ere, norabide egokian irmo goazela iruditzen zait”.
Bere hitzetan “Behin edo behin gertatu izan zait landa lanean ari garenean, batez ere, norbait indusketa eremura hurbildu eta bertako arduraduna ni nintzela ikusterakoan harridura adieraztea. Badirudi oraindik ardura lan batzuetan emakume gazteak lanean ikusteak harritzen duen jendea dagoela, nahiz eta, zorionez, horrelako komentarioak egiten dituztenak gutxiengoa izan ohi diren, babesa eta animoak ematen dituztenekin alderatuta”.