Emakumeen eskubideetan aurrerapausuak ematen

Aranzadi

Asteartea, 2022eko martxoaren 8a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Behin berdintasun plana eginda, Batzordearen ardura izan da plana martxan jartzea. Lehen hiruileko honetan lortu da mugarri garrantzitsu bat erdiestea: Jazarpen Protokoloa. Ezinbestekoa baita lan esparru seguru eta duin bat izatea, eta horretarako, Emakunderen oinarriak erabili eta Aranzadiko errealitatera egokitu da Protokoloa, benetan funtzionala izan dadin. Horrek eragin du, era berean, Aholkularitza Konfidentziala sortzeko lehen pausoak ematea.

Baina ez hori bakarrik, hizkuntzaren eta irudien erabilera ez sexistarako gida ere idatzi da Aranzadiko komunikazio guztietan erabili ahal izateko, hasi sare sozialetatik eta argitalpen zientifikoetaraino. Helburu hori lortzeko hainbat tresna inplementatu dira eta argitalpen zientifikoen berrikusleek euren argitalpen irizpideetan txertatu dituzte.

Berdintasun planeko aurrerapausoez gain, gaurko eguna baliaitu nahi da berdintasunaren aldeko borroka aldarrikatzeko eta ekinean jarraituko dela adierazteko. Horretarako, erakundeko emakumeen argazkia atera da, logo morea jarri da sare sozialetan eta musuko moreak jarri dira eskuragarri. Gainera, gure webgunean, bihartik aurrera eta martxoko asteazken guztietan Aranzadiko emakume erreferenteen berri emango da haien lana balioesteko. Baina ez hori bakarrik, Liburutegiko atalean historia egin zuten zenbait emakumeren aipamenak prestatu dira.

Egun berezi honek hauspotuta orain arteko lanak elkarbanatuko dira Aranzadiko kideen artean, aurrez aurreko saio baten bidez. Egindako lan guztiak, hots, Berdintasun Diagnostikoa, Berdintasun Plana, Jazarpen Protokoloa eta Hizkuntza ez sexista erabiltzeko gida, Aranzadiko Zuzendaritza Batzordean onartu berri dira eta laster erakundeko kideei helaraziko zaizkie.

Funtsean, Aranzadik tinko heltzen dio berdintasunerantz egin beharreko borrokari.

Mallorca, Sevilla, Urdaibai, Bilbo eta Donostiako emakume taldeak