Errenteriako memoria historikoa berreskuratzen
Aranzadi
Asteartea, 2017eko urriaren 17a — CEST
Irakurketa: 4 minutu
Lehen urratsa, pasa den irailaren 13an egin zuen udalak, Niessen Kulturgunean egin zuen aurkezpen ofizialarekin. Gaur heldu da bigarren urratsa, garrantzitsua oso, Oroimenaren Bulegoak gaur zabaldu ditu ateak. Julen Mendoza alkateak aitortu duenez, agian berandu heldu da, “baina ez beranduegi, memoria biziak jarraitzen duelako, gerra bizi zutenak edo haien seme-alabak oraindik bizirik jarraitzen dutelako”.
Xenpelar Etxearen beheko solairuan kokatuta, gaurtik hasi eta azaroaren 16ra arte astearte eta ostegunetan izango da zabalik bulegoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Bertara joaterik ez dutenentzat, berriz, bi helbide elektroniko, eta 943 46 61 42 telefono zenbakia jarri du eskura Aranzadik. Kasu horietan hitzordua egin eta etxera hurbilduko dira elkarrizketak egitera ikerlariak.
Oroimenaren Bulegoak 1936ko gerrak eta lehen frankismoak Errenteria-Oreretan izandako ondorioak ikertuko ditu. Horretarako, hilabetez, gerra zuzenean bizi edo bizi zuten horien seme-alaben testigantzak, haien oroimenak gordetakoa bildu nahi du, liburua egiteko ondoren. Oroimenak gordetakoa, paperean islatu. Egia ezagutu eta hura jaso, aitortza, erreparazioa eta justizia egiteko.
Ikerketak “garrantzi berezia” duela esan du Mendozak, Jose Angel Rodriguez (PSE-EE), Jon Collar (Errenteria-Irabaziz), Garbiñe Oiarbide (EAJ) eta Aranzadiko ikerlariekin batera egindako agerraldian, “testigantzak jasotzea da helburua, eta horretarako 65 urtetik gorako 9.500 laguni gutuna bidali die etxera udalak, testigantzarik badute bulego honetara hurbildu eta kontatzeko, memoria osatzen laguntzeko”.
Genero ikuspegitik egindako ikerketa
Emakumeek leku berezia izango dute gainera ikerketa horretan, “bi aldiz jaso zutelako haiek errepresioa. Beste edozein herritar bezala, baina baita emakume izateagatik ere , eta zentzu horretan, atal berezia hartuko du emakumeen gaiak ikerketaren barruan”.
Oroimenaren Bulegoan eta ikerketaren inguruan Aranzadiko Javier Buces ikerlaria, Amaia Rodriguez historialaria, eta Olatz Retegi antropologoa arituko dira. Rodriguezek artxibo bidezko dokumentazio bilketa egingo du, eta Retegik berriz, testigantzak jasoko ditu elkarrizketen bidez bulegoan. Izan ere, elkarlanean arituko dira Errenteriako Udala eta Aranzadi elkartea.
Bulegoa zabaltzearekin batera, egitaraua antolatu du udalak hilaren 19tik, azaroaren 16ra arte. Emeek emanaIntxorta 1937 Kultur Elkartearen emakumeen ikuspegiarekin argazki eta kontakizunez osatutako erakusketa, lau hitzaldi eta film emanaldia antolatu dituzte.
Egitaraua
- Hilak 19, osteguna. Lehen frankismoa Euskal Herrian eta Errenterian hitzaldia Iñaki Egañaren eskutik, Xenpelar Etxean 19:00etan.
- Hilak 23, astelehena. Ama, nora goaz? film emanaldia Niessen Kulturguneko auditorioan 19:00etan.
- Hilak 26, osteguna. Cuando las alambradas eran nuevas. los exilios y campos de concentración de la Europa de entre guerras hitzaldia Josu Txuekaren eskutik.
- Hilaren 27tik azaroaren 11ra. Emeek emana erakusketa Merkatuzarren.Astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara (igande eta jaiegunetan itxita). Bisita gidatuak, hilaren 31n 19:00etan euskaraz; eta azaroaren 2an, 19:00etan gazteleraz.
- Azaroak 8, asteazkena. Emakumeen esperientzia kolektiboa eta historikoa berreskuratzen hitzaldia Julia Monge eta Zuriñe Rodriguezen eskutik, Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan 19:00etan.
- Azaroak 16, osteguna. La represion desde la prespectiva de genero hitzaldia, Lourdes Herrastireneskutik, Xenpelar Etxean 19:00etan.