Euskararen Egunean, Segurako ikastolaren sorrerari buruzko liburua aurkeztu du Aranzadik
Aranzadi
Ostirala, 2015eko abenduaren 4a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Segurako San Joan Ikastolaren Sorrera liburuak frankismoan euskararen eta euskal kulturaren aldeko pauso irmoa eman zutenen oroitzapenei bizia ematen die. Gurasoak, laguntzaileak eta bertan hezitako umeak izan ziren egoera ilun hura bide onean jarri eta argitu zutenak. Haien borondateari esker ikastolen mugimendua sustatu eta herriko umeak euskaraz hezi zituzten, debeku guztiak menperatuz.
Oroimen historiko hau berreskuratu ahal izateko, Segurako hamar pertsona lanean ibili dira memoria indibidualetatik narrazio bateratua josteko. Ekainaz geroztik, hamar aldiz bildu dira Segurako kultur etxean, Aranzadiko antropologoa den Olatz Retegirekin hainbat dinamika landu dituztelarik. Bildutako informazio guztia plazaratu eta partekatzeko liburu laburra argitaratzea erabaki zuten.
Esfortzuaren fruitua da liburua, bildutako memoria herri guztira zabaltzea eta herri memoria bihurtzea helburu duena.
KCMEM ekimena
Europako beste herrialdeko erakundeekin batera (Italia, Erresuma Batua, Eslovenia, Polonia eta Zipre), Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskal Herrian KC-MEM proiektua gauzatzeko ardura hartu du. KC-MEM proiektua Segurako herrian gauzatua izan da 10 parte-hartzaileekin. Segurako ikastolaren sorrera izan da proiektua gauzatzeko ardatz nagusia.
Europako bazter ugarietako erakunde talde honek memoria historikoarekin, helduen heziketa ez formalarekin eta komunitate lokalen garapen kulturalarekin lan egiten dute eta proiektuaren bitartez memoria eta lekuko nortasuna heziketaren bidez garatzea helburu izan dute.
Informazio gehiago proiektuaren webgunean.